Arerioak beti arerio

Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren azken filma da 'As bestas'. Tokioko zinema jaialdiko sari nagusia lortu du aste honetan

Olga (Marina Fois) filmeko fotograma batean. BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
As bestas filma da Rodrigo Sorogoyen zuzendariaren azken lana. Azken hiru urteetan telesailetan lanean ibili ondoren, zuzendarimadrildarrak thriller generoa landu du bere film berrian. Galiziako herri txiki batera bizitzera joan den bikote baten istorioa kontatzen du filmak. Antoine eta Olga dira protagonistak, frantsesak dira biak, eta lasai bizitzeko asmoarekin aldatu dute bizitokia eta bizimodua.

Baina aldaketa ez da erraza izango. Herritarrek ez dute bikotea begi onez ikusiko, eta elkarbizitza erabat zailduko diete. Antoinek herritarrak bere alde jartzeko egingo du lan, arrakasta txikiarekin. Bere baratze ekologikoan lanean jarraituko du, zailtasunak zailtasun, eta herriko etxebizitza abandonatuak zeharberritzeari ekingo dio, hirira lanera joandako herritarrak berriro herrira bueltatzeko ahaleginetan.

Filma hiru zatitan banatuta dagoela esan daiteke. Lehen bi herenetan, kontakizunak gizonezkoengan jartzen du begirada; Antoineren eta herrian bizi diren Anta anaien arteko etsaitasunean, hain zuzen; azken herenean, aldiz, emakumeak izango dira protagonista. Olga eta Anta anaien ama izango dira jopuntua atal horretan. Gizonezkoen arteko areriotasuna ikusirik, bi emakumeak liskarrak baretzen saiatuko dira, egoera gehiago okertu ez dadin.

Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean eskaini zuten filma, eta erantzun ona jaso zuen. IkusleekEuropako filmik onenaren saria eman zioten. Tokion (Japonia) ere izan da filma, urriaren 24tik azaroaren 2ra ospatu den nazioarteko zinema jaialdian. Jaialdiko sari nagusia lortu zuen filmak, eta Denis Menochetek —Antoineren rola jokatzen du—, aktorerik onenaren saria.

Maila handia

Aktoreen zerrendan zinema munduan urteetan zehar ibilitako aktoreak daude. Denis Menochetek Antoineren rola jokatzen du. Menochet 2009. urtean Malditos bastardos filmean parte hartzeagatik egin zen ezagunagoa. Film hark makina bat sari lortu zuen. Gerora, Frantzian ekoitzitako pelikula andanatan egin du lan. Marina Fois (Olga) txikitatik hasi zen antzezten, 7 urte besterik ez zuela hasi zen antzerki eskola batean. Komedietan aritzeagatik da ezaguna Frantzian, bai zineman eta bai telesailetan.

Aktore espainiarren artean daude, besteak beste, Luis Zahera eta Diego Anido. Lehenak Goya sari bat lortu zuen 2019. urtean, El reino filmean taldeko aktorerik onena izateagatik. Ustelkeria kasu bat kontatzen zuen film hark.

Sorogoyenek Isabel Peñarekin batera idatzi du As bestas-en gidoia. Ez da lehen aldia zuzendariak eta gidoilariak batera lan egiten dutena. El reino filmean ere aritu ziren elkarlanean, eta orduan gidoirik onenaren Goya eta Feroz sariak lortu zituzten 2019. urtean.

Arcadia Motion Pictures, Caballo Films eta Crono Films ekoiztetxeek ekoitzi dute filma. Gainera,Movistar+, Canal+ eta Cine+ plataformen laguntza izan du filmak, besteak beste.

'AS BESTAS'
Zuzendaria: Rodrigo Sorogoyen.
Aktoreak: Marina Fois, Denis Menochet, Luis Zahera, Diego Anido, Marie Colomb..
Herrialdea: Espainia.
Gidoia: Isabel Peña, Rodrigo Sorogoien.
Iraupena: 137 minutu.
Generoa: Thrillerra.
Estreinaldia: Azaroaren 11n estreinatuko dute Hego Euskal Herriko zinemetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.