Turisten pultsuari eutsiz

Bisitarien hazkundea eta osasun larrialdia kontrolatzeko neurriekin ireki dute berriro Gaztelugatxe. Hala ere, tokiak eutsi egin dio turisten artean duen arrakastari.

Ilarak sortu dira Gaztelugatxeko informazio bulegoan. L. J. / FOKU.
Peru Azpillaga Diez.
Bermeo
2020ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Erreserbarik baduzue? Galdera sinple bezain zorigaiztokoarekin egin dute topo bisitariek, Gaztelugatxera (Bermeo, Bizkaia) heltzeko asmoz Urizarretako sarrerara bertaratu direnean. Bertan dauden langileek bisitari orori, heldu bezain pronto, egin diote galdera, eta dezente izan dira «normaltasun berrira» egokitzeko ezarritako neurri berriek ezustean harrapatu dituztenak. Hala, laster sortu da ilara sarrera baino gorago tiketak eskuratzeko dagoen informazio bulegoan. Izan ere, osasun larrialdiak sortutako egoera berriak ez baititu kikildu Euskal Herritik zein atzerritik heldutako dozenaka bisitariak.

Urizarreko sarreran mota guztietako hizkuntza eta doinuak aditu daitezke. Hori da orain sarbide bakarra. Lehen bisitariak handik eta Ermutik heldu zitezkeen Gaztelugatxeko ermitaraino, baina aurten, jendea ez pilatzeko, norabide bakarreko ibilbidea ezarri dute: Urizarren dago sarrera, eta Ermuan irteera.

Bisitarien kopurua kudeatzen lanean dabil Pilar Silva. Euskal Herriko bisitariak egon direla baieztatu du, baina Espainiatik eta Frantziatik joandako turistak dira momentuan nagusi. «Aurten bisitariek erreserbarekin etorri behar dute», azaldu du. Lehenengo eguna izanik, zalantza da nagusi sarreran. Nahasmena nabari da, eta langileak saiatzen ari dira aldez aurretik informatu gabe joan diren pertsonei neurri berriak ulertarazten. «Saiatzen ari gara jendeari azaltzen zergatik egiten dugun hau; gehienek ondo hartzen dute, baina badira ere haserretu egiten direnak», esan du Silvak. «Gasteiztik etorri gara soilik Gaztelugatxe ikusi ahal izateko, eta esan digute 14:30 arte ezin garela sartu», asaldatuta geratu da sarrerara joan, eta aldez aurretiko tiketa ez izateagatik atzera egin behar izan duen neska talde bat.

Hori bai, bisitarien gehiengoa etxeko lanak eginda heldu da, eta behin haien ordua helduta, ez dute bisita egiteko arazorik izan. Antonio Bagan, esaterako, Valentziatik joan da familiarekin. Aldez aurretik ezagutzen zuen tokia, eta «liluragarria» iruditu zitzaion. Horregatik, familiari erakusteko joan da. Antzekoa da, Hondarribitik (Gipuzkoa) familiarekin joan den Idoia Arzaken kasua. Mundakako kanpinean daude egun batzuk igarotzen, eta semeei Gaztelugatxe ezagutarazteko helburuarekin bertaratu dira.

Familiez gain, ikasleak ere joan dira. Cristina Kallage alemaniarrak, adibidez, urte osoa darama Euskal Herrian ikasten, eta ez du Gaztelugatxe ikusteko aukera galdu nahi izan. Bidean berandutu, eta haien txanda ozta-ozta galdu ez duten bisitariak ere izan dira. «Obrekin eta jarri dituzten semaforoekin ezin izan gara lehenago heldu», desenkusatu dira sarrerako langileen errieta adituta.

Neurri bereziak

Azken urteetan, turismoaren gorakadaren ondorioz, izugarrizko hazkundea izan du Gaztelugatxek, eta, horregatik, 2018az geroztik, pertsona kopurua kontrolatzeko neurriak hartu zituen Bizkaiko Diputazioak: Urizarretan eta Ermuan sarrera guneak jarri, erreserba edota tiket bidezko sarrerak ezarri, ermita inguruko gehienezko edukiera zehaztu eta aparkalekuak eraiki.

Aurten, ordea, osasun larrialdira egokitzeko hainbat neurri gehitu ditu diputazioak. Jende kopurua mugatu du: egunean gehienez 960 pertsona joan daitezke Gaztelugatxera. 10:00etatik 18:30era arte dago bisitak egiteko aukera, baina, jendetza ez biltzeko, 48 pertsonako txandak antolatu dituzte, hamabost etaberrogei minutuan behin abiatzen direnak; betiere, aldez aurretik tiketa eskuratu baldin badute. Era horretan, gainera, ermitaren inguruetan ezarritako 96 pertsonako gehienezko edukiera errespetatu egingo da momentu oro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.