Irakeko Diyala probintziako bi hiritatik bidali dute Estatu Islamikoa

Mikel Rodriguez -

2014ko azaroak 25
Irakeko milizia xiitek eta kurduen pexmerga indarrek elkarlanean bi hiritatik bidali dute EI Estatu Islamikoa, ekialdeko Diyala probintzian. Azken asteotan Irakeko iparraldean armadak, miliziek eta pexmergek EIren aurkako gerraren norabidea euren alde paratzea lortu dute, baina ez hego-mendebaldeko Al-Anbar probintzia handian. Armadak galera handiak izan ditu han, eta muturreko islamisten alde paratu ez diren tribu sunitak dira erresistentzia nagusia. «Berehala behar dugu aireko laguntza gure hiriaren aurkako erasoari aurre egiteko», adierazi dio Ramaditik Falih al-Issawi Al-Anbarko gobernadoreordeak Rudaw kazetari —Ramadi da probintziako hiriburua—. AEBek diotenez, haiek eta haien aliatuek ortziraletik 24 aire eraso egin dituzte EIren aurka, horietako lau Al-Anbarren.

Diyalako Saadiya eta Yalula hirietan herenegun sartu ziren milizia xiitak eta kurduak. Ekainean Mosulen hasitako erasoaldiaren ondoren hartu zituen EIk kontrolpean. Komenientziazko aliantza horri, ordea, arantzak ager dakizkioke agudo. Izan ere, pexmergek Badr miliziari eskatu diote Saadiyaren kontrola kurduen esku uzteko. «Badr brigada Saadiyan dago orain, eta negoziatu egin behar dugu hiritik atera daitezen», adierazi dio Rudaw-i Ahmed Latif-ek, pexmergen bozeramaileak. Latifek dio erasoaldiaren ardura pexmergek izan dutela, eta Badr milizia errefortzu besterik ez dela izan. Miliziaren arduradunak, ordea, ez daude ados horrekin.

Al-Anbarren, ezinean

Al-Anbarren, ordea, bertzelakoa da egoera. Al-Issawi gobernadoreordeak jakinarazi duenez, EIko 2.000 kide inguruk eraso diote probintziako hiriburuari. «Bertako Polizia, armada eta tribuetako indarrak ari dira borrokan. Baina beharrezkoa dugu nazioarteko koalizioko indarrek bonbardaketak gogortzea Estatu Islamikoaren aurka». Bagdadetik ehun kilometro mendebaldera dago Ramadi. EIk iazko abenduan eraso zion lehenbizikoz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna