Teresa del Valle. Antropologoa

«Garrantzitsua da gizonekin aliantzak eta konplizitateak ehuntzea»

Eusko Ikaskuntza saria jasoko du gaur Del Vallek; gorazarre egingo diote, mugarri izan delako Euskal Herrian antropologiari begirada berri bat eransten: feminismoarena.
ANDONI CANELLADA / FOKU

Arantxa Iraola -

2018ko uztailak 17
Gaur arratsaldean Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria jasoko du Teresa del Valle antropologoak (Bilbo, 1937). Gizartearen zuztarrak ulertzeko egindako makina bat ahalegin goraipatzeko ekitaldia izango da; analisietan ikuspegi feminista txertatzeko lanean erreferente ezinbestekoa izan da. Eta pozik dago, eskertuta. Feminismoa lehen lerroan jartzeko aukera iruditzen zaio saria, eta horrek pozten du, bereziki. Barrura begira, feminismoak asko irakatsi diola dio; jakintzaren eremuan, halaber, ate aparta dela: oso oparoa. «Ni pertsona gisa nintzenaren kontzientzia hartzea ekarri zidan feminismoak, eta izan nahi nuenarena. Eta gogoeta egiten hasi orduko, desberdinkeriak ikusten dituzu».

Zure lan ibilbideak ematen dizun talaiatik, nola ikusten duzu iragan Martxoaren 8aren ostean harrotu den olatu feminista?

Nik uste dut sasoi garrantzitsua dela. Hainbat ikuspegitatik aztertuko da. Baina, bueno, ikusi egin beharko da; zeren eta zenbaitetan halako loratze bat izaten da, eta gero gauzek normaltzera egiten dute. Hori izan daiteke arriskua: gertatu den horretara ohitzea, baina behar adina ez zukutzea. Baina nik zinetan uste dut iragan Martxoaren 8a oso berezia izan zela; horrelako indarrarekin bizita ez nuen nik inoiz ere ikusi. Deigarria izan zen. Eta uste dut oso lotuta egon zela gazteen parte hartzearekin; hein handi batean, haiek izan ziren gidariak. «Egin egingo dugu; kalera irtengo gara», esan zuten. Ez ziren geratu besteen esku hartzearen zain: haiexek egitea erabaki zuten. Izugarri hunkitu ninduen horrek. Gainera, esango nuke horren atzean antolatzeko era berri bat ere egon dela; oso lotua gaztetasunarekin, baita egiteko eretan ere. Berritasun bat iruditu zait niri hori, eta adin handiagoa dugunoi, beste ibilbide batzuetatik gatozenoi, zer pentsatua eman digu.

Aski sustrai sakonak dituen mugimendu bat da? Puztuta egotearen arriskurik bada?

Nik uste dut mugimendu orok beti izaten dituela aldi ezberdinak: nola sortzen den, nola indartzen den, gero akaso nola doan ahultzen, edo berriz indartzen... Nahiko konplexua da hori guztia. Baina jende gaztearen eboluzioa garrantzitsua dela uste dut. Horrek, batetik, posizionatzeko era askotarikoak ekarri ditu. Ekarri du, halaber, kalea hartzea: hori oso ongi egiten dute, bikain. Aldagai asko daude: kontuan hartu behar da, esaterako, egun unibertsitate askotan egin daitezkeela feminismoarekin zerikusia duten ikasketak. Orain dela hamar-hamabost urtetik hona, aukerak asko ugaritu dira... Hiru hamarkada atzera egiten badugu, zer esanik ez. Garrantzitsua da hori: ezagutza asko handitu du horrek, eta loratzen ari da hori guztia.

Baina mende askotako mendekotasuna dago gainditzeko. Zenbat belaunaldi behar dira horrelako zerbait iraultzeko?

Hainbat aldagairen araberakoa izango da hori. Baina, niretzat, ezinbestekoa da feminismoa, haren aldaera ezberdinetan, unibertsitate ikasketetan egotea. Oinarri garrantzitsu bat iruditzen zait; gero ja ez duzu hasi behar hasieratik. Eta ja inork ezin du esan: «Erradikal batzuk besterik ez dira». Ez, ez; argi ikusi da: ez.

Instituzioetan ere orokortu dira mezu feministak. Aldarrien otzantzea ez dakar horrek?

Otzantzea, banalizatzea... Horiek beti egongo dira presente. Baina azter dezagun, esaterako, Emakundek egin duen bidea; abiatu zenean zerbait ezezaguna zen, baina interesgarria da ikustea nola indartu zen, eta, nire ustez, bide garrantzitsua egin du. Hori aldeko zerbait da. Talde feminista asko daude, halaber, bide bat eginda, eta onespen bat dute. Beraz, feminismoa ulertzeko era askori buruz mintza gaitezke. Oraintxe, esaterako, trans ikuskera ere hortxe sartzen ari da, eta korronte garrantzitsua da. Urratsez urrats doa bidea, katebegiz katebegi; genealogia berriak sortzen ari dira feminismoarekin eta erreferentzia berriak jasotzen ari da jendea: jokatzeko era berriak.

Sexu erasoen inguruan ere aparteko kontzientzia zabaltzen ari da. Aztertua duzu sexualitatea generoaren ikuspegitik. Sexu harremanak ulertzeko modu bat dago erasoen atzean, indarraren erabilerari atxikia…

Indarra era askotan uler daiteke. Positiboa izan daiteke: pertsona bat salbatzen lagun diezazuke, edo pertsona batek transmisio gaitasun handia duela esateko balio dezake... Indarra hitz polisemikoa da benetan. Baina sarri lotu dira indarra eta sumisioa; gizonak bere indarra erabili du emakumea mendeko egiteko. Literatura zabala dago horren inguruan, hainbat ohitura ere bai; erakusten dute emakumeak pertsona ahula izan behar zuela, konbentzitzen utzi behar zuena, eta bigarren tokian egon behar zuela... Emakumeen gaitasunak lotzen ziren etxearekin, familiarekin, ugalkortasunarekin; prestigioa bazuten, baina beti prestigio egoera nagusietatik kanpo. Feminismoa, ordea, bere bidea egiten joan da. Eta luzerako etorri da. Aintzakotzat hartu behar da beste aldaketa bat ere: lehen indarraren bidez lortzen ziren hainbat gauza egun, teknologia berrien bitartez, beste modu batean bideratzen dira.

1985ean, Euskal Herrian mugarri izan zen liburu bat koordinatu zenuen: Mujer vasca. Imagen y realidad (Euskal emakumea. Irudia eta errealitatea). Hain justu, errealitatearen eta iruditeriaren arteko aldea biluzi zenuten...

Bai, aldea bazegoen, euskal emakumearen irudi eraiki bat zegoelako, eta eraikitze prozesu horretan oro ez zelako erreala. Konstruktuak sorkuntza mekanismoak dira: oso positiboak izan daitezke, edo oso negatiboak. Emakumearen idealizazio bat zegoen, denboran zehar transmititzen joan zena, baina jada ez zegoena errealitateetan: desagertzen ari zen andreek egiten zituzten hautuetan. Euskal matriarkatuaren inguruko istorioak oso idealizatuta zeuden: hedabideetan agertzen ziren, edo gaiari buruzko liburuak ere baziren; gizonek idatzitako liburuak. Baina beste hainbat arlotatik aldaketak zetozen; ni AEB Ameriketako Estatu Batuetan ibilia nintzen, eta han ja guztiz eztabaidatuta eta desterratuta zegoen ikuskera hori; iraganeko kontua zen. Gure lantaldean, berriz, denak ginen andrazkoak, eta gizon bat bakarrik genuen: Joxemartin Apalategi. Zinetan maitasun handiz oroitzen dut hura; haren absentzia beti izan da mingarria. Eta, bueno, gure lantaldean auzitan jartzen genuen esaten zen hori guztia, eta literatura oso bat zegoen, gainera, horren inguruan: guztiz frogatuta zegoen. Baina errealitatea bera aztertzeko hautua egin genuen, hainbat ingurumaritan, gainera: nekazaritza eremuetan, arrantza eremuetan eta hiri guneetan, ez zedin geratu deus ere ikertu gabe. Gaur egun mugarritzat hartzen da lan hura ikerketa feministetan, eta zinetan lan ederra izan zen ezagutza horretara heldu ahal izatea, emakumeekin elkarrizketak egiteko era izatea. Haiexek ematen zizkiguten etsenpluak adierazteko nola pentsatzen zuten, eta pixka bat arakatzen hasi orduko ikusten zen bestelako era bat zela. Iruditzen zait hori erakustea ekarpen garrantzitsua izan zela.

Zer geratzen da iruditeria estereotipatu hartatik?

Ateratzen da inoiz edo behin iruzkinen batean, baina ez dut uste haren iraunkortasunik badenik. Uste dut egun gehiago bizi direla errealitatea, eta emakumeak lan munduan hartu dugun tokiaren ondorioak. Azken urteotan, prozesu hori askoz ere bizkorragoa izan da, gainera, aurreko urteetan baino. Horrexek, errealitate horrekin izan duten harremanak, begiak ireki dizkiete andre askori. Izan ere, errealitatearekin harremana izatean, mitikoak diren gauzei eustea askoz ere zailagoa da. Eta argi geratu da: emakumeok gizonek adina dohain ditugu, eta gai izan gara egokitzeko. Esateko: «Igual, nire ama edo nire amama hori izango ziren: baina ni hau naiz, bestelakoa naiz».

Prozesuok guztiok atzera bueltarik gabeak dira. Inboluzio arriskurik bada? Kezkarik bai?

Ez. Zailtasunak izan ditzakegu, baina espazioak irabazten goazen neurrian, gizonekin aliantza hobeak lortu ahala, konkistatzen joango gara egoteko era berriak.

Baina erresistentziak badira...

Bai, baina erresistentziak aldaketen parte dira. Eta aurrera urrats berriak egiten diren neurrian, erresistentzia berriak agertuko dira. Aldaketa prozesu orotan gertatzen da, eta aldaketak nahi badituzu, bizitzan egoteko era berriak konkistatu nahi badituzu, beti izango dituzu zailtasunak bidean. Horregatik da garrantzitsua mugimendu hauetan guztietan, eta feminismo modu berrietan, aintzat hartzea hori: aurrera urratsak izango direla, baina zailtasunak ere bai, espero ez genituen zailtasunak askotan, pentsatu ere ez genituenak egin.

Bide konplexua da, ezta? Inoiz ezin zaio utzi erne egoteari…

Bai, eta asko nekatzen du horrek. Norberaren inplikazioaren arabera, zinetan lan astuna da. Tentazioa ere izaten da zenbaitetan apur bat amore ematekoa. Kontuan hartu behar da tradizionalki aldaketa hauek emakumeen esku egon direla. Horregatik, niretzat oso garrantzitsua da orain aliantzak eta konplizitateak ehuntzea gizonekin. Oinarrizkoa da hori. Baina, bai, adi egon behar da beti: aldaketak jarraitu egin behar du. Izan ere, lor daiteke gizarte parekide bat. Nola ez da ba izango? Horrek ez du esan nahi denok gauza igualak egin behar ditugunik. Aniztasuna nola kudeatzen den: hortxe dago gakoa. Izan ere, desberdintasunak ez du izan behar desberdinkeria.

1937an jaioa zara zu. Erlijio katolikoak oro irensten zuen…

Erabat.

Oso bestelako gizartea da egungoa, hainbat hamarkadaren ostean. Aski gogoeta egin da aldaketa horren inguruan?

Nik uste dut ezetz. Ez da interesik izan, nolabait ere. Kontuan hartu behar da erlijioa oso lotuta zegoela politikarekin: atxikimendu handia zuen frankismoarekin. Horregatik, nik uste dut laizizazio prozesua jazo zela, baina horren gaineko gogoeta kolektibo handirik gabe. Ni, esaterako, kongregazio bateko kide izan nintzen, eta esker oneko hitzak besterik ez ditut haiek eman zidatenarentzat; baina prozesu oso bat egon zen nire kasuan pentsatzeko erlijioa zer zen niretzat, eta amaitu egin nuen konpromiso hura; beste eremu batzuetara eraman nuen, eta horietako bat, hain justu, feminismoa izan da. Baina uste dut gogoeta handirik ez dela egon gaiaren inguruan; igual, aurrekoarekin apurtzeko premia zegoelako, hain justu ere, erlijioa boterearekin oso lotuta egon zelako.

Errituak aztertu izan dituzu. Sinesmen esparru ere badira horiek egun, sarri askotan, ezta?

Uste dut gizakiak behar dituela errituak: behar ditu ospakizunak, urtemugak... Elkarteek, esaterako, aparteko indarra hartu zuten frankismoaren amaieran, eta diktadura amaitu zelarik, loratu egin zen asoziazionismo hori guztia. Nik uste dut oso garrantzitsua izan zela; makina bat elkarte klase daude gaur, eta batean jardun dezakezu, edo besteari boza eman diezaiokezu... Aberastasun handia dakar pluraltasun horrek.

Sakralizazioa arazo da maiz...

Gehiegizkoa den zerbait une jakin batean mesedegarria izan daiteke, baina errituen sakralizazioan muturrera eginda ezin da beti jardun. Errituak ere jarri behar dira auzitan. Edo une jakin batean garrantzitsua izan daiteke erritu bat: esaterako, krisi egoera batean lagungarria izan daiteke. Baina gero obligaziozkoa delako egiten bada, eta beharrezkoa ez bada, auzitan jartzeko modukoa da.

Zuztarreko aldaketen harira deseroso sentitzen den jendea bada. Nola kudeatu halakoak?

Interesgarria da atzean geratzen den jendeari erreparatzea. Aldaketek erreakzio ugari eragiten dituzte, askotarikoak, eta aldaketa zenbaitek, jada ezarrita dagoen hori ukitzera doazen horiek bereziki, are gehiago. «Honek horrela izan behar du», esaten da halakoetan. Normala da hori ateratzea; beldurra dago hor, inposizioen aurreko beldurra, subordinatua zegoena goratzen ikustekoa... Horregatik informazioa garrantzitsua da: aldaketaren alde irmoen dihardutenek informazio ona sortzea. Izan ere, sarri, beldurrak ezjakintasuna eragiten du. Egongo da jendea, informazio asko jasota ere, lehengoan geratuko dena; baina beste hainbatek jarrera alda dezakete informazio onarekin. Murruak eraiki beharrean, zubiak eraiki behar dira.

Baina beti egongo da bidean geratuko den jendea, ezta?

Bai, eta beti egongo da jendea gusturago dagoena murruan zubian baino. Hori horrela izaten da. Baina ideia garrantzitsua da hori: zubiak eraikitzea, murruen ordez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna