SERIEA. Frantziako ezkerra (II). Benoit Hamon.

«Salviniren konplizea da Macron»

2017ko presidentetzarako bozen ondotik, PS utzi, eta Generation sortu zuen Hamonek. Mugimendu herritarra osatu nahi du, PS eta Frantzia Intsumisoaren arteko espazio politikoan.

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Alternatiba egunetara zetorrela-eta onartu zuen Benoit Hamon Generation mugimenduko buruak (Saint-Renan, Bretainia, 1967) BERRIAren galderei erantzutea. Bi hitzorduren artean, karrikan ibiliz, izan