Alternatibak ere, andreen eskutik

Klima krisiaren ondoriorik larrienak jasaten ari dira emakumeak, lurrari, familiari eta zaintza lanari atxikiak diren neurrian. Berotze globalak dakartzan muturreko fenomeno klimatikoen aurrean kalteberagoak badira ere, alternatibak ere ari dira sustatzen han eta hemen. COP25en azaldu dituzte haietako batzuk.

Amerikako emakume nekazariei buruzko erakusketa, COP25ean. EFE.
inaki petxarroman
Madril
2019ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Nazio Batuen Erakundeak (NBE) ohartarazi du emakumeak kalteberagoak direla klima krisia ekartzen ari den aldaketak direla eta. Emakumeei gizarte patriarkalak ezarri izan dien rolak zerikusia dauka horretan. Izan ere, elikatzea, ura bilatzea eta giza taldeetako pertsonarik ahulenak zaintzea egokitu izan zaienez, are eta arrisku handiagoa daukate muturreko fenomeno klimatikoak direla eta: lehorteak, suteak, eurite bortitzak, nekazaritza lurren edota ur edangarri iturrien galera.

Ur edangarri bila joaten gizonek baino askoz ere ordu gehiago ematen dituzte andreek. NBEk 25 herrialdetan egindako ikerketa baten arabera, andreek hiru aldiz denbora gehiago pasatzen dute zeregin horretan. Eta klima krisia ur edangarriaren eskasia eragiten ari denez, are eta gogorrago eragiten die emakumeei. Izan ere, etxeko txikienen zaintza eta ardura haiena denez, askotan eskolara joateari uzten diote eta halako lanei eskaintzen diote gero eta denbora gehiago.

Ekosistemen eta lur emankorren galerak ere eragin handiagoa dauka emakumeengan gizonengan baino. NBEk egindako ikerketen arabera, munduan diren klima errefuxiatuen %80 emakumeak dira. Emigratzeko denbora horretan emakumeek arrisku handia izaten dute sexu erasoak eta indarkeria sexista pairatzeko.

Atzo berdintasunari eta generoari lotutako programa ondu zuen COP25ek, eta emakumeen bazterketaren hainbat datu eta adibide eman zituzten gune ezberdinetan. Alabaina, klima krisiaren alternatiba ere emakumeen eskutik etorriko dela nabarmendu zuten hainbat forotan.

Esate baterako, COP25en ikusgai dagoen erakusketa batean ageri dira Amerikan zehar hainbat emakume sustatzen ari diren proiektuak. Besteak beste, Perun nola aurre egiten ari zaizkion energiaren alorretik heldu den kutsadurari, edota Fijin, Kandavu uhartean 376 etxetan ezarri dituzten eguzki panelak. Haiekin, pobrezia energetikoari aurre egin nahi diote, eta emakumeek jasaten dituzten osasun eta hezkuntza arrakalak gainditu. Antzeko proiektuak dituzte martxan Kolonbian, Costa Rican, Bangladeshen, Marokon eta Australian, besteak beste. Andrea Quesada NBEko Latinoamerikako Garapenerako Programako (PNUD) genero eta ingurumen adituak Efe agentziari emandako elkarrizketa batean azpimarratu zuen emakumeek denbora gehiago ematen dutela euren ingurukoen ongizatea bermatzeko, eta horren baitan kokatu behar direla tokian tokiko garapen proiektu horiek ere. «Toki batzuetan agian ez diote deitzen klima aldaketa, baina badakite zer den, bete-betean ari direlako nozitzen haren ondorioak. Lehorte sasoi gero eta luzeagoak izaten ari dira, eta euri aroak jadanik ezin dituzte aurreikusi. Egokitzeko eta bizirik irauteko,ahal duten guztia egiten ari dira».

Barbados uharteetan, Jamaikan eta Granadan, esate baterako, nekazaritza eredu iraunkorragoak erabiltzen ikasi dute, eta horrek uzta seguruagoa bermatu die. Horretarako, tresnak izan dira laborantzak urtez urte aldatzea, ura modu egokian gordetzea eta natur baliabideak erabiltzea lurraren ongarri moduan. «PNUDen ikuspegitik ezinbestekoa da emakumeak ahalduntzea ditugun ingurumen erronkak betetzeko».

Alabaina, haren esanetan, herrialdeetako gidaritza postuetan ere beharrezkoa da emakumeek esku hartzea, eta, salatu duenez, oraindik egindakoak ez dira nahikoak horretarako.

Aurrerapausoak ere ikusten ditu, nolanahi ere. Eta horien artean aipatu ditu hainbat herrialdetan martxan diren egitasmoak. «Mexikon, Costa Rican eta Perun lan handia egiten ari dira genero programek anbizio handiagoa izan dezaten, eta bideratu daitezen klima aldaketak dakartzan arriskuei hobeto erantzutera».

Thunberg, zientzialariekin

COP25 azken txanpara iristen ari da, eta atzo nabarmena zen ordezkaritza diplomatikoen presentzia handiagoa zela aurreko egunetan baino. Besteak beste, bi eztabaidagai nagusi dituzte mahai gainean: karbono isurketen merkatuaren irizpideak finkatzea eta herrialde pobretuei eman behar zaien 100.000 milioi dolarreko funtsa nola osatu erabakitzea.

Nolanahi ere, kameren presentzia Greta Thunberg Fridays For Future gazte erakundeko ekintzaile suediarrak erakarri zuen berriz ere. Atzo mundu mailako hainbat zientzialarirekin egin zuen agerraldia, eta, bezperan gertatu bezala, isilik egotea deliberatu zuen, zientzialarien hitza «indartsuago» entzun dadin. Bezperan bezala ere, Luisa Neubauer FFFko kide alemaniarra ere egon zen mahaian.

Besteak beste, IPCCko zuzendariordeak, Ko Barret eta Jouba Sokona, eta Rachel Ceetus Willians Moomaw eta Sivan Karta zientzialariek hitz egin zuten. Kartak ohartarazi zuen, klima aldaketari aurre egiteko behar diren neurriak hartu ezean, planetako tenperatura bost edo sei gradu igo daitekeela. «Zer gertatuko da hori hala izango balitz? Ez dakigu, sekula ez garelako egon egoera horretan», azaldu zuen Stockholmeko Ingurumen Institutuko ordezkariak. Ceetus ekonomialariak onartu zuen trantsizio energetikoaren lehen izpi bat ikusten hasi dela, baina oraindik oso eskasa dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.