Migel Angel Sagaseta. Apaiza eta Luzaideko dantzen biltzailea

«Apezak aldarera bezala ateratzen ziren Luzaideko dantzariak plazara»

Tradiziozko dantzen eta musikaren maitalea da, eta pasioz mintzo da Luzaiden bizitako garaiaz. Galtzear ziren jauziak biltzeko grina nola piztu zitzaion kontatu du, eta bilketaren nondik norakoak. Ez zuen pentsatu zer oihartzun izanen zuen lanak.
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Iker Tubia -

2018ko urriak 7
Luzaidera (Nafarroa) apaiz bidali zutenean ez zuen inondik inora pentsatzerik zer aurkituko zuen han. Hainbeste bizi zituzten dantza jauziak bildu eta argitaratu zituen Migel Angel Sagasetak (Ituren, Nafarroa, 1941). Euskal Herriko Txistularien Elkarteak esker ona adierazi dio, urrezko domina emanda. Egun, apaiza da Urdiainen (Nafarroa), eta harro erakutsi ditu bolant txapela eta makila.

Txikitatik izan dituzu inguruan musika eta dantza?

Aitari gustatzen zitzaion, zortzikoa-eta; beti ikusi izan dut plazan lehenbizikoa ateratzen. Anaiak txistua jotzen ikasi zuen, eta, jolasten, udako arratsetan etxeko atarian aritzen ginen dantzan. Iturengo zortzikoa ikasi nuen. Suertea izan nuen etxean ongi ikusia zegoela dantza eta musika.

Herriko taldearekin dantzatu zara noizbait, edo?

Don Bixente Hernandorena apezak dantza taldetxo bat egin zuen, baina ez nintzen horren parte. Lekunberrin dantzatzeko hitzemanda zeuden Pilarica egunean. Ez ziren aski, eta seminarioan ginen bi lehengusu eta hirurek uda guzia eman genuen jo eta ke dantzak ikasten. Besteek bi-hiru urtez ikasitakoa. Lehenbiziko eta azken aldia izan zen.

Eta txistuarekin noiz hasi zinen?

Seminarioko azken bi urteetan ikaragarrizko grina nuen txistua ikasteko. Anaiari galdetu nion nola behar ziren behatzak jarri, metodoa hartu, eta nire kabuz aritu nintzen. Nire ilusioa udan dantzatu nituenak jotzea zen. Ikasi nuen txistua pixka bat jotzen.

Eskolan, gazteleraz?

Hasi nintzenean, maisuak ez zekien hitzik ere euskaraz, eta nik deus ere ez erdaraz. Ulertzen hasi nintzenean, asko aurreratu genuen matematiketan.

Arazorik izan zenuten euskaraz aritzeagatik?

Ez. Atsedenaldian elkarrekin euskaraz egitea debekatua genuen, erdaraz ikasteko. Beti mutiko txiki bat jartzen genuen zelatan. Maisua etortzean hasten ginen ahal zuenak erdaraz eta besteak isilik. Badakit beste leku batzuetan kastigu fuerteak izan direla, baina guk ez genuen izan.

Luzaidera bidali zintuzten apaiz. Zer aurkitu zenuen han?

Luzaidera joatea suertea izan zen, batez ere hango giroa ikustea. Lehenbiziko lau urteetan giroaz gozatu nuen; dantzek zer garrantzi zuten ikusi nuen. Ikusi nuen aitona bat kantatzen, eta Anttoniko urtebeteko haurra erritmoa eramaten. Handik bost urtera, bular anginatik mejoratzean ikusi nuen sukaldean haurrarekin. «Ikusi duzu nola dantzatzen duen mutikoak?». Horrela zen etxe guzietan. Etxean ikasten zituzten dantzak.

Neskak ere hasi ziren dantzatzen edo dantzatu nahian?

Lehenik dantzatu zirenean, herriko erreakzioa, ufa. Eta muxikoak dantzatu nahi izan zituztenean...

Hori aldatu da.

Asko aldatu da, bai. Akaso, kontra gehien egin zietenak momentu horretan ezkertiarrenak zirela esango nuke. Ez zuten onartzen hori bizi zutelako. Erraz sartu ziren Frantziako aldean [Ipar Euskal Herrian]. Zergatik? Galdua zutelako. Ez zuen ezer esan nahi, baina Luzaiden bai. Haien tradizioak pisu handia zuen. Nik ulertzen dut, tradizioa bizi dutenek zerbait sakratu bezala ikusten dutelako. Beste gauza bat da feminismoa, hori beste formakuntza bat da. Baina seguruenik tradizioari ez diote garrantzia ematen, jolas bat da, dantza politak eta listo.

Gaur egun dantza gehiago da ikuskizuna?

Plazan egitea erakustaldia da, baina dantzatzeko manera serio hartzen zuten. Andregai izanen ziren guziak beraiei begia botatzen ari zirela bazekiten; beraz, zein baino zein hobeki dantzatzen saiatzen ziren. Erakustaldia, baina ez denbora-pasa. Apezak aldarera bezala ateratzen ziren plazara: zerbait sakratua egitera.

