Adimenaren zirrimarrak

Adierazteko modu bat, barruaren eta kanpoaren arteko zubia, eta akuilua: horixe da marrazketa artistarentzat. Iosu Lasak trazu horiekin margotzen du bere jarduna, eta buruko eritasunen inguruko estigmak apurtzen lagundu.

JON URBE / FOKU.
enekoitz telleria sarriegi
Beasain
2021eko urriaren 30a
00:00
Entzun
Aldatu ordena, eta fokua. Pertsona dator lehenengo, eta eritasuna gero. Artista dago abiapuntuan, eta estigmarik eza helmugan. Terapia bat artearen bidez zirrimarratua, eta ahalduntzearen bidez marraztua. Alegia, nola laguntzen duen arteak buruko gaixotasunak dituztenen egunerokoan, baina ordena aldatuta, eta fokua: pertsona lehenengo jarrita, eta eritasuna gero.

«Sentsazioa ematen dit zerbaitetarako balio dudala, eta horrek asko betetzen nau». Iosu Lasa artistarenak dira hitzak, eta Iosu Lasa pertsonarenak bizipenak. Barruaren eta kanpoaren arteko zubia, ahalduntzea, onarpena, nortasuna, konfiantza... marrazketaren bidez lortuta. Irudi polimorfoz osatutako iruditeria bat, xehetasunez jositako bestiario bat, naif kutsukoa, fantasiazkoa, eta onirikoa. Halaxe definitu dute haren lana. Iosu Lasa artistaren lana. Eta badaramatza dozena erdi erakusketa eginak. Tolosako (Gipuzkoa) Lanbroa eta 3Tabernan inauguratu ditu bat baino gehiago —irailean azkenekoa—, eta Donostian ere egin zuen beste bat artista gehiagorekin konpartitua. Eguberrietan, Legazpi (Gipuzkoa) jaioterrian inauguratuko du beste bat. «Marrak egiten gozatzen dut, eta ez dakit nora eramango nauten. Trazu bakarrean marrazten ditut, eta egiten ditudan heinean imajinatzen ditut».

Luma esku artean eta orri zuri bat aurrean duela ari da Lasa hizketan, eta orduantxe egiten diote begiek diz-diz, eta irribarreak bor-bor. Aita Menni ospitalearen Beasaingo (Gipuzkoa) Errehabilitazio Psikosozialeko Zentroko erabiltzailea da, eta bertako kide, lagun eta familiaren beroan ari da bere jardunaren berri ematen. «Nik esan nahi dudana da sekulako pertsona dela Iosu», esan dio kide batek, harekin goxo. «Nik ulertzen ez dudana da trazu bakarrean nola lortzen duen horren gauza ederrak egitea», esan dio beste kide batek harekin harro.

Iosu Lasaren marrazkietako bat. BERRIA

Lasa ez da hutsetik hasitakoa. Txikitatik izan zuen adierazpen artistikorako joera: «Idazle edo margolari izatearekin amesten nuen, artisten bizitzek beti eragin didate, nire kezkengatik, uste dut». Nerabezaroan hasi zen marrazten, bere kabuz, eta Debako (Gipuzkoa) Arte eta Ofizio Eskolan jaso zuen prestakuntza formalagoa: «Grabatu kalkografikoa ikasten ari nintzela, gaixotu egin nintzen».

Buruko gaixotasun bat du Lasak, baina baita laguntza, babesa eta tratamendua ere. Jarraitu egin zuen marrazten: Bilbon, akademia batean aritu zen. Beasainen, Jokin Telleria artistaren eskolak ari da hartzen. «Oroimena dudanetik, etengabe marrazten dut. Marrazteari ez diot sekula utzi».

Zergatik? Zertarako? Nola? Lasaren hausnarketak dira: «betetzen nauela sentitzen dut», «barnean dudana islatzen dut, eta besteekin partekatu», «ondo sentiarazten nau», «menderatzen dudan zerbait da», «burutik pasatzen zaidana kanporatzen dut», «lasai sentitzen naiz marrazten dudanean».

Terapiaren onurak

Artistaren sentipenei trazu teknikoagoa eman diete Vicente Huesok eta Ana Dominguezek. Aita Menni ospitaleko psikologo klinikoak dira biak, eta arte terapiak buruko osasunean dituen onurak nabarmendu dituzte. Aita Menni ospitaleko iraupen luzeko B gunean badute arte terapia programa bat abian. «Eguneroko bizitza eta bizi kalitatea sustatzea da programaren helburua. Oinarrizko beharrak asetzeko laguntza behar duten pertsonak dira. Baina, gainerako pertsonek bezala, beste behar batzuk ere badituzte, hala nola sozializazioa, zentzumenen estimulazioa, denboraren okupazioa, espiritualtasuna eta osasunaren babesa. Arlo horietan programatu eta planifikatzen da jarduera», azaldu du Ana Dominguezek.

