Pentsalari ekintzailea

Gaur dira 40 urte BVEk Jose Miguel Beñaran 'Argala' hil zuela. Gaztetatik jarduera armatuan engaiatu eta pentsamendu politikoan murgildu zelarik, erreferente bilakatu zen ETAn eta ezker independentistan; besteak beste, auzi nazionalaren eta klase borrokaren uztarketan sakontzeagatik.

jon olano
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
«Inork ez du gustuko borroka armatua. Desatsegina da, gogorra; haren ondorioz, espetxera doa jendea, erbestera, torturatu egiten zaituzte; haren ondorioz, norbera hil daiteke, beste norbait hiltzera derrigortzen zaitu, pertsona gogortzen du, min ematen dio, baina borroka armatua ezinbestekoa da aurrera egiteko». Jose Miguel Beñaran Ordeñana Argala ETAko buruzagia zenarenak dira hitzak, Batallon Vasco Español taldeak atentatu batean hil baino egun batzuk lehenago grabatutakoak. Adierazpenok iragarpen bat dirudite, handik egun gutxira hil baitzuten Argala, baina, era berean, hark jarduera armatuarekiko zuen ikusmoldea ere laburbiltzen dute, bere ibilbide politikoa azaltzeko balio duena.

Gaur dira 40 urte BVEk Argala hil zuenetik. Arrigorriagan jaio zen (Bizkaia), 1949an, eta Angelun bizi zen (Lapurdi); etxetik irtetean autora sartu, eta hark eztanda egin zuen. 29 urte zituen, eta, gazte hil arren, ibilbide luzea garatua zuen praxi armatuan eta pentsamendu politikoan. Sortuk hura oroitzeko ekitaldia egingo du gaur, 11:00etan, Angeluko Dous-Bos parkean, Beñaranen autoa lehertu zen lekuan bertan.

Maila pertsonalean eta politikoan, arrastoa utzi zuen Argalak bere kideengan eta haren idatziak irakurri dituzten askorengan. Eremu pertsonalean, haren entzuteko gaitasuna nabarmendu izan dute ezagutu zuten askok. Bat dator Tasio Erkizia ezker abertzaleko kide historikoa. «Testuinguru oso jakin batean» ezagutu zuen Beñaran; bilera batean, zehazki. Abertzale Sozialisten Komitean zebilen Erkizia, «auzo eta herrietako mugimendu zabala» antolatu nahian. Biltzen zirenen artean eztabaida gogorra izan zuten: batzuek zioten ASK-k «transmisio uhal bat» izan behar zuela Euskal Iraultzarako Alderdia sortzeko: «Alderdi marxista-leninista batean pentsatzen ari ziren, eta, leninismoaren interpretazio guztiz itxi batekin, pentsatzen zuten ASK ongi zegoela baina alderdiarentzako tresna bat izan behar zuela. Guk uste genuen ahalik eta jende zabalena bildu behar genuela auzo eta herrietan, eta hori antolatzeko tresna bat izan behar zuela ASK-k; gutxieneko egitura batekin jendea aktibatuko zuena». Alderdietatik autonomoa izan behar zuela uste zuten Erkiziak-eta: «Eskatu genuen KASen aurkeztea gure proiektua, bi ikuspuntuak planteatzeko, eta KASek erabaki zezala; hobesten bazuen alderdiaren katebegi izatea, guk proiektua utziko genuen, ez geundelako prest hori bultzatzeko». KASek Erkiziaren eta abarren proposamena babestu zuen, «ia-ia aho batez».

Horren atarian, Erkiziari aukera eman zioten Argalarekin bilera bat egiteko. Gogoan duenez, bilera hartan Argalak eginiko planteamendua «oso argigarria eta oso animagarria» izan zen: «Guztiz ados zegoen gure planteamenduarekin. Berak zioen siglen bidez herri hau ez zela sekula askatuko. Siglak beti tresnak direla, eta inoiz ez helburua. Eta, zoritxarrez, ezkerrak beti joera du siglak helburu bihurtzeko, eta ez hainbeste bitarteko. Bat gentozen herriko batzarretan antolatu beharra zegoela».

Hori horrela, Argalaren «bi bereizgarri» nabarmendu ditu Erkiziak: «Zabala zen; entzuteko gaitasuna zuen. Ez zintuen mozten, hitz egiten uzten zizun»... Funtsean, interes handia erakusten zuen iritziak jasotzeko. Beste ezaugarria «baikortasuna» da: «Animatu egiten zintuen, aholku argigarriak ematen zizkizun...». Ildo berean mintzo da Andoni Olariaga filosofo eta Iratzar fundazioko kidea; haren esanetan, Argalari buruz hitz egitean, inportantea da ezagutu zutenek aipatzen dituzten balio batzuk azpimarratzea: «Horietako bat da haren herri ikuspegia, kolektiboaren ikuspegia. Oso umila zen, entzuten zuen, asko praktikatzen zuen dialektika hori: entzun, hitz egiten utzi, ahalik eta galderarik zorrotzenak egin... Gaur egun, oso sektarioak eta dogmatikoak izateko ohitura izaten dugu».