Jarrera hori aldatu da?

Ez dakit orain. Beti izan du eboluzioa dantzak, dudarik ez, baina beti mantentzen ziren gauza batzuk. Nafarroan, soka dantza, izen diferentearekin, kasik herri guzietan bada bat. Airea eta dantzatzeko manera diferenteak bai, baina denek mantentzen dute soka poliki egitea, zubiak... ezin hautsiak diren zatiak. Zer esan nahi du horrek? Oso inportantea dela, eta benetan bizi izan dutela.

Han zinela, jauziak biltzea erabaki zenuen. Nolatan?

Luzaiden ez zuten musikaririk. Horregatik hasi nintzen bi mutiko gazteri solfeoa eta txistua erakusten: Juan Miguel Canterori eta Bernardo Caminori. Beren dantzak irakatsi nahi nizkien, baina ez zegoen partiturarik, gogoz jotzen zuten. Eskatu nien Muxikoak kantatzeko. Dena hartu nuen magnetofonoan, eta, gero, eskura pasatu nuen. Luzaiden momentu horretan dantzatzen zirenak bildu nituen. Gauero-gauero pasatzen nituen, puskaka-puskaka.

Batetik bestera ere ibili zinen?

Periko Etxeberriak esan zidan Xibandiarrak ea eman zidaten, aspaldi dantzatzen zela. Aldatxeko Jose Migelek jakingo zuela seguru. Denbora ez zitzaidan faltako motorra hartu eta harengana joateko. Magnetofonoa gordeta eramaten nuen badaezpada ere. Sei minutu pasa aritu zen kantuan. Grabatuko niola esan nion, eta magnetofonoa atera. Hiru saiakera egin zituen, eta toki berean gelditu. Handik hilabete pare batera, Faustinen paperak erakutsi zizkidan haren alabak: hor zeuden Xibandiarrak, notaz nota zuzen emanak. Beste batzuk ere bai, aspaldi dantzatzen ez zirenak.

Zergatik hasi zinen bilketan?

Ikusi nuen jauzi asko galduak zirela, eta nire barruan zerbait piztu zen bildu nahian. Motorrarekin Lasara, Azkaratera, Bankara... edozein pistarekin joaten nintzen batera edo bestera.

Ohartzen zinen zer garrantzi izanen zuen bilketa horrek?

Ez nuen sekula pentsatu ez argitaratzerik eta ez deus. Nire gustua zen biltzea, batez ere jauziak. Ibiltzen zen tokiko bertsioa nahi nuen beti, eta Luzaidek pribilegio hori eman zidan. Nafarroa Behere gehiena ibili nuen motorrarekin, Lapurdin galduta zegoen gehienbat, eta azkenengo pista Zuberoan hasi nintzen, eta zortea izan nuen Etxahunekin biltzeko.

Bilketarekin bukatu gabe, Leitzara bidali zintuzten.

Zortea izan zen, horrek eman baitzidan denbora musikak ordenan jartzeko. Lan dezente egin nuen: urratsak nola esplikatu. Ez da erraza hori ere! Koldo Fagoagarekin egin genuen sistema. Jose Luis Satrustegik esan zidan egindakoa argitaratzeko.

Leitzan ere ibili zinen txistua irakasten, ezta?

Luzaiden dozena erdi bat aritu ziren txistua ikasten, eta Leitzan baziren 20-30. Eragin handia zuen txistulari onak izandakoak bazirela, eta oraindik bat aktibo: Angel Alduntzin. Oso ona zen. Herrikoen artean gutxik izanen zuen haren erraztasuna. Ez dakit zenbat bordente egiten zituen, beti aire bizi-bizia. Leitzan jota oso-oso ongi dantzatzen zen.

Xabier Bikandik xaxatuta, liburua berriz argitaratu zenuen. Lanaren bigarren partea zen?

Beti gogoan nituen egiteko utzitako zenbait elkarrizketa, eta berriz ere gogoa piztu, autoa hartu, eta joan nintzen Donapaleu ingurura eta Zuberoara. Astero bi egun salbatzen nituen kasik beti: goizean meza eman, hara joan, han lo egin, goizean hango lanak egin, autoa hartu eta arratsaldeko mezarako itzuli. Zuberoa Luzaide bezalakoa zen, baina herri guzietan.

Galtzear ziren jauzi horiek berpiztu dira. Nola ikusten duzu fenomeno hori?

Leku askotara hedatu zela uste dut, gehienak liburu honi esker. Orduko utzia zutenak, hau argitaratu eta istantera kasik herri guzietan hasi ziren. Patxi Perez ere aritu zen, baina gustatu ez zitzaidan gauza bat egin zuen. Dantzak ez dira liburu batean egoteko, plazarako dira. Baina eman dion izaera berea da, jostatzeko. Akaso, erraztasun itxura eman nahirik. Baina dantzak zuen nortasuna galduta geratzen da; orduan, trastokeria bat bezala da. Momentuko ematen du arrakasta, jende askok dantzatzeko, baina zer dantza klase ari gara egiten? Nola? Uste dut lehengo tradizioarekin asko hausten dugula.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna