Marisol Larrion. Militante historikoa

«Eskailerako batzordeak dira onenak, bizilagunak ulertzen baitzaitu hobekien»

Barrikadan urte asko eman ditu Larrionek, eta ongi gogoan ditu han bizitakoak. Amnistiaren Aldeko Mugimenduan luzez aritu zen, euskal preso eta iheslariak laguntzen. Orduko borroken osagai bat berreskuratu nahiko luke: parte hartzea.

IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Deikaztelu
2019ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Kementsua eta borrokalaria, halakoa izan da Marisol Larrion (Lizarra, Nafarroa, 1938). Halakoa da oraindik ere, nahiz eta orain kalera ateratzea ez duen erraz. Hamaika istorio ditu kontatzeko, eta iaioa da bata bestearen atzetik harilkatzen. Argazkiak ere saldoka ditu, bizitako une gehienak biltzeraino. Ehoziria maite du, etateknika horrekin egindako koadroek apaintzen dute etxea. Galizian ikasi zuen eskulan horiek egiten. Akusatuen banku bat ere badu, baina ez da bertan eseri bere bizitzari errepasoa emateko, askotan Guardia Zibila tarteko bada ere.

Lizarrako Pasionaria ere deitzen zaituzte. Zergatik?

Liskarretako batean, guardia zibil batek esan zuen: «Jo horren kontra! Pasionariaren alaba!». Zera erantzun nion: «Nahiko nuke ohore hori izan». Jo nintzaten nahi zuen. «Bizirik gerra ematen badut, pentsa hilda», esan nion. Kokoteraino zeuden nirekin.

1936ko gerra bukatzearekin batera sortu zinen. Nola pasatu zenuten gerra ondoa?

Gose handiz, baina imajinazio handiz. Etxeetan oiloak jartzen ziren, edo zernahi. Ikaztegiko berotan txitatzen genituen. Plazan saltzen nituen: ondokoak 40 zentimoan salduz gero, nik 30ean. Denak saltzen nituen.

Imajinazioa, nola?

Lizarratik Gasteizera zihoan trenera joaten ginen. Ez zegoenez azukrerik, bagoi batean sartu, etahan garraiatzen zituzten erremolatxak magalean sartzen genituen. Horrela, hurrengo egunerako kafe gozoa genuen. Eta usteldutako laranjak ibaira botatzen zituztenean, makilekin hartzen genituen. Hori gure kontu; amak ez ninduen horretara bidaltzen. Laranja ustelak lere kantatzen genuen. Lehenbizi, ongi zegoen puska jaten genuen, eta, gero, bestea ere bai. Kar-kar-kar. Bestalde, gereziak, pikuak... kanpoan zen edo zer ebasten ahal bagenuen... Landa guziena da, ezta?

Garai horretan, politikan ez zinen sarturik, ezta?

Ez genekien deus ere, ez zen hitz egiten. Nire aita oso nagusia zelarik hasi zen hitz egiten. Gerran, Pozas jeneralaren gidari bidali zuten. To! Eta hor sortu ninduten ni, nire ama ere eraman baitzuten, heriotza mehatxuak egin zizkiotelako. Amaren anaia bat gerran hil zuten; bestea UGTkoa zen, eta kartzelan sartu zuten.

Ama ere errebeldea, beraz?

Bilbo hartu zutenean, Espainiako bandera paratu behar zuten herritarrek balkoian. Nire amak kartzelan zen anaiaren galtza bat zintzilikatu zuen. EAJkoa zen gure ama. Hitz egin ez arren, hori nolabait jaso dugula uste dut, edo, bestela, odolean daramagu.

Lizarran lehenbizikoetakoa izan zinen galtzak janzten.

Aitak galtza bonbatxoak utzi zizkidan emakumeen zekorketa baterako. Eta, gero, ba, bizikletan ibiltzeko erabiltzen nituen.

Arazorik izan zenuen?

Janzkerarekin ez. Baten batek gona motza ibiltzeagatik komentarioren bat? Baina ez. Erretzeagatik bai, hatzarekin seinalatzen ninduten horregatik. 1970eko hamarkadan, emakumeek ez zuten erretzen, soilik prostitutek. Baina askorik ez didate esan, niri eraso egiten badidate nik eraso egiten baitut. Autodefentsa.

Zerk bultzatzen zintuen galtzak janztera eta erretzera?

Ni etxeko neska izan nintzen hamabost urtez. Jaunartzea egitean, amak zera esan zidan: «Ona zarenez, Jesus haurtxoa bihotzean daramazunez, gauero harrikoa eginen duzu». Etxean egon behar nuen, baina nire anaiek bezalakoa izan nahi nuen: ateratzeko askatasun handiagoa izan. Amari ez diot deus leporatzen, hori ikasi baitzuen. Mutikoa izatea zen nire obsesioa, baina ez fisikoki: anaiak bezalakoa izan nahi nuen, eskubide berekin.

Noiz hasi zinen politikan sartzen?

Portugalgo Krabelinen Iraultzarekin. Lagun bat etorri zen, han zer gertatzen ari zen jakin gabe ere. «Izorratuko gaituzte», esan zidan. Udaletxera joan nintzen informazio eske, eta han enteratu nintzen nork zuzentzen zuen udala eta nork egiten zituen azpijokoak dirua zutenek. Osoko bilkura guzietara joaten nintzen. Horrela hasi nintzen politikaz enteratzen.

Eta ekiten ere bai?

Orduan, nire auzoan ez zen eskolarako garraiorik, eta oinez joan behar genuen. Beste herri batzuek bazuten, eta sinadurak biltzen hasi ginen. Gure auzoak bozkatzen zuen gehien HB: Katanga. Horregatik, tarteka Guardia Zibilak inguratzen gintuen.

Nola hasi zinen AAM Amnistiaren Aldeko Mugimenduan?

Batzordeak sortzen hasi zirenek egokia nintzela pentsatuko zuten. Kontzientziak astintzen saiatzen nintzen, hitz eginez. Eskailerako batzordeak dira onenak, bizilagunak ulertzen baitzaitu hobekien, eta ez ergelkeriak esaten dituzten batzorde teknikariek. Auzokoari kontatzen diozu poliziak jo zaituela, eta hau eta beste. Agian ez ditu ideia berak, baina ez diozu gezurrik esaten.

Nola izan zen hasiera AAMn?

Guardia Zibilak Txiki eta Otaegiren elizkizunengatik salatu ninduen lehenbiziko aldiz: 25.000 pezeta. Ez nituen ordaindu, kaudimenik gabea nintzelako. Hor elkartu ginenak ongi moldatzen hasi ginen. Iparraldera asko joaten nintzen. Andosillan zainzuriak bildu, potean sartu, eta eraman egiten genituen. Sartagudako tomateak ere, berdin, baita sagarrak, udareak, melokotoiak eta abar ere. Batek aitari arrautzak ebasten zizkion hamabost egunean behin. Iheslariei eramaten genien dena, Anai-Artea elkartera.

Janaria ez ezik, arropa ere eramaten zenien?

Guillermo Arbeloa hozbera zela esan zidan haren amak, eta jertsea egin nion. Auzitegi Nazionalean jantzita zeraman. Begiratu ninduen, eta gustuko zuelako keinua egin zidan.

Berari bakarrik?

Jertseak mundu guziari egin dizkiot! Hori bai, nik nahi nuenari. Eske etortzen zenari ez.

Lizarra inguruan zer giro zen? AAM babesten zuen jendeak?

Baietz uste dut; manifestazioetan jende asko egoten zen. Bestetako egun batean kalejira egiten genuen. Errenteriako danborradakoak etortzen ziren [Gipuzkoa]. Nik txingarrak tomatearekin prestatzen nizkien gure txosnan, eta ardoa ematen genien, ez besterik. Primeran pasatzen genuen.

Seat Panda erre egin zizuten. Zer gertatu zen?

Gauez erre zidaten. Bi guardia zibilek su eman zioten. Kalera ateratzean, auzoko ijito batek esan zigun dena ikusi zuela, baina ez zuela deklaratzera joan nahi, beldur zelako. Noski, hori errespetatu nuen. Ez nuen izorratu nahi.

Salaketa jarri zenuen?

Bai noski. Egunkarian agertu zen GALek erre zuela autoa; beraz, Espainiako ordezkaritzara joan nintzen. Esan nien atentatu terrorista baten biktima nintzela, eta hala sartu nintzen. Adeitasunez hartu ninduten, idazkariaren laguntza izan nuen datuak idazteko. Autoa nork erre zuen galdetzean, GAL izan zela esan nien. Ostikada batez bidali ninduten kanpora.

Gerora, beldurra izan duzu?

Kontuz ibili naiz, baina beldurrik ez dut izan.

Jendea barrikadetara eramaten zenuela esan izan duzu. Asko egin dituzu?

