Qatarko Munduko Kopa. A multzoa

Qatar. Selekzioa ere, eraikia

Qatarren eta Ekuadorren arteko neurketarekin hasiko da bihar Munduko Kopa (17:00). Iñigo Arteagak zortzi hilabete eman zituen Qatarren, eta ezin du «ulertu» txapelketa han jokatzea.

Qatarrek Asiako Kopa irabazi zuen 2019an, Japoniaren kontra. Irudian, jokalariak garaipena ospatzen. BERRIA.
Iñaki Berastegi.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
FIFAk 2010ean erabaki zuen 2018ko Munduko Kopa Errusian jokatuko zela eta 2022koa, berriz, Qatarren.Ordutik ari da Qatarko selekzioa, 2004an sortutako Aspire akademiak gidatuta, bere historiako kirol ekitaldirik garrantzitsuena prestatzen. Antolatzailea izateaz gain, selekzioaren lehendabiziko parte hartzea ere izango baitaMunduko Kopa bateko azken fasean. «Herrialde antolatzailea izan gabe, zaila lukete sailkatzea, nahiz eta emaitza onak lortu dituzten azken urteetan jokatu dituzten txapelketetan; FIFAko zerrendan 50. postuan dago». Iñigo Arteaga (Donostia, 1972) atezainen entrenatzailearen hitzak dira. Javi Graciaren talde teknikoaren barruan, zortzi hilabete eman zituen — 2021eko abendutik 2022ko uztailera— Qatarko talderik indartsuena zuzentzen, Al-Sadd taldea, hain zuzen.

Donostiarrak ondo ezagutzen ditu hango futbola eta selekzioa. Ondo baino hobeto, selekzioaren deialdian Al-Saddeko hamahiru jokalari baitaude. Felix Sanchez entrenatzaile espainiarra da hautatzailea, eta beste hamar herrialdetan jaiotako jokalariak daude. «Aspire akademiarekin hasi zen prozesu hori. Konturatu ziren inguruko herrialdeetako jokalaririkonenak behar zituztela, eta txikitatik akademiara eramaten zituzten. Jakin behar da Qatarren 2 miloi inguru pertsona bizi direla, eta horietatik 400.000 baino ez dira han jaioak». Beraz, esan liteke Aspire akademia dagoela Qatarko futbolaren oinarrian. «Guk, behintzat, sentipen hori izan genuen. Futbol Federazioko bulegoa, adibidez, akademian bertan dago, eta selekzioarekin aritzen zen jokalariren batek klubarekin min hartzen bazuen, akademian artatzen zuten».

Akram Afif taldeko izarra da horren adibide on bat. «Kuwaitarra da. Atzerritarra da, baina atxikipen handia du Qatarrekin. Azkarra eta kalitate handiko jokalaria da». 2009an, 13 urterekin, sartu zen Aspire akademian. Truke programa batzuei esker, Vila-realen, Sevillaren eta Sportigen harrobian eta Belgikako KAS Eupen taldean aritu zen Al-Saddera itzuli aurretik. «Afifekin batera, Al-Haydos kapitaina, Ali Asad edo Mohammed Waad dira taldeari beste zerbait eman diezaioketenak. Ez dute Europako liga handietan jokatzeko mailarik, baina euren herrialdeko talde indartsuetan daude».

Joko landua egiten duen selekzioa da. «Baloia edukitzea gustatzen zaie. Bakarka ez dira kalitate handiko jokalariak, eta fisikoki ere ez dira oso indartsuak, baina, talde gisa, gauzak txukun egiten dituzte. Etxean jokatzen dutela jakinda, partidaren bat irabazteko aukera izan dezakete». Ekainetik ari da egonaldia egiten selekzioa. «Hautatuta dauden jokalariak selekzioarekin ari dira bakarrik: udaz geroztik, ez dituzte ligako eta bestelako lehiaketetako partidak jokatu. Gainera, oso jokalari langile eta exijenteak dira, ikasteko gogoa dute, eta hori guztia selekzioarekin erakutsi nahiko dute».

Egokitu beharra

Qatartarrek kirola «maite» badute ere, Arteagak aipatzen duenez, bertakoei nazioarteko kirol ekitaldi handietara joatea baino ez zaie gustatzen. «Kirolzaleak eta futbolzaleak dira, baina telebistaz ikusteko bada. Futbol partidetara 50 eta 150 zale artean joan ohi ziren. Hori bai: Munduko Kopan estadio guztiak beteko dira, ziur». Ez zuten arazorik izan Qatarren lan egiteko eta bizitzeko, baina ohitura eta gauza berri askotara egokitu behar izan zuten. «Ezin duzu maitasun adierazpen handirik egin, ezta jatetxe batean ardoa edan ere. Euren erlijioa beste edozer gauzaren gainetik dago, eta zuk hori onartu egin behar duzu han egoteko».

Hori horrela, Arteagak ez du «ulertu» Munduko Kopa Qatarren antolatu izana. «Dena negozio bat izan da. Atzerritik etorritako jendea 24 orduz aritzen zen lanean estadioak eta bestelakoak eraikitzen. Ikusi da segurtasuna bermatu gabe gauzak azkar egiten direnean zer gertatzen den, baina frogatuta geratu da eurek, duten diruarekin, nahi dutena egin dezaketela. Gainera, Munduko Kopa bat futbola gustuko eta bizi duen lurralde batean egin beharko litzateke». Eta jokatzeko izango diren baldintzen ohartarazpenarekin amaitu du: «Sasoi honetan, 25 eta 35 gradu artean egon daiteke tenperatura, goizetik gauera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.