Auzoan dute konponbidea…

Kolonbia da Venezuelako migratzaile gehien hartu duen herrialdea. Mugako zazpi postuk eta ehundik gora bidexkak lotzen dituzte bi herrialdeak 2.219 kilometrotan.

Bogotako El Bosque (basoa) kanpamentuan ia 400 migratzaile venezuelar daude. JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Bogota
2018ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Salitre, Bogotako autobus terminala, 07:30. Zortzi metro koadroko bulego koxkor batean jendea ezin kabituta. Eta atarian, ilara luzean, jende gehiago, sartzeko txandaren zain. Bulego hau da Venezuelatik datozenentzako laguntza gune bakarra. Erakunde publikoek harrera gune handi bat egiteko asmoa aipatu dute, baina, gaur-gaurkoz, Migratzaileen Arretarako Fundazioa elizako elkartearen lokal txiki hori da migratzaileen erreferentzia. Txokolate beroa eta ogi zatiak banatzen ari dira, goizero bezala.

«Bi milioi eta erdi pertsona atera dira Venezuelatik, gutxi gorabehera», dio Estefani Lopez irakasleak. «Lau milioitik gertu atera dira», dio Martha Lucia Marquez irakasleak. Kolonbiako Unibertsitate Nazionalean, migrazio prozesuak ikertzen ditu Lopezek. Pensar Institutuko zuzendaria da Marquez, eta berak ere aztergai du venezuelarren migrazio masiboa. Eztabaida iturri da orotara Venezuela utzi duten migratzaileen kopurua. Kolonbiara sartu direnen kopuruaz hitz egitean, aldiz, adostasun handiagoa dago. Akademiko gehienen ustez, gobernuak esandako 1.250.000 venezuelarrak baino dezente gehiago daude.

Nonahi suma daiteke venezuelarren gaztelania karibetarra Bogotako kalean. Autobusetan dabiltza litxarreriak edo jada baliorik ez duten bolivar billeteak saltzen, kale bazterretan tinto kafea edo zigarreta eskaintzen, zerbitzari, mandatari, ile apaintzaile... prostituzioan ere ari dira.

Bizkar zorroan darama bere ondasun guztia Rodrigo Jose Hernandezek: «Arropa pixka bat, agiri batzuk, 200 dolar eta zilarrezko bi hautsontzi». Errefuxiatu politiko estatusa eskatzea du xede. «Pozik nago, bilera bat lortu baitut kantzelaritzan, nire kasua aztertuko duten esperantza dut». Salbuespena da, zientoka batzuek baino ez baitute babes politikoa eskatu jazarpen ideologiko edo politikoagatik.

«Nazioarteko zuzenbideak politikoki jazarriei aitortzen die babesa eskatzeko eskubidea; krisi sozioekonomikoak eragindako migrazioekiko legedia ez da hain zehatza». Marquezen hitzak dira. Korapilo hori dela medio, Lopezek uste du Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria, UNHCR, diplomazia jokoetan ari dela: «Migratzaileei laguntzen ari da hemen, baina ez du errefuxiatu estatusik aipatzen; nazioartean, aldiz, esan izan du krisi humanitario batetik ihesean etortzeagatik errefuxiatu babesa eman dakiekeela».

Autobus terminaletik hurbil, migrazioaren alderdirik hitsena: El Bosque (basoa). Behinola parkea, gaur kanpamentu handi bat da. Dozenaka kanpin denda, plastiko beltzekin estaliak euritik hobeto babesteko. Zaborra eta lokatza. Udalaren aginduz, Poliziak perimetroa hesituta dauka. «Gero eta presio handiagoa egiten dute hemendik alde egin dezagun», kexu da Maicol Abreu. Makurtuta dago lurrean piztutako sua hauspotzen plastikozko xafla batez. Pertzakada ur ari da berotzen, hamabi senideko familiarentzat pasta kozinatzeko. Lana aurkitzea baino ez dute buruan: «Soldatzaileak, diseinatzaile grafikoak, mekanikariak... Denok dugu ofizioa, eta lana beltz egiteko pronto gaude! Hemendik bidali nahi gaituzte... nora joateko, baina?». 392 pertsona daude, eta, barrutiaren ertz batean, bi komun eramangarri, baina ezin dituzte erabili. Venezuelarren «kontrola eta jarraipena» egiten duten funtzionarioentzat dira komun horiek.

Oinez iritsitakoak

«Etxe honetan gauden ia denok pasatu dugu muga ibaitik, 20.000 peso [bost euro eta erdi] ordainduta», azaldu du emakume batek magalean duen haurrari kontuak egiteari utzi gabe. Kiusmayu Rivero du izena, eta senarrarekin bildu nahi du Pasto hirian (Kolonbiako hego-mendebaldea), handik Ekuadorrera igarotzeko. Kezkatuta dago: «Kontua da autobus txartela erosteko pasaportea zigilatua izatea eskatu didatela, eta nik ez dut zigilurik». Riverok, apezpikutzaren aterpetxean dauden gehienek bezala, baquiano edo mugalari bati esker lortu zuen Kolonbian sartzea.

Teresinha Monteiro aterpetxean boluntario ari den lekaimeak berretsi du hori: «Gurera etortzen diren hamar lagunetatik bakarrak, asko jota bik, izan ohi du pasaportean mugazainen zigilua. Eta gehienek bidearen zati bat, behintzat, oinez egin dute. Zapatak dena urratuak dituztela iristen dira. Taldean eta errepidetik egin ohi dute bidea, seguruago ibiltzeko, baina atzo bertan bi neska gazte heldu zitzaizkigun Tunjan lapurreta egin zietela kontatuz. Izan ere, hasieran gizonezkoak bakarrik heltzen ziren, familiei hemendik dirua bidaltzeko asmotan, baina gaur egun gehienak emakumeak dira, haurrak hartuta migratzen ari diren andreak. Hezkuntza maila apala dakarte, eta dirurik ia batere ez».

Lanerako aukera nahikorik ez dagoelako, xenofobia sufritzen dutelako eta eguraldi hotza jasangaitza zaielako, Bogotara iristen diren venezuelar gehienek ez dute bertan geratu nahi. Beste hiri batzuetara edo beste herrialde batzuetara bidaiatu nahi dute. Limako Taldeko herrialdeek elkar hartu dute NBEri laguntza eskatzeko. «Kolonbia ari da horretan buru egiten; batik bat, ezin duelako bere gain hartu milioi bat lagunen iritsierak osasun arloan eta hezkuntzan eragindako kostua», esan du Marquezek. Koordinazioa, ordea, «hitz hutsetan geratu da», Lopezen arabera: «Muga politika propioa ezarri du bakoitzak: Txilek profesional adituei baimendu die sarrera. Ekuador pasaporte eske hasi da, nahiz eta Mercosurreko hitzarmenaren eta bertako konstituzioaren aurkakoa den hori. Peruk ere antzera jokatu du».

Bogotak berandu erantzun du, eta ez dio arazoari sustraietatik heldu, ez dago estrategiarik, Marquezen iritzira: «2016ko erdialdera arte, migrazioa nabarmendu ez zedin ahalegindu zen Kolonbiako Gobernua, Venezuela herrialde laguna zelako garai hartan; FARCekin egindako bake prozesua bideratzeko giltzarri izan baitzen chavismoa. 2017ra arte ez zen taxuz erantzuten hasi». Orduan egin zuen Santosen gobernuak venezuelarren lehen errolda, eta «migratzaile askoren egoera legeztatu zuten bi urterako baimen bereziak banatuz, iritsi berriek lan merkatura eta osasunera sarbidea izan zezaten», gaineratu du Lopezek. Ivan Duque presidenteak bertan behera utzi du legeztatze prozedura. Geroztik, venezuelarrak sartzen dira, baina ez dituzte erregularizatzen.

«Migrazioak jarraituko du»

Gaitza da venezuelar migratzaileen ataka, eta ez dirudi datorrena samurragoa izango denik: «Migrazioa aurrerantzean ere izango da, eta venezuelarren kopurua hazi egingo da familiak bateratzen hasten direnean», iragarri du Marquezek. Lopez iritzi bertsukoa da: «Maduroren erregimena eroriko balitz ere, estatu kolpe bategatik edo dena delakoagatik, berreraikuntzak urte asko behar lituzke, eta joandako jendea ez da berehalakoan itzuliko. Horregatik, gizarteratzean ahalegin handiagoa egin behar lukete herrialde hartzaileek; batik bat, Andeetakoek; gehiago hitz egin behar lukete integrazioaz, eta ez hainbeste erregularizazioaz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.