Rakel Lopezen hiltzaileari zigor iraunkorra jarri diote

Eibarren jaiotako andrearen eta haren semearen hilketaren harira epaitu du Madrilgo Probintzia Auzitegiak; bikote erlazioa zuen andrazkoarekin

arantxa iraola
2019ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Rakel Lopez Airas eta haren semea hilotz agertu ziren 2017ko maiatzaren 2an. 44 urte zituen andrazkoak —Eibarkoa zen sortzez (Gipuzkoa)—, eta 12 haren semeak. Labanaz egindako zauriak zituzten biek. Alcobendasen (Madril) agertu ziren, beren etxean. Emakumearen senarrak senide bati aitortu zion berak hil zituela biak, baina ezkutatu egin zen, eta Poliziak hilabete geroago atxilotu zuen azkenean. Atzo jakin zen espetxealdi iraunkor berrikusgarria ezarri diotela gizonari.

Madrilgo Probintzia Auzitegian epaitu dute. Sententziaren arabera, ahaidetasunaren eta «genero motiboek bultzatuta» jardutearen larrigarriak ezarri behar zaizkio auzipetuari, eta aintzakotzat hartu dituzte zigorra ebaztean. 25 urteko kartzela zigorra ezarri diote andrearen hilketarengatik; zigor iraunkor berrikusgarria haren semearenarengatik.

Herri akusazio moduan parte hartu du auzibidean Eibarko Udalak, eta Mikel de los Toyos alkateak adierazi du begi onez hartu dutela ebazpena. «Egoerak eragindako minak ez du atzera-bueltarik, baina justizia egin da». Espetxe zigor mota hori 2015ean onartu zuten Espainian, besteak beste adingabeen hilketa kasuetarako. Behin ezarri dute orain arte Euskal Herrian; 2016ko urtarrilean Gasteizen Alicia izeneko 17 hilabeteko ume bat hil zuen gizonarentzat izan zen. Arabako Auzitegiak ezarri zion zigorra, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak berretsi egin zuen gero. Umearen ama hiltzen ere saiatu zen gizona.

Bestalde, larunbatean Baionan hilotz agertu zen emaztea hiltzea leporatuta atxilotuta dagoen gizonezkoak gaur deklaratuko du epailearen aurrean. Gizonak berak hots egin zion Poliziari, bikotekidea hilda aurkitu zuela esanez; andreak ubelduak zituen. Aurrekariak ditu bortxa matxistarekin lotutako delituengatik. Lapurdin aurten gertatu den hirugarren hilketa matxista da. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak Baionako Herriko Etxearen aitzinean elkarretaratze bat eginen du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.