Koronabirusa

Irailaren 13tik hirugarren dosia hartuko dute Iparraldeko zahar etxeetan

Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Koronabirusaren kontrako txertoaren immunitatea sendotzeko asmoz, hirugarren ziztada hartzeko bidea ireki zuen Frantziako Gobernuak, eta horretarako onespena eman dio Frantziako Osasun Aginte Gorenak: 65 urtetik gorakoei eta herritar zaurgarriei hirugarren dosia hartzea gomendatu die. Bada, egutegia zehaztu du Frantziako Gobernuak, Jean Castex lehen ministroak jakinarazi duenez. Irailaren 13tik aitzina zahar etxeetako egoiliarrek aukera izango dute hirugarren ziztada hartzeko: bigarren dosia jarri eta sei hilabeteko epea utzi behar dute pasatzera, gutxienez. EMA Sendagaien Europako Agentziak, berriz, herenegun erran zuen ez dagoela argi hirugarren dosia beharrezkoa ote den, eta noiz.

Castexek gehitu du 65 urtetik gorakoek eta herritar zaurgarriek irailaren hasieratik hartzen ahalko dutela hirugarren dosia hartzeko ordua, baina oraindik ez du zehaztu noiztik aurrera jarriko dieten.

Txertoa hedatzeko erronka

Osasun langileen derrigorrezko txertaketaren harira, honela mintzatu zen Castex: «Txertorik hartu ez duten osasun langileak zigortu egingo ditugu». Izan ere, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak onartu egin zuen Frantziako Gobernuaren neurria: txertoa hartzen ez badute, osasun langileek ez dute lansaririk jasoko, eta kontratua behin-behinean etenen zaie. Irailaren 15era arte izanen dute lehen dosia hartzeko, eta pauta osoa berantenez urriaren 15erako bukatu beharko dute. Gainera, osasun ziurtagiria beharrezkoa den guneetako langileek, hala nola kultur guneetakoek, kirol geletakoek, eta ostalaritzakoek ziurtagiria beharrezkoa izanen dute lan egiteko datorren astelehenetik aitzina.

Castexek, bide beretik, gogorarazi du 12 eta 17 urte bitartekoei irailaren 30etik goiti eskatuko zaiela osasun ziurtagiria jada beharrezkoa den lekuetan. Horretarako, ikastetxeetan txertatzeko «bidea erraztea» hitzeman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.