Vicente Huesok dio halako programek «lagundu» egiten dutela buruko eritasun arazoak dituztenen «errekuperazioan». Hainbat alderdi nabarmendu dituzte: emozioen adierazpena, arazoen konponbidea, norberaren ezagutza, nahia, autonomia, bizimodua, onarpena, nortasuna, konfiantza, autoestimua, ahalduntzea... «Gaixotasunaren adierazpen muturrekoenek kontrolaren pertzepzioa aldatzen dute, eta kontrola galdu izanaren sentsazioa sortu. Arteari buruzko jardueretan parte hartzeak kontrol pertzepzio hori berreskuratzen laguntzen du. Era berean, pertsonak ahaldundu egiten dira, obrak sortzeko prozesua aukeratu dezaketelako. Horrek lagundu egiten du kontrol sentsazio hori bizitzako beste arlo batzuetara zabaltzen, eta hori funtsezkoa da», azpimarratu du Dominguezek.

«Helburu nagusiak estimulazioa eta gozamena dira. Estimulazioa zentzu zabal batean; sormen eta arte jarduerak mesede egiten dio jarduera mentalari, baita motrizitateari ere», nabarmendu dute Aita Menniko psikologoek. Diotenez, finean, adierazpen artistiko horrek garapen pertsonala errazten du, maila emozionalean, kognitiboan eta sozialean: «Artearen botereak besteei eragiteko aukera ematen du; izan ere, besteek norberaren lanaz gozatzea atsegina eta esanguratsua da, eta gizarteari egiten dioten ekarpenaren balioa handitzen du. Era berean, artea gai garrantzitsuak komunikatzeko bide egokia da, eta modu ez-mehatxagarrian egiten da».

Izan ere, badira oraindik hainbat estigma buruko gaixotasunak dituztenen inguruan. Eta Huesok aldarrikatu du halako jarduerak baliagarriak direla gaixo horienganako begirada aldatzeko, fokua tokiz eta ordenaz mugitzeko, eta estigmak apurtzeko: «Ez dut sekula ahaztuko nola esan zidan gaixo batek behin aurkezpen baten atarian: 'Vicente, esaiezu pertsonak garela'. Pentsa zer pairatuko zuen gaixo hark esaldi horretara iristeko».

Iosu Lasaren hausnarketak bat egiten du psikologoak esan eta haiek bizi dutenarekin: «Osasun mentaleko arazo bat dudanez, nire egoera berean dauden beste pertsona batzuei laguntzea bizigarria dela iruditzen zait. Gizartea buruko gaixotasunen inguruan kontzientziatzen laguntzeak bete egiten nau. Uste dut oraindik estigma handia dagoela buruko gaixotasunen inguruan, eta ikusgaitasuna ematea positiboa da».

Iosu Lasaren beste marrazkietako bat. BERRIA

Miguel Angel, Munch...

Picasso, Van Gogh... horiek dira Iosu Lasaren artista gustukoak: «Ez nuke esango nire erreferenteak direnik; miresten ditudan artistak dira. Nire marrazkiek ez dute haien eragina islatzen. Artista handiagoak dira: beste maila batean daude».

Van Gogh bera, Miguel Angel, Munch, Caravaggio... aipatu izan ditu bere hitzaldietan Egoitz Telletxea historialariak ere. Artea eta buruko gaixotasunak izena zuen haren hitzaldiak, eta Nafarroan barna aritu zen bi horien arteko loturak azaltzen. Anasaps Buru Osasunaren Nafarroako Elkarteko kidea zen orduan. «Familian baditut buruko gaixotasunen bat duten senitarteko dezente», adierazi du Telletxeak.

Albiste bat izan zen guztiaren abiapuntua. Fokua okerreko tokian jarritakoa eta estigmak bete-betean harrapatutakoa: «Esaten zuen eskizofreniko batek bere amari burua moztu ziola eta harekin pasieran ibili zela Valentzian. Nire baitan pentsatu nuen zeinen injustua zen hori: jendeak pentsatuko zuela eskizofreniko guztiak horrelakoak direla eta aldiko horrelakoak egiten dituztela».

Vicente Hueso psikologoak badu horrelakoei buruzko iritzia: «Alderantziz egiten da beti. Hasten dute albistea gaixotasunetik, eta beste guztia ematen da ondoren. Injustua da, eta horren kontra borrokatu behar dugu».

Telletxeari bururatu zitzaion artista ezagunen lanak hartzea eta jendaurrean aztertzea: «Agerian uztea jenio batzuk zirela, eta buruko gaixotasunak zituztela. Jendeak ez daki, esaterako, Munchek eskizofrenia zeukanik. Haren Garrasia ezagutzen dute, baina gaixotasuna, ez. Gaixotasun horiei beldurra galdu eta normalizatzeko bide bat zen nik proposatu nuena, eta lortzen nuen».

Telletxeak argi dauka: «Gaur egun, oraindik, edozeinek esaten du fisioterapeutarengana doala, baina ez psikologoarengana doala, edo buruko gaixotasun bat duela. Sekulako estigma dago».

Esaldi hura dator ozen gogora: «Esaiezu pertsonak garela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.