Jaurlaritzak ez ditu onartu lekualdatze eskaeren erdiak, toki «mugatua» dutelako

Artolazabalek esan du 437 presoren eskaerak jaso dituztela eta 222renak atzera bota dituztela. Horietatik zortzi euskal preso politikoak dira

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Poliketako sailburua, Basauriko (Bizkaia) kartzelara egindako bisita batean. A. LOIOLA / FOKU.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeak kudeatzeko eskumena hartu zuenetik, lehen aldiz kexa agertu du publikoki Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Ohartarazi du azpiegiturak «oso baldintza kaskarretan» jaso dituztela eta langile falta oso larria dela. Jakinarazi duenez, arazo horien ondorioetako bat da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan preso gehiago ezin hartuta daudela. Jaurlaritzak eskumena hartu aurretik ere, baziren arazoak Espainiako espetxeetan zeuden presoak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako presondegietan hartzeko, baina eskumena Jaurlaritzaren esku dagoenetik 437 eskaera jaso dira Zaballara, Basaurira edo Martutenera lekualdatzeko, eta horien erdiak baino gehiago (222) atzera bota dituzte«toki mugatuak» dituztelako. Besteak beste, zortzi euskal preso politikori ukatu diete eskaera.

Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean eman ditu azalpenak Justizia sailburuak, PP+C's taldeak eskatuta. Azaldu duenez, presoen kopuruaren igoerak ez du eragin negatiborik izan espetxe barruko bizi baldintzetan, baina mugatu egin du zigorra Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetan bete nahi duten preso guztien eskaerak onartzeko aukera. Urtebetean, Jaurlaritzak atzera bota ditu 222 presoren gerturatze eskaerak, eta beste 178 baimendu ditu; horietatik 81 euskal presoei dagozkie.

Artolazabalen esanetan, Jaurlaritza «pozik» dago orain arte espetxeetan egindako lanarekin, baina aitortu du «jasotako herentzia» kudeatzea ez dela samurra izan. Gabeziez aritu denean, aipatu du Basauri eta Martutene «zaharkituta» daudela eta langileak falta dituztela.

Guztira, 1.562 preso daude hiru espetxeetan, 2021eko urtarrilean baino 272 preso gehiago. Egoera horren ondorioz, espetxez aldatzeko presoen eskaerak onartzerakoan kontuan hartu dute «gizarteratzeko aukeretara bideratutako errotzea». Kasu batzuetan aintzat hartu behar izan dute urte luzeetako zigorren ondorioz«deserrotzea» egoten dela .

Preso kopuruaren igoera bi faktorek eragin dute, sailburuaren hitzetan. Lehenengoa da preso gehiago espetxeratzen direla aske geratzen direnak baino. Espetxeen kudeaketa transferitu baino lehen, arazo hori konpontzen zen presoen zati handi bat beste autonomia erkidego batzuetako espetxeetara eramanda. Orain, baina, egoera aldatu egin da: «Hemen sartzen diren ia guztiak hemen geratzen dira».

Preso kopurua handitzearen atzean beste arrazoi bat dagoela esan du Artolazabalek: Euskal Autonomia Erkidegoaren eta beste autonomia erkidego batzuen arteko «lekualdatze fluxua». Azken urtean, 178 preso ekarri dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako espetxeetara horietatik 81 «terrorismoagatik» zigortutakoak, eta 120, berriz, kanpoko espetxeetara eraman dituzte.

Iluntzean, Jaurlaritzak ñabardura batzuk egin zizkion Artolazabalek goizean esandakoari. Baieztatu zutenez, toki aldetik «mugatuta»egoteak ez du esan nahi EAEko espetxeak erabat beteta daudenik. Espainiako espetxe erakundeekin betetze maila batzuk adostu dituzte espetxe batzuetatik besteetarako lekualdatzeak erraztu ahal izateko, baina gaur egun EAEko espetxeak «gehieneko betetze mailatik urrun» daude.

Justizia errestauratiboa

Justizia errestauratiboa sustatzeko asmoz 2022-2025eko aldirako plan estrategikoaren berri eman du sailburuak. Uztailean onartu zuen gobernu kontseiluak, eta indarrean da jada. «Justizia errestauratiboaren balioak eta tresnak izango dira zigorrak betearazteko gure sistemaren gakoak», esan du Artolazabalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.