Sanferminik ez Iruñean

Metxa busti egin da

Bigarren urtez, ez dute sanferminik antolatu Iruñean, COVID-19ak eragindako egoeraren ondorioz. Iruindar askok hamaiketakoak egin dituzte ostatuetan eta etxean, baina Alde Zaharreko giroa apala izan da. Zapia paratu dute lepoan herritar askok, baina ez da txupinazorik izan.

Bi lagun garagardoa hartzen, atzean foruzainak dituztela, Udaletxe plazan, atzo. J. MANTEROLA / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2021eko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Euria ari zuen. Iruñeko karrikak bustita ziren atzo goizean, eta, batez ere, lasai. Uztailaren 6a zen, baina ez zen txupinazorik Nafarroako hiriburuan. Zuri-gorri jantzi ziren batzuk; beste asko ez. Bazen zerbait zuria edo zerbait gorria jantzi zuenik ere, erdizka, besta ere hala izanen zela iragarriz-edo. Karriketan, polizia anitz, jendea kikilduko zutelakoan agian. Udaletxe plazan, edukiera mugatua, ostatu barnealdeetan bezala. Eguerdian suziriak lehertu ziren, baina ez han. Aurten ezin izan dute enegarrenez esan besta lehertu denik Iruñean, metxa egin busti baita.



Eguerdirako hogei minutu faltan itxi zuten Udaletxe plazako sarbidea poliziek, jende kopuruagatik. Nekane Enarezek, Olaia Igoak, Karmentxu Aierrak eta Irantzu Rosek lortu zuten sartzea. Zapia goratu zuten bost minuturen faltan. Inguruan zirenek berdin egin zuten. Denak ziren balkoi hutsari so, edozein unetan norbait atera eta suziri bat botako zuelako esperantzan. Ez zen hala izan. Pun! 12:00etan puntuan lehertu zen lehenbiziko suziria plazatik metro batzuetara. Pun! Pun! Pun! Auzoetatik ere suzirien burrunba heldu zen. Zapia lepoan lotu, eta jendeak alde egin zuen plazatik. Ez zen giro.

«Txupinazo txiki bat egin delako etorri gara plazara. Guk bihotzean daramagu festa», bota zuen Enarezek. «Ni triste nago. Negar egin dut goizean», gehitu zuen Rosek. Zapia lepoan, besta egiteko gogoz ziren gazteak: «Orain, edan, eta kuadrillarekin egongo gara. Hamaiketakoa egin dugu; gero hartuko dugu bokata bat edo zerbait», itxi zuen Aierrak.

Gosaria garrantzitsua izaten da uztailaren 6an, egun osorako indarra bildu behar izaten baita. Aurten presarik gabe aritu ziren kuadrilla gehienak. Normalean, 10:00etarako janaria platerean izaten dute irundarrek, baina atzo asko 11:00etatik aurrera hasi ziren ostatuetan sartzen. Karrikan ez zen mahairik; gehienek terrazak, ostatuen barnealdeak eta etxeak baliatu zituzten.

Maria Eskobar Catachu ostatuaren atarian zegoen kuadrillarekin eguerdirako ordu erdi faltan. «Gure artean festa egingo dugu, baina saiatuko gara joaten jende asko ez dagoen tokira; ez dugu barrualdeetan egon nahi», esan zuen. Kezkaturik ere agertu zen, kutsatze kopurua handia baita Nafarroan. Berehala zuten ostatuan hamaiketakoa hartzera sartzeko ordua; uztailaren 6a ahal bezala gozatu nahi zuten.

Ahal den neurrian, besta

Bestelako giroa zegoen Gazteluko plazan. Terraza batzuetan, ohiko gosariak: urdaiazpikoa, tomatea, arrautzak, patatak... Beste batzuetan kafeak eta xanpain kopak zituzten. Conchi Rodriguez eta bere bi adiskideak jantzi zuri dotoreekin ziren Gazteluko plazan. «Egun berezia da, iaz ezin izan genuelako deus egin. Ez dakit nondik botako duten, baina suziri bat adituko dugu eguerdian», azaldu zuen kafe katilua eskuan. «Hunkiturik nago, eta penaz, ezin delako ongi ospatu. Baina, aizu, xanpain kopa bat har daiteke. Guk gaur inprobisatu egingo dugu, lehen egiten genuen bezala».

Nabarreria plazako ostatuetan ohiko hamaiketakoak zituzten, ezohiko maneran. «Iazko jende bera hartu dugu. Arauak errespetatzen, leihoak zabalik eta edukiera mugatuarekin ari gara», kontatu zuen Amaiur Feliu Mesoneko langileak. Kezkaturik zegoen, eguraldia eta datuek ez ote zuten jendea etxera bilduko. Mahaian eserita zegoen Esteban Martinez, kuadrillarekin: «Besta ezin da egin, baina zerbait bai. Urtero egiten dugu gosaria, eta ase gara egin dugulako. Pozik eta gustura nago lagunekin, eta gero botako ditugu irrintziak eta kanta batzuk». Bestaren metxa behar bezala pizterik ez zen izan, baina alde onari so egin zioten gehienek, ahal zena eginez gozatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.