Pastor
DARWIN ETA GU

Netflix, Doraemon eta J.R.

2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Netflix ez ei dago pozik bere produkzioaren %6 espainiera ez diren baina espainiarrak omen diren hizkuntzetan eskaini beharko duelako. Zenbait hedabide espainiarrek azaldu dutenez, Pedro Sanchezek engainatu egin dituela uste dute enpresa estatubatuarraren buruek. Espainiako presidenteak ez omen zien esan halako exijentziak jarriko zituenik duela hilabete batzuk AEBetan —Kalifornian, zehazki— haiekin elkartu zenean. Agintari sozialistak iruzur egin die, antza.

Netflixen haserrearen jatorria soilik Sanchezen portaera ote den jakitea ez da erraza. Ez da izango, azken batean, eskaintza osoaren % 6 beste hizkuntza batzuetan eman beharko duelako, Espainiako gobernuak eta ERCek lotu duten akordioaren ondorioz? Arau hori ezarri ezean, Netflix eta antzeko enpresek euskaraz, katalanez eta galizieraz emango ligukete eskupeko hori? Eskupekoa baita hori. Tira, jendea egongo da, %6ko portzentajea duina iruditzen zaiona. Jakina, ezer ere ez izatearekin konparatzen baduzu, itzela dirudi, baina funtsean miseria da, urri-urria, eta ezin du errealitatea ezkutatu: serie, film eta antzeko produktuen %94 espainieraz ikusi beharko ditugu. Edo ingelesez edo beste hizkuntza batez, baina euskaraz, ez.

Komunikabideek eskaintzen dituzten ikus-entzunezko produktuen kalitatea eztabaidagarria izan daiteke arlo eta kasu askotan. Hala ere, ez da komeni dena zuria ala beltza dikotomiaren barruan sartzea. Lan horien funtsezko helburua entretenitzea da —eta dirua irabaztea, noski—. Horri kalitate maila eta ekarpen kulturala ere gehitzen bazaizkio, primeran, baina hori ez da ezinbestekoa produktu horietan.

80ko urteen hasieran TV3 Dallas serie mitikoa katalanez eskaintzen hasi zenean, zenbait intelektual progre buruargi kexatu egin ziren —horietako gehienak Gaztelako hizkuntzaren jabe harroak ziren, katalanez moldatzen ez zirenak edo hitz egin nahi ez zutenak—. «Horretarako nahi zenuten katalanezko telebista, halako zaborra eskaintzeko?», galdetzen zuten orduan.Generalitateko Hizkuntza Normalizaziorako Zerbitzuaren buru Miquel Strubell Truetak argi erantzun zien elkarrizketa batean: «Utz iezaiozue zuek Katalunian Dallas gazteleraz emateari eta orduantxe hasiko gara hitz egiten». Eta J.R. Erwing gaiztoa katalanez mintzatzen entzun zuten Katalunian.

Teoriko espainiar batzuek betiko tranpa egiten dute. Haiek egiten ez dutena, egingo ez luketena, besteei egiteko esaten diete. Haiek edozer zabal dezakete hedabideetan; audientziak berenganatzeko ia edozerk balio du. Hala ere, beste inor esparrua jaten hasten bazaie, kontuz! Orduan zorrotz egiten dute kalitatearen alde. Zeinek egiten du gehiago euskararen normalizazioaren alde: Dreyer, Duvivier eta abarren zuri-beltzeko klasikoek ala The Innocents edo Cable Girls serieek? Ez dugu burua lar nekatu behar zuzen erantzuteko.

Kalitatearen kontuaren antzeko argudio bihurria erabili dute zenbait hedabide espainiarrek EH Bilduk Espainiako Gobernuaren aurrekontuak onartzeko lortu dituen kontuetako bat nabarmentzeko. Gure inguruko kazetari bat harantzago joan zaigu. «ETB3 Nafarroan osoan ikusiko da bertako umeak doktrinatzeko», esan du. Erriberako umeak Doraemon komandoa sortzen hasiko direla besterik ez zuen esan behar. Javier Esparza nafar espainolista ere antzera mintzatu da: «EH Bildu Euskal Herria eraikitzeko erabiltzen ari da euskara». Jakina. Euskal Herria ez da, bada, euskararen herria? Zertarako erabili behar zuen, bada, euskara? Andaluzia, Gaztela edo Groenlandia eraikitzeko? Euskal Herria eraikitzetik Doraemon euskaraz eskaintzera, titulua jarri du beste egunkari batek. Eta zorioneko Doraemon euskaraz eskaintzea ere Euskal Herria eraikitzea izango balitz?

«El amor y el petróleo son la misma cosa, cariño» —«maitasuna eta petrolioa gauza bera dira, laztana»—, bota zuen J.R. Erwing-ek. Hala ere, Dallas serieko gaiztoaren esaldia espainieraz edo euskaraz esatea ez da, ez, gauza bera. Euskal Herrian ez, behintzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.