Denak. Seme-alabak ere etortzen ziren nirekin. Behin, gizon bat hasi zen oholak kentzen. Eta ni, berriz jartzen. Esaten zuen eskubidea zuela hori bide erditik kentzeko, eta nik, eskubidea nuela jartzeko. Guardia zibil batek pistola atera zuen. Nire seme-alabek eta beste gazte batzuek harriak bota zizkieten poliziei. Irabazi genuen: barrikada hor geratu zen.

Kalea borborka zegoen?

Bai, denak kalean ginen. Etengabe grebak ziren, eta etengabe ari ginen grebalariekin elkartasunean. Gero Montejurrakoa ere gertatu zen, eta hildakoa gure auzokoa zen. Ni ez naiz sindikalista izan, ez dut kotizatu nahiz eta gogotik egin dudan lan, baina, hala ere, babesten zenituen.

Montejurrakoak eragin handia izanen zuen inguru hauetan. Nola bizi izan zenuten?

Gaztea gure auzokoa izanda, auzoa inguraturik genuen. Guardia zibilak pastillaz leporaino zeuden, emakume zaharrek esan zigutenez. Lurperatzera joateko, ez ziguten pasatzen uzten, eta mendia zeharkatuz joan behar izan genuen. Gure auzokoa ez zen karlista gisa joan, freskagarriak saltzera baizik. Bestea karlista izan arren, ez zuten zertan hil, noski.

Handik hiru urtera hil zuten Gladys del Estal. Zu han zinen, ezta?

Noski. Tuterara joan ginen, eta dena hartuta zegoen. Gladys ogitarteko bat jaten ari zen harri kozkor baten gainean, eta atzetik tiro egin zioten. Nik ikusi nuen. Mila aldiz esan dut: hildakoak aldarrikatzen direnean, Gladys del Estal ere aldarrikatu behar dugu! Baina inork ez du aipatzen.

1978ko sanferminetako istiluetan ere ez zinen falta?

Borroka handiak gogoratzen ditut. Estafetan furgoneta bat jarri genuen alderik alde. Bestazalea nintzen, baina egun horretan Lizarrara itzuliak ginen. German Rodriguez hil zutela esan bezain pronto jo genuen Iruñera. Garagardo botilak hustu genituen, norbaitek likidoa ekarri zuen, eta lagun batek pastilla berri batzuk ekarri zituen. Probatzea erabaki genuen. Ene! Gureei bota genizkien koktelak! Gero batzuk eta besteak genituen atzetik.

Felipe Gonzalezen parean ere izan zara, ezta?

Felipe Gonzalez Lizarrara etorri zenean, protesta egitera joan ginen batzuk. Hark esan zuen Telesforo Monzonek bidali gintuela. Atzeko atetik atera behar izan zuen. Han bultzaka aritu ginen Poliziarekin. Nire lagun batek autoko argiak apurtu zizkion, eta hura hartu behar zutenean, tartean sartu nintzen, eta Gonzalez bultzatu. Hurrengo egunean egunkariek zioten jo egin nuela, baina ez da egia! Ez nuen jo! Bultzadatxo bat izan zen.

Noiz arte egon zara lehenbiziko lerroan borrokan?

Ba, ez dakit. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak desmuntatu eta egoitzak itxi zituzten arte. Gero beste modu batera jarraitu nuen.

Borroka horiek guziek balio izan dute zerbaitetarako?

Bai, gauza asko ekarri zituzten, baina eten egin da. Borroka horiek borroka gehiago ekarri zituzten, eta jende asko batzea eta parte hartzea. Orain ez dago hainbesteko parte hartzerik. Gazteak bere etorkizunaren alde mugitu daitezen zaharrek kalera atera behar izatea ere... Hala ere, badago gazteria oso on bat, botila-besta zaleez gainera. Botila bestak 1980an droga ekarri zuten modu berean sartu dira, nik uste.

Zergatik aldatu da hainbeste?

Utzikeriagatik, pentsatzen dut. Agian gu ere nekatu gara. [Giltzetakoa erakutsi du]. Nire errainak egin zuen amnistiaren giltza. Euskal Herri osoko ideiak bildu ziren, eta horrek irabazi zuen. Ederra da. Ideia primerakoa da: Txillidaren sinboloa giltza bat da, kartzelak irekitzeko.

Gaur-gaurkoz ez dirudi kartzeletako ateak irekitzea erraza izanen denik, aitzitik.

Ez. Gutxienez, presoek familiengandik gertu egon beharko lukete. Zer esango dizut, ba: lotsagarria da egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.