Donostiako 70. Zinemaldia. KRITIKA. Zabaltegi-Tabakalera

Onartutako arriskua

Uxue Arzelus Lasa.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun

'Diarios'

Zuzendaria: Andres Di Tella. Herrialdea: Argentina.

Zaila egiten zait Zabaltegi saileko filmei buruz hitz egitea. «Zer ikusi duzu?», «Gomendatzen didazu?», «Zeri buruz doa?».

Ez da erraza galdera horiei erantzuten. Izan ere, sinopsi huts bat egiten badut, ez dut uste filma ikustearen esperientzia ondo azalduko dudanik: Andres di Tella zuzendari argentinarraren eguneroko filmatuak ikusi ditut. Batzuk berak grabaturiko irudiak dira; beste batzuk, artxiboetatik hartutakoak. Batzuk eguneroko uneak dira; beste batzuk, historiako momentuak, kantak eta hausnarketak. Ez da formatu berritzaile bat, edo bereziki harrituko gaituen kontakizuna, baina areto ilun batean 200 bat pertsona uso batek leihoarekin egindako talka dela eta utzi duen arrastoari begira egoteak ematen dio bizipen kolektibo horri nolabaiteko pisua.

Beste irudi batzuen artean, 90 minutuz zinemagileak hautatutako bizitza pasarteen ikusle izango gara, eta, ohiko uneak izan arren, batzuetan horren dira intimoak lekuko izateaz lotsatuko baikara. Horrela, Di Tellaren semearen urtebetetzean egongo gara, Luis Ospina zuzendari kolonbiarrarekin hitz egingo dugu, eta argentinarrak ametsak oroitzen ez zituen garaiaz hitz egingo digu. Ez dira momentu arrotz edo ikusgarriak, mila bider ikusi ditugu, baina Andresen bizitzaren zatitxo bat begiratzeko aukera ematen digute, eta haien ohikotasunean pertsonalenak direla iruditzen zait, baita kontakizunari indarra ematen diotenak ere.

Gomendatuko nukeen? Ez dut uste film bakar bat bera ere dagoenik ezagutzen dudan pertsona orori gomendatuko niokeenik. Musikalen bat beharbada, baina hori beste kontu bat da. Filmak gomendatzea oso gauza pertsonala da, eta burura datozkit bost, hamar, hogei pertsona Diarios filmarekin gozatuko ez luketenak; Tabakalerako zinema aretotik ere ikusle ugari atera dira saioa amaitu baino lehen.

Film batzuekin eskaintzen dizuten esperientzia bizitzera irekita egon behar da; Zabaltegi sailarekin hori dut beti buruan. Gaurkoan ordu eta erdiz pertsonalki ezagutzen ez dudan gizon batek aukeraturiko pasarteak ikustera irekita nengoen, eta gozatu dudala esan dezaket. Beste zenbaitetan ez da horrela izaten, baina arrisku horrek ere badu bere grazia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.