'Brexit'-ari buruzko akordioa. Arrantza

«Bizikidetza arazoak» itsasoan ere

Irlanda Iparraldearekin batera, arrantzarena da 'brexit'-az adostasuna lortzea zailtzen duen bigarren korapilo handia. Erresuma Batuak EBko ontziak bere uretatik botako balitu, zuzeneko kalteak baino handiagoak izango lirateke albo kalteak euskal arrantzaleentzat, Bizkaiko golkoan ontzi gehiegi pilatuko liratekeelako.

«Bizikidetza arazoak» itsasoan ere.
Jon Fernandez.
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun

Elkarri harrika bili ziren joan den uda amaieran arrantzale britainiarrak eta frantziarrak itsas zabalean, Mantxako kanalean. Sena ibaiaren bokalean bieirak arrantzatzeko nork zeukan eskumena, horra iskanbilaren arrazoia. Borrokak ez zeukan zerikusirik brexit-arekin; alabaina, brexit-ari buruzko akordiorik ezean, badago zalantza antzeko irudiak gerta ote daitezkeen ur britainiarretan. Beldurrak leundu ditu Francisco Kiko Marinek, OPPAO Ondarroako Portuko Alturako Arrantzako Ekoizleen Elkarteko kudeatzaileak: «Ez dut uste eskuetara ailegatuko garenik brexit-a dela eta ez dela, baina bai sor daitezke elkarbizitza arazoak itsasoan».

Martxoaren 29an, ofizialki, Erresuma Batua EBtik kanpo geratuko da, baina hitzartuta dago trantsizio aro bat 2020ko abenduaren 31ra arte, bitartean etorkizuneko harreman guztiak zehazteko. Londresen eta Bruselaren arteko akordioak zatiketa eragin du Mantxako kanalaren beste aldean, eta oraindik orain arrantzarena da bi korapilo nagusietako bat, Irlanda Iparraldekoarekin batera.



Itunik lortu ezean, brexit gogorra baletor, Erresuma Batuak bere urak «berreskura» ditzake —ondoko infografian, hori kolorez markatuta dago itsas eremua—, hausturaren aldeko kanpainan behin eta berriz errepikatu zuten bezala, eta EBko arrantzontziei debekatu egin diezaieke han arrantza egitea.

Albo kalte «oso handiak»

Ipar Irlandaren arazoa traba gaindiezina ez izateko, Londresek eta Bruselak adostu dute 2021erako merkataritza hitzarmen bat adostu bitartean Erresuma Batu osoa EBko aduana batasunean geratzea. EBk nahi du Londresek ziurtatzea arrantzale europarrek sareak bota ahalko dituztela ur britainiarretan 2021etik aurrera ere; osterantzean, Erresuma Batuak muga zergak pagatu beharko ditu arraina EBra esportatzeko, eta harrapatutako hamar arrainetik zazpi saltzen ditu kontinentera.

Itunaren letra txikia ez da jakinekoa oraindik, baina badirudi Bruselaren tesiak nagusitu direla, Mayren alderdiko hiru parlamentarik iragarri baitiote ez dutela babestuko akordioa, Erresuma Batuaren burujabetza ukatzen duelako arrantzari dagokionez.

Gaur-gaurkoz, dena dago airean, bereziki, arrantzari dagokionez. «Ziurgabetasun handia dago», azaldu du OPPAOko kudeatzaileak; Bizkaiko eta Gipuzkoako alturako ontzidi guztia ordezkatzen ditu OPPAOk, hamazazpi. Zuzeneko kaltea ez litzateke oso handia izango Euskal Herriko arrantza sektorearentzat, baina bai zeharkakoa. Bakarrik hiru itsasontzi dabiltza gaur egun ur britainiarretan arrantzan: bi arrasteontzi —Gure Kantabriko eta Mar Mares— eta tretzaontzi bat —Akillamendi Berria—. Marinek azaldu duenez, bi arrasteontziek hilabete batzuk egiten dituzte bakarrik ur horietan; tretzaontzia, aldiz, urte osoan ibiltzen da.

Erresuma Batuko uretatik botaz gero, min nabarmena egongo lieke hiru ontzi horiei. Baina beste ontzidiarentzat ere egongo lirateke zehar kalteak; «oso handiak», Marinen esanetan.

Gutxienez hiru lirateke albo kalteak. Batetik, ezingo litzateke egin kuota trukerik. «Badaude euskal arrantzontziak hango uretan ez dabiltzanak baina hango kaletan badituztenak kuotak, trukerako erabiltzen dituztenak Bizkaiko golkoan, Frantziako uretan, arrantzatzeko». Bai Frantziako uretan, bai Erresuma Batukoetan, batez ere legatzetan, itsas zapotan eta oilarretan ibiltzen dira euskal arrantzaleak.

Bigarrenik, arrain kuoten pastela dezente txikituko litzateke EBko kide guztientzat. Erresuma batuak EBko kuoten %30 dauzka; horiek gabe, harrapatzeko arrain gutxiago geratuko zaie EBko arrantzaleei.

Lekualdatze masiboa

Eta, hirugarrena, eta garrantzitsuena Marinen ustez, arrantzontzien lekualdatze masiboa. Erresuma Batuko uretatik —Rocalletik, Sole Handiko ur britainiarretatik eta Mantxako kanaletik— botatzen dituzten bandera espainiarreko eta frantziarreko ontzi asko Bizkaiko golkora joango lirateke arrantzara, Frantziako uretara. Bakarrik Espainiako banderadunak kontuan hartuta, 92 dira —gehienak galiziarrak— ur britainiarretan dabiltzanak. «Desplazamendu ikaragarria gerta daiteke Bizkaiko golkora, bereziki espainiarrena eta frantziarrena».

Arrantzale gehiegi elkarren ondoan arrantzan, OPPAOko kudeatzailearen iritziz: «Elkarbizitza arazoak sor daitezke». Esplikatu duenez, gaur egun ere badituzte gorabeherak itsasoan teknika ezberdinak erabiltzeagatik: tretzaontziek toki batean botatzen dute arrantza aparailua, eta hantxe uzten; aldiz, arrasteontziak sareak arrastaka ibiltzen dira hara-hona, eta traba egiten diete elkarri.

«Bere garaian AEBetan nekazarien eta abeltzainen artean egon zen iskanbilaren antzekoa da», konparazioa egin du Marinek. «Nekazariek hesiak jartzen zizkieten euren lurrei, eta abeltzainek nahi zuten euren aziendak handik pasatzea edo han bazkatzea... Itsasoa denona da, baina elkarri traba egiten diogu sarri. Eta bat-batean itsasontzi gehiago badatoz toki berera, haserreak egon daitezke».

Desplazamendua gertatuko balitz, «tentsio gune batzuk» sor daitezkeela aitortu du Leandro Azkuek ere, Eusko Jaurlaritzako Arrantza zuzendariak. Baina nabarmendu du egoera hori gerta daitekeenik eta txarrena dela, eta konbentzituta dago Brusela lanean ari dela hori gerta ez dadin.

«Hori gerta badaiteke ere, gure alde daukagu arrantza eremu horretan eskubide historiko batzuk dauzkagula aitortuta. Espainian VIII. eremuko kuotak banatzen direnean [Bizkaiko golkoko Frantziako uretakoak] gure armadoreak dira kuota gehien jasotzen dutenak», azaldu du Azkuek. «Britainiarren uretatik botatakoak, nolabait esateko, gure etxera etorriko lirateke, eta negoziatu egin beharko genuke haiekin, baina indar posizio batetik. Edozelan ere, espero dezagun horrelakorik ez gertatzea».

Arrantza sektoreak eta Jaurlaritzak jarrera argia daukate Erresuma Batuarekin adostu beharrekoaz: EBk batasuneko merkatura muga zergarik gabe arraina saltzeko aukera eskaini behar dio Londresi, baldin eta hark sarbidea bermatzen badie EBko itsasontziei Erresuma Batuko uretan arrantza egin dezaten. Uretara sarbidea, merkatura sarbidearen truke; edo beste era batera esanda: kalak, muga zergen truke.

«Gure kromo bakarra, baina inportantea, hori da: merkatua», azpimarratu du Azkuek. EBko arrantzaleek asko daukate jokoan, Erresuma Batuko uretan egiten dituztelako harrapaketen %33. Alabaina, britainiarrek ere asko lukete galtzeko, muga zergak pagatu behar izanez gero: arrainen ia %70 esportatzen dute, eta esportazioen bi heren EBko merkatura doaz. Gainera, arrain gehiago inportatzen du esportatzen duena baino: iaz, 705.000 tona arrain inportatu zituen, eta 460.000 tona esportatu.

Erresuma Batuaren eta EBren arteko interes talkaz harago, EBren bandoan ere badaude interes kontrajarriak. Urri amaieran sektoreak bilera egin zuen gaiaz Espainiako Arrantza Ministerioan, eta han izan ziren Conxemar kontserba fabriken patronala eta arrantzontzi mistoen ordezkariak ere —Espainiako enpresak izan arren, bandera britainiarra darabiltenenak—. Arazoa beste era batera ikusten dute horiek.

Bestelako interesak

Negoziazioak aurrera egin ahala, Downing Streetek eskain dezake muga zergak kentzea EBko itsasoko produktuei, nahiz eta sarbiderik ez utzi bere uretara. Tentazio handia litzateke kontserba sektorearentzat, asko saltzen duelako Erresuma Batura, eta baduelako gaitasuna presio egiteko Bruselan.

Beste arazo bat, eta ez nolanahikoa, aipatu du OPPAOko ordezkariak. «Muga zergak pagatu beharra baino arazo handiago bat egon daiteke, Londresek merkantzia freskoen osasun arauak gogortzen baditu. Mugan arrain freskoa geldiarazten badute, ez du ezertarako balio: arrainez betetako kamioien sekulako inbutua sor daiteke Eurotunelean».

Britainiako banderarekin dabiltzan ontzi galiziarrek ere eska dezakete soilik itsasoko produktuei muga zerga kentzea, haiek arrantza egiten jarrai dezaketelako Erresuma Batuko uretan. «Arrantzan uzten badiete baina gero EBra ezin badute saldu, min egingo diete».

Sektoreko interes kontrajarriak ikusirik, negoziazioan ahots bakarra zein izango den zehazteko eskatu zion Jose Mari Cazalis EAJko senatariak joan den astean Espainiako Arrantza ministroari, Luis Planasi. Galdetu zion ea merkaturako sarbidea itsasorako sarbideari lotuta negoziatzea defendatuko duen Espainiak Bruselan. Baietz erantzun zion ministroak, EAJren proposamenarekin «sintonia betean» dagoela Espainiako Gobernua. «Hori argitzeak asko balio du», Cazalisen ustez.

Britainiarrei «engainua»

Senataria beldur da, brexit zaleak «demagogia eta populismo asko» erabiltzen ari direlako. Ontzidi britainiarrentzat ere haustura kaltegarria dela azaldu du: «Erresuma Batuko hamar ontzitik zazpi kostaldeko arrantzontziak dira, hamar metro baino txikiagokoak. Eta ontzien %70 horiek arrantza kuota osoaren %2 bakarrik arrantzatzen dute. Kuotaren gainontzeko %98 itsasontzi handiek harrapatzen dute: erdiak kanpotarrak dira, eta beste erdiak enpresa mistoak. Badago Herbehereetako itsasontzi bat, Britainiako banderaduna, Erresuma Batuko kuotaren %20 arrantzatzen duena berak bakarrik».

Cazalisen iritziz, brexit-aren aldeko politikariek engainatu egin dute euren herrialdeko arrantza sektorea, ontzi gehienek, txikiek, ez daukatelako irabazirik irteerarekin, baizik eta galerak, EBko merkatua gal dezaketelako. Halere, Cazalis konbentzituta dago muga zergen egoeraren gogorrak arrantzari buruzko akordio integral bat negoziatzera bultzatuko lukeela Londres. «Pilo bat arrain izan dezakete britainiarrek, baina ezin salduta ibiliko lirateke, askoz garestiago saldu beharko luketelako. Horrek derrigortuko lituzke negoziatzera».

Westminsterrek du giltza

«Ez da berri ona ingeniaritza zerbitzuen enpresentzat»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.