Gomendioak

Azpidatziekin ugaritu egiten dira aukerak

Sarean pixka bat arakatuta, uste baino gehiago dira euskaraz ikusten ahal diren filmak. Euskarazko azpidatziak ere jar daitezke

Telmo Esnalek zuzendutako Urte berri on, amona filmeko eszena bat, Filmin plataforman ikus daiteke. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Hainbat dira etxean zinemaz gozatzeko moduak. Joan den astean aipatu genuen han eta hemen bazterturik ditugun DVD zaharrak berreskuratzea dela horietako bat.

Horretaz landa, ez da derrigor plataforma baten leihatilatik pasatu behar film bikainekin gozatu ahal izateko, are gutxiago euskaraz ikusi nahi badira. Horretarako, sareak bestelako bideak eskaintzen ditu; ez da deus berria: historikoki —Interneteko historia laburrean badira jada izendapen horiek jasotzea merezi dutenak— hala egin izan da: partekatzen diren artxiboak bilatu eta geureganatu. Norberak jakinen du zein den hori egiteko nahiago duen moldea.

Behin hori eginda, azpitituluak gehitzea besterik ez da egin behar. Horretan, bada gure txikian erreferentziala bihurtu den ezinbesteko webgunea: Azpitutuluak.eus. Bertan, zinema garaikidearen eta klasikoaren azpidatzien eskaintza aparta dago, norberak gustuko menua nahieran atontzeko.

Ez da batere zaila, eta merezi du. Nolanahi ere, horrelakoetarako gogorik ez duenak jarraian zenbait aukera aurkituko ditu zinemarekin etxean disfrutatzeko.

'Gartxot'
Non ikusi: Liburutegi publikoetako efilm plataforman, Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
2003. urtean komikia argitaratu, eta 2011n ailegatu zen animazio filma, Asisko Urmeneta eta Juanjo Elordiren zuzendaritzapean, Benito Lertxundiren doinuek lagunduta.
Arturo Kanpioni esker, ezaguna da Gartxot bardoaren istorioa: XII. mendeko Nafarroan bizi izan zen, eta Orreagako fraideek Mikelot semea bereganatu nahi izan zuten, haren ahots ederrarekin liluratuta. Asmo horren kontra, basoetara ihes egin zuten, eta bertan gotortu. Hori guztia eta gehiago kontatzen du Euskal Herriko historiaz ikasteko balio duen film eder horrek.

'Hauskor'
Non ikusi: EITB.eus (Zinema Euskaraz).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Zaila da gora ailegatzea, are zailagoa omen da gailurrean mantentzea—edo handik gertu, bederen—. Alde horretatik, Juanma Bajo Ulloaren ibilbidea errepasatzea argigarria da: Airbag komedia ospetsuarekin, alimaleko arrakasta lortu zuen 1997an; hortik aurrera, erabateko ahanztura eta proiektu berriak ateratzeko ezina.
2004an, drama intimista hau egin zuen. Estreinatu zenean, guztiz oharkabean pasatu zen, eta orain bigarren aukera merezi ahal du: Venus pertsona erromantikoa da, eta semearen bila abiatzen denean Davis izeneko aktore bat ezagutuko du.

'Iruzurtia'
Non ikusi: Argia.eus (Multimedia kanala).
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Txundigarria da 2012an estreinatu zen dokumental britainiar hau, Bart Laytonek zuzendu zuena. Benetako gertaera batean oinarriturik, fikziozko thriller baten itxura du, eta hainbatetan ikusleak duda eginen du dokumental faltsu baten aurrean ote dagoen.
1994. urtean, Nicholas Barclay 13 urteko gaztetxo estatubatuarra desagertu zen, inolako arrastorik utzi gabe. Hiru urte geroago, haren familiak berri pozgarria jasoko du: Espainian aurkitu dute, onik. Hasierako poza igarota, dudak sortuko dira: pertsona hori benetan haren semea al da?

'The Irishman'
Non ikusi: Netflix.
Hizkuntza: Ez da euskaraz ikusgai.
Zeresan handia eman zuen Martin Scorseseren azken filmak: deabruari arima saldu ziola plataforma batean estreinatzean; bere maisulanik handiena zela; betiko giroan eta pertsonaietan kateatua zela...
Antza denez, jende gutxik ikusi du filma osorik. Hala diote, bederen, zabaldu dituzten estatistika urriek; nonbait luzeegia da garai hauetarako, etxeko zineman ez omen da pazientziarik film bat hasi eta buka ikusteko. Horiek horrela, behartutako etxeratze honetan ez da aitzakiarik Frank Sheeran eta enparauen gorabehera ilunekin asebetetzeko eguna.

'Urte berri on, amona'
Non ikusi: Filmin.
Hizkuntza: Euskaraz ikusgai.
Euskal zinemaren loraldi berriaren historia laburrean, ezinbestean goraipatu beharrekoa da Telmo Esnalek 2011n zuzendu zuen komedia beltz-beltz hau. Aitzitik, ez zuen bere garaikideetako batzuek izan zuten aitortza eta arrakasta izan, eta zertxobait itzalpean gelditu da film bikain hau.
Mari amonaren ardura duen senar-emazteak dira Maritxu eta Joxemari. Baina azken hori nazkatuta dago amonarekin, eta zahar etxe batean sartzea da haren amets bakarra. Baina, hori lortzear dagoela, gauzak zeharo okertuko zaizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.