Trumpek Errusiarekiko harremana «hobetu» nahi du

ander perez zala
2019ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Mike Pompeo Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Estatu idazkariak atzo adierazi zuenez, Donald Trump AEBetako presidenteak Errusiarekiko harremana «hobetu» nahi du. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroarekin batzartu zen atzo, Sotxi hirian (Errusia); bi agintariek jakinarazi zuten gaurtik aurrera Moskuren eta Washingtonen arteko hartu emana hobetzeko «esfortzua» egingo dutela. Lavrov bide horretatik mintzatu zen: «[Atzoko bilerak] Baikortasun apur bat eman digu».

Errusiako Atzerri ministroaren iritziz, bi potentzien arteko «matrize berri bat» sortzeko garaia da, «eraikitzailea eta arduratsua», eta hori egiteko «prest» agertu zen. AEBetako Estatu idazkariak gaineratu zuen bi herrialdeek «interes komunak» dituztela, eta horregatik uste duela «aurrerapausoak» eman ditzaketela «armen kontrolaren arloan, terrorismoaren aurkako borrokan edota segurtasun estrategikoan».

Lavrovek eta Pompeok Venezuelako egoera politikoaz, Iranekin adostu zuten akordio nuklearraz eta desarmatzeari buruzko Gerra Hotz garaiko itunaz eztabaidatu zuten —azken bi akordio horietatik ateratzeko erabakia hartu dute AEBek—.

Bi agintariek ekain amaierarako finkatu dute hurrengo hitzordua, Osakan (Japonia), G20ko herrialdeak han batzartuko baitira datorren hilabeteko 28an eta 29an.

Trumpek herenegun gauean baieztatu zuen Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta Xi Jinping Txinakoarekin elkartuko dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.