Olerkiak programatzea

'Kode poesia' deritzo programazio lengoaian idatzitako olerki motari. Aplikazioak egiteko lengoaia olerkiak ontzeko erabiltzen hasi dira. Euskaraz ere badaude, Puntueus fundazioaren egitasmo bati esker.

Kode poesiaren antologiak jasotzen dituzten olerkietako bat. PUNTUEUS FUNDAZIOA.
amaia igartua aristondo
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Literatur generoetatik esperimentalena izatearen sona du poesiak. Poetek nahieran urruntzen dute hizkuntza ohiko helburu komunikatiboetatik, esaldiak bihurrituz edota metrika hautsiz, beste prozedura askoren artean. Trumilka izan dira molde poetikoaren abaroan egindako ikerketa formalak, poeta bakoitzeko bana ia. Milaka urte ondoren, harrobia husteko dago oraindik: horren erakusle da programazioa eta poesia uztartzen dituen kode poesia. Hastapenetan dago, baina dagoeneko euskaraz ere topa daiteke, Puntueus fundazioari esker.

Elkarrizketa batetik sortu zen Kode Poesia Laborategia egitasmoa. Kode poesia gaztelaniaz ontzen duen Belen Garcia Nietok diziplinaren nondik norakoak azaltzen zituen, eta euskaraz ere halakorik egin zitekeela otu zitzaien fundaziokoei, Manex Garaio Mendizabal arduradun teknikoak dioenez: «Esperimentatzeko asmoarekin ekin genion egitasmoari, batez ere, erakusteko euskaraz ere egin daitekeela, eta bide horretatik zer egin daitekeen ere ikertzeko». Kode poesiaren abiapuntua argia da: programazio lengoaietako bat hautatu behar da —asko daude, eta edozeinek balio lezake—, eta olerki bat idatzi behar da harekin: «Muga bakarra dago kode poesian: aukeratutako lengoaiaren sintaxia errespetatu behar duzula. Lengoaia bakoitzak bere ezaugarriak ditu, eta modu zehatz batean idatzi behar da».

Hortik aurrera, balizko poetak erronka gehiago jar diezazkioke bere buruari, baina ez du zertan: «Gaiak libreak dira. Olerki bat egiterakoan, batzuek nahi izaten dute kode hori martxan jarri ahal izatea, ordenagailuak ere irakurri ahal izatea». Hori aukera bat da, baita formari lotutako beste hainbat gako klasiko ere: errimatu dezan edo ez, esaterako. Edozelan ere, sorkuntza guztiek izango dute programazio lengoaiak emandako «testuinguru berria»: «Orain arte, programazio lengoaia ez da olerkiak egiteko erabili izan.; programak edo aplikazioak egitera bideratu izan da. Honek bide berri bat ireki du, erakusten duena lengoaia hau poesia egiteko ere erabil daitekeela». Hala, programazio lengoaiak poesian eragiten du, baina orobat aldatzen da hura ere, molde poetikoak orain arte tresna huts gisa funtzionatu izan duen kodeari autoerreferentzialtasuna erantsi baitio: «Lengoaiak zentzua bereganatu du. Jada ez dago bideratuta helburu batzuk lortzera».

Askotariko moldeak eskura

Programazioaren lengoaia arrotz egin diezaioke programatzaile ez den orori, baina ezagututa olerkiak ulertzea «errazagoa» den arren, ez dela kodean «aditua» zertan izan azaldu du Garaio Mendizabalek: «Olerkiaren araberakoa da. Batzuetan ezagutzea ezinbestekoa da, esanahi horiek ematen diotelako osotasuna olerkiari». Izan ere, kodeak hainbat dira, eta batzuek muga gehiago jartzen dizkiete sorkuntzari: «HTMLan, adibidez, beti erabili behar da etiketa bat hasieran eta beste bat bukaeran, derrigorrezkoa da horrela egitea». Beste batzuk, aldiz, «malguagoak» dira: «Zerbait ez hain errepikakorra egiteko aukera ematen dute. Ideiaren arabera, lengoaia bat edo beste hobeto moldatuko da». Erosotasunak ere zerikusia izaten du, ezagutzen dituzten lengoaiak erabili ohi dituztelako kode poesiak sortzeko.

Garaio Mendizabalek ere egin ditu bizpahiru olerki programazio lengoaia erabilita. Horietako bat, Hauteskunde eguna izenekoa, HTLM lengoaian egin du; hots, molde errepikakor batean: «Ideia sinplea transmititu nahi nuen: hauteskunde mahaian daudenez, igande horretan ezin direla mendira joan». Hasieran, ordea, «zaila» suertatu zitzaion olerkiok egitea, nahi zuen hori lortzeko lengoaia nola erabili zitekeen erabaki arte: «Olerki irakurgarriak egiten saiatu naiz. Ez dut hainbeste sakondu kodeak daukan konplexutasunean, ezta exekutatzeko gaitasunean ere».

Lehen ereduak euskaraz

Kode Poesia Laborategia abiatu zutenetik, hamar bat sortzailek bidali dizkiete euren olerkiak. Horiek guztiak antologia batean bildu dituzte Puntueus fundaziokoek, kode poesia euskaraz egiteko dauden «askotariko» moduen isla dena. Bildumaren «aniztasuna» azpimarratu du Garaio Mendizabalek, hainbat molde erabilita «aberastasun interesgarria» erdietsi baitute egileek: «Poesia estilo asko daude: batzuk olerki laburrak dira, baina analisia eskatzen dutenak ulertu ahal izateko; badago programazio lengoaira moldatutako gidoi bat, baita bertso bat ere». Horiek guztiak irakurri ahal dira dagoeneko, antologia eskuragai baitago fundazioaren webgunean, doan.

Proiektua «ikusaraztea» da antologia kaleratu izanaren funtsa, baina «aurrera jarraitzeko» tresna bat ere izateko asmoa dute. Datorren urterako beste antologia bat argitaratzea dute helburu, besteak beste: «Urte hasieran gure artean bildu behar dugu ikusteko zer egin dezakegun aurrerantzean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.