Neurri batean, euskal gatazkaren inguruko kontakizunen arteko gatazka hezurmamitzen du Argalaren figurak. Besteak beste, Espainiako judikaturak Erkiziaren, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzailearen eta Alberto Ruiz Azua Arrigorriagako alkate ohiaren aurka egin zuen, Argala oroitzeko eginiko ekitaldiak egitean «terrorismoa goratu» zutelakoan. Izan ere, jarduera armatua praktikatu zuen Beñaranek, ETAren historiako atentatu esanguratsuenetako batean parte hartzeraino: hura izan zen Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidentearen aurkako erasoa prestatu zutenetako bat—atzo bete ziren 45 urte atentatu horretatik—. Era berean, indarkeriaren biktima ere bada, BVEk hil zuenez gero. 2003an El Mundo-k argitaratutako elkarrizketa batean, Beñaran hil zutenetako batek aitortu zuen Espainiako Estatuko segurtasun indarretako kideek egin zutela erasoa, baina inoiz ez dute inor atxilotu edo auzipetu Argalaren hilketaren harira.

Argalaren eta beste askoren «duintasuna» goretsi du Itziar Aizpurua Herri Batasunaren sortzaileetako batek: «Borroka batean bere guztia ematen duena, hori bezalakorik ez dago. Euskal Herriaren aldeko borrokan aritutako guztiek duintasuna dute».

Txanponaren bi aldeak

Argala 1968 aldera sartu zen ETAn. Urte horretan, erakunde armatuak jauzia egin zuen bere jardunean: lehen hildakoa eragin zuen, Jose Pardines guardia zibila, eta Txabi Etxebarrieta ETAko kidea hil zuen Guardia Zibilak egun berean. Bi hilabete geroago, berariaz eginiko lehen erasoa gauzatu zuen, eta Meliton Manzanas Poliziako Brigada Politiko-Sozialeko Gipuzkoako burua tiroz hil. «Argalaren belaunaldia 1970eko hamarkadan kokatzen da, ondoren etorriko den demokrazia formalaren eta trantsizioaren testuinguruan», dio Olariagak. Haren esanetan, garai historikoa ulertzeko eta horren arabera jokatzeko gaitasuna zuen: «Bazekien zein zen unean uneko estrategia eta taktika egokiena, eta zein izan behar zuten aurrera eraman beharreko borrokak eta ildoak, eta, horrekin batera, zein zen antolaerarik eraginkorrena xede horiek aurrera eramateko».

Aizpuruak klandestinitatean ezagutu zuen Argala, eta argi dauka Beñaranek maila politikoan eginiko ekarpen nagusia zein den: «Berak gauzatu zuen ETAko V. Biltzarrean erabaki zena: herri honen borroka, nazionala ez ezik, soziala ere bazela, txanponaren bi aldeak zirela. Hori bera gauzatu zuen». Aizpuruak gogoan ditu Argalaren hitzak: «Argi esan zuen: gu ez gaude espainiarren aurka, haiekiko klase elkartasun osoa baitaukagu. Baina gu euskaldunak gara; haiek nazio bat, eta gu beste bat. Oraindik borroka horretan gaude». Nazio eta klase borrokaren uztarketa hori gehiago lotzen du Olariagak aurreko belaunaldiarekin, «sintetizazio horretan asmatu zutenak V. Biltzarrekoak izan baitziren: Etxebarrieta, Federiko Krutwig...» Horiek Euskal Herrira ekarri zituzten mundu mailako hainbat joera, asmatu zuten Euskal Herri Langilea kontzeptua, Independentzia eta sozialismoa leloa, eta abar.Sintesi hori «eguneratu» egin zuen Argalak: «Heldutasun politiko handiagoz, praxi eta estrategia zehatz bati lotuta, tesi horrek gorputz handiagoa hartu zuen».

Jada ETAn zegoela, erakundearen V. eta VI. biltzarren arteko eszisioa ezagutu zuen Argalak, 1970ean. Bosgarren biltzarraren alde lerratu zen, eta kritika gogorrak egin zizkien seigarren biltzarrekoei. Jokin Apalategiren Euskaldunok, naziotik estatura libururako hitzaurrea idatzi zuen Beñaranek, eta bertan zabaldu zituen seigarren biltzarrekoekiko kritikak. Olariagaren hitzetan, emantzipazio subjektuak zein izan behar duen zen ETAren zatiketan zegoen eztabaida nagusia, «gaur egungo antzeko parametroetan», eta uste du Argala «oso zehatza» dela ETA VI-koekiko kritikan: «Esan zuen bi borroka horiek ezin zirela ulertu biak uztartu gabe, eta internazionalismoaren ideia gehitu zion». ETA militarraren eta politiko-militarraren arteko haustura ere bizi izan zuen lau urte geroago. «Oso gaizki» zeramatzan zatiketak, baina argi zuen bere ikusmoldea; polimiliek ez bezala, Argalak ezinbestekotzat jotzen zuen alderdi politikoa eta adar armatua egituraz bereiztea.

Ondoren heldu ziren Francoren heriotza, Yeuko deportazioa, Txibertako elkarrizketak eta Angeluko bizimodua, 1978ko abenduaren 21ean Renault 5 azpiko bonbak eztanda egin zuen arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.