Garapena sustatzeko Nobel saria

Duela 40 urte sortu zituzten Right Livelihood sariak, 'Nobel alternatiboak' deritzenak, ingurumenaren eta justizia sozialaren alde aritzen direnei laguntzeko. Aurten, lau ekintzailek jaso dute saria: Aminatu Haidarrek, Greta Thunbergek, Guo Jianmeik eta Davi Kopenawak.

arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Jakob von Uexkull filantropoak Nobel sari ezagunak banatzen dituen institutura jo zuen 1979an, iritzita sari banaketan bazela hutsune handi bezain larri bat: ingurumenarekin eta justizia sozialarekin lotutakoa. Izan ere, garai hartako gizartean gero eta handiagoa zen ingurumenaren inguruko kezka, eta estatuburuek ateak itxita egin ohi zituzten goi bilera haietan ezer gutxi hitz egiten zen auziaz. Aldiz, ekintzaileen artean bazen mugimendurik eta lan egiteko gogorik.

«Nobel saria jasoko balute, estatuek beste era batera jokatuko lukete», otu zitzaion ordu hartan Von Uexkulli, eta Nobel institutuko atea jo zuen. Haiek, baina, ez ziren iritzi berekoak, eta beste bide bat hartu behar izan zuen politikari eta ekintzaileak. Eta hala sortu ziren Right Livelihood sariak, Nobel Alternatibo esaten dietenak.

Lehen urte hartan, bi izan ziren sarituak: Hassan Fathy arkitektoa eta Plenty International AEBetako gobernuz kanpoko erakundea. Geroztik, askoz gehiago izan dira Nobel ez-ofiziala jaso dutenak; Petra Kelly politikari eta ekintzaile alemaniarra eta Survival International gobernuz kanpoko erakundea, besteak beste. Aurten beste lau ekintzailek jaso dute saria:

AMINATU HAIDAR

Saharako Gandhi ere deitzen diote Haidarri, Marokok hainbatetan atxilotu eta torturatu arren protesta baketsuei eutsi dielako. Maiz salatu izan du Marokok giza eskubideen aldeko ekintzaileei ematen dien tratua: «Hemen ez dago manifestaziorako eskubiderik, ez eta adierazpen askatasunik ere. Inork autodeterminazioaren aldeko aldarririk ateratzen badu, atxilotu eta torturatu egiten dute».

Ez da hori Haidarrek bere lanagatik jasotzen duen lehen saria. Duela hamar urte, 2009ko azaroan, Civil Courage saria eman zioten AEBetan. Etxera bueltan zela, ordea, Marokok galarazi egin zion Mendebaldeko Saharan sartzea, bere dokumentuetan sahararra zela agertzen zelako eta berak uko egin ziolako marokoar nazionalitatea aitortzeari. Rabatek Espainiara kanporatu zuen, baina Madrilek ez zion Saharan sartzen utzi, bere pasaportea ez zelako «legezkoa».

Hainbat astez luzatu zen protesta, eta haren egoerak nazioartearen arreta bereganatu zuen. Horri esker, azkenean, Marokok amore eman eta etxera itzultzeko baimena eman zion ekintzaileari. Ordurako, ordea, haren osasuna nabarmen okertua zen.

Geroztik ere hainbat eraso eta debekuri aurre egin behar izan die Haidarrek. Berak argi du zein den bidea: «Itxaropena dut etorkizunari begira. Ziur naiz egun batean justizia helduko dela, baina ez dut uste egun hori gertu dagoenik».

GUO JIANMEI

Emakumeen eskubideen alde lan egin du urte askoan Guo Jianmeik Txinan, 650 milioi emakumeren herrialdean. Bera izan zen emakumeen eskubideen alde onartutako lehen legea bultzatu zutenetako bat. «Txinan, loti ederraren antzekoa da legea. Egon badaude, baina askoz hobeto balia daitezke, eta era horretan emakumeen eskubide eta beharrak bete ahal izango lirateke», esan izan du berak behin baino gehiagotan.

Txinako testuingurua aldatu egin zen NBEk iragarri zuenean 1995ean han egingo zuela Munduko Emakumeen IV. Konferentzia. Horren ostean sortu zen emakumeei lege aholkularitza eskaintzeko gobernuz kanpoko lehen erakundea. Haren lehen kasua Xuzhouko emakume batena izan zen. Poliziak atxilotu eta hil egin zion semea, eta, hiriburura jo zuenean argibideak eskatzera, autobus batek harrapatu zuen. Hari epaitegira lagundu zionean, honela esan zion epaileak: «Nola etor zaitezke itxura hori duen emakume batekin? Ez al duzu beste kasurik?». Hor amaitu zen auzia. Epaileak entzungor egin zion, eta aretotik bidali zituen.

Atzo, baina, haren lana saritu zuten Stockholmen. Guo bera ezin izan zen han egon, baina euren lanaren aitortza gisa hartu zuen saria: «Nire taldeari eta nire lanari egindako aitortza bat da hau, eta bultzada bat emango dio Txinako emakumeen borrokari».

GRETA THUNBERG

Ekintzaile suediarrak ez du aurkezpenik behar. Klima aldaketaren aurkako borrokaren ikur bilakatu da 15 urteko gaztea azken urtean. Suediako hauteskundeen atarian, bera izan zen klimaren aldeko lehen ikasleen greba antolatu zuena, eta hortik jaio zen Fridays For Future mugimendua.

«Badakigu zerbait egin genezakeela egoera aldatzeko. Nik ezin dut bozkatu, baina nire esku dago gure ahotsa entzunaraztea. Ostiralero, klasetik irteten naiz parlamentuaren aurrean esertzeko, eta hala jarraituko dut gure agintariek Parisko Akordioarekin bat egin artean». Hain zuzen ere,klimari buruzko goi bileran da egungotan Thunberg, eta beraz ezin izan du sari banaketan egon. Mugimenduak Suedian duen ordezkaritzako kideek hartu zuten hitza haren ordez: «Inoiz ez dugu sari bat jaso. Hau ez da pertsona bakarrarentzako saria, mugimendu osoarentzakoa baizik».

DAVI KOPENAWA

Brasilgo herri indigenarik handiena da yanomamiena, eta haien kide da Kopenawa. Haien lurraldea Brasil eta Venezuela artean dago kokatua. Urre bila doazen meatzarien eta nekazaritzan aritu asmo dutenen bisitak ohikoak bilakatu dira haien lurretan, kalterako gehienetan. Hain zuzen ere, yanomamien %20 inguru hil egin ziren meatzariek 1980. eta 1990. urteen artean eramandako gaitzen ondorioz.

Kopenawa eta beste buruzagi indigenen lanari esker, 1992an Brasilgo Gobernuak 96.000 kilometro koadroko eremua aitortu zion herri indigena horri. Gerora, Hutukara Yanomami Elkartea sortu zuten, haien eskubideak bermatzeko. Kopenawa elkarte horretako burua da, eta egun indigenek duten ordezkari nagusia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.