Garraiolariek «burlatzat» jo dute N-1 errepideko bidesariaren arau berria

EH Bildu ere haserre azaldu da Gipuzkoako Aldundiaren ahaleginarekin, uste baitu hamabi milioi euroko «zuloa» eragin dezakeela

Kamioi bat Andoaingo arkutik igarotzen, N-1 errepidean. JON URBE / FOKU.
Iker Aranburu.
2018ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
N-1 autobiako bidesariaren kontura Gipuzkoako Aldundiaren eta garraio enpresen artean piztutako lehiak aurrera segitzen du. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren babesa jaso ondoren, Fenasdimer Espainiako garraio enpresen federazioak «burlatzat» jo du Markel Olanoren gobernuak beste foru arau bat prestatu izana auzitegiaren debekuari izkin egiteko. EH Bilduk ere kritikatu du aldundiaren gobernua, ez bidesarien aurka dagoelako —gobernuan zegoela, hark proposatu zituen lehen aldiz—, baizik eta uste duelako arau berri bat egiteak «hamabi milioi euroko zuloa» eragin dezakeela lurraldearen kontuetan.

EAJren foru gobernuak eztabaida publikora atera du N-1eko bidesariari buruzko bigarren foru araua. Lehenengoa urtarrilaren 9an jarri zuten indarrean, baina apirilean legez kanpokoa zela ebatzi zuen EAEko Auzitegiak, kanpoko garraiolariei kalte egiten zielakoan. Batez ere bertakoek erabiltzen dituzten errepide zatietan bidesariak txikiagoak direla izan zen argudio nagusia.

Orduko araua legezkoa dela dio Olanoren gobernuak, eta horregatik jarraitu du N-1a erabiltzen duten kamioei bidesaria kobratzen. Espainiako Auzitegi Gorenera jo du EAEko epaileen epaia bertan behera uzteko, baina, organo horretan ere porrot egiteko arriskua ikusita, bidesariak arautzeko beste foru arau bat prestatu du, tarifa eta errepide tarte berriekin. Funtsean, berekin ekarriko du Andoaingo arkua soilik igarotzen dutenek gehiago ordaintzea, horixe omen delako bertakoek gehien erabiltzen dutena.

«Errespetu falta»

Bigarren foru arauaren iragarpena oso gaizki hartu du lehenengoaren aurka epaitegietan egin zuen Espainiako garraiolarien federazioak, Fenasdimerrek. «Bidesarien oraingo araudi diskriminatzailea ezkutatatu» nahi izatea egotzi dio Olanoren gobernuari. «Erabateko errespetu falta da gure sistema judizialari […], benetako burla bat garraio gipuzkoarrentzat eta Espainiako gainontzeko lekutakoentzat». Garraiolarien elkarteak ziurtatu du aldundiaren asmoa dela ez itzuli behar izatea orain arte bidesarietan jasotako dirua. Hain zuzen ere, diru hori itzuli behar izateko arriskuaz ohartarazi du EH Bilduk. Hamabi milioi euroan jokoan daudela dio koalizio independentistak, hori izan baitaiteke 2018 osoan N-1a erabili duten kamioilariek ordainduko dutena. Foru araua aldatuta «EAEko auzitegiaren epaia» onartzea egotzi dio Olanoren taldeari, eta eskatu dio azal dezala txosten juridikorik egin ote duen bigarren araua egin aurretik. «Prepotentziaz eta partidismoz» jokatu izana aurpegiratu dio EH Bilduk EAJri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.