Koronabirusa

Jaurlaritzak ez ditu neurriak irmotuko oraingoz, ZIUetan egoera onbidean delako

Labiren Aholku Batzordeak erabaki du indarrean diren neurriei eustea, gutxienez beste bi astez. Kaleko edanak eta festak galarazi egingo dituzte dekretu bidez

Labiren Aholku Batzordearen bilera, atzo, lehendakaritzan, Iñigo Urkullu lehendakaria buru dela. RAUL BOGAJO / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Aldaketarik ez, oraingoz. Uda hasi berritan COVID-19aren transmisio kurba etenik gabe hazten ari bada ere, orain arteko neurriei eustea erabaki zuen atzo Labiren Aholku Batzordeak. Hortaz, ekainaren 19tik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan indarrean dauden neurriak ez dira zorroztuko, eta ez da beste neurririk hartuko. Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen Bizi Berri IV planaren irizpideak oinarri, baztertu egin da neurri murriztaile berriak hartzea. Plan horren arabera, birusaren transmisioa ez da izango irizpide bakarra neurriak hartzeko, eta harekin batera aintzat hartuko dira txertaketaren datuak, birusaren aldaerak, eta, bereziki, ZIUetako egoera.

Hain justu ere, Iñigo Urkullu lehendakariak atzo azpimarratu zuen intzidentzia metatuaren igoera badela kezkarako motiboa—203koa da oraintxe bertan erkidegoan—, baina horrek ez duela ospitaleen egoera okertu; are, ZIUen okupazioa onbidean dela erantsi zuen, eta hiru lurraldeetako ospitaleetako unitateak lehen agertokian daudela. Oraintxe, ospitaleetako ZIUetan 25 eri daude birusak jota, duela hilabete zeudenen erdiak, eta hiru lurraldeetako ospitaleetako unitateak daude lehen agertokian. Gainera, txertaketa erritmoa azkartu egin da azken asteetan, eta aldagai hori ere aintzat hartu da neurririk ez gogortzeko. Zehazki, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren %71k COVID-19aren aurkako txertoaren dosiren bat hartua dute, eta %52,6k, pauta osoa, lehendakariak atzo jakinarazi zuenez.

Birusaren transmisioak azken egunetan izan duen goraldiak ez du ospitaleetan islarik izan oraingoz, eta, hori kontuan harturik, lehendakariak azpimarratu zuen badirela «zuhurtziarako eta itxaropenerako» arrazoiak. Hala ere, ez zuen baztertu neurriak gogortzea datozen asteetan adierazleren batek okerrera egingo balu. Azaldu zuen posible dela urrira bitartean agerraldi gehiago izatea, baina ohartarazi zuen «egoerarik okerrenean» ere ez dutela espero 100.000 biztanleko 300eko intzidentzia tasa gainditzea.

Hori hala, eta Bizi Berri IV planak aurreikusitako agertoki berriak aintzat harturik, egun indarrean dauden neurriak bere horretan mantenduko dira oraingoz. Gaur indarrean sartuko den dekretuak zehazten duenez, establezimenduek 02:00etan itxi ahalko dute, eta ostatuetan mahai bakoitzean sei pertsona eseri ahalko dira, orain arte bezala. Txokoek eta elkarte gastronomikoek irekita jarraituko dute, eta publikoa egon ahalko da kirol ikuskizunetan, edukiera mugatuarekin.

Horrez gain, lehendakariak jakinarazi zuen dekretu bidez espresuki debekatuko dituela kaleko edana eta jende pilaketak sortzen dituzten ekitaldiak. Dekretuak topaketei, festei eta bestelako ekitaldiei egiten die erreferentzia —herri bazkariei, esaterako—. Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren kontrolak areagotuko dira halakoen gaineko kontrolerako. Urkulluk gogorarazi zuen ezinbestekoa dela «norberaren erantzukizuna» irmoa izatea, eta herritarrei dei egin zien «zorroztasunez, zuhurtziaz eta elkartasunez» jokatzera, eta «gehiegizko interakzio soziala» saihestera. Halaber, maskara kalean «ia une oro» erabiltzen jarraitzeko gomendioa egin zien.

Nafarroan, zorrotzago

Atzo sartu zen indarrean Nafarroako Gobernuak iragarritako dekretu berria, eta, «gutxienez hamabost egunez», Nafarroako ostalaritzak 01:00etan itxi beharko ditu ateak. Osasun departamentuak azken asteotan atzeman dituen kasu positiboen gorakadak eragin du aurretik malgututako neurri batzuk berriro ere zorroztu behar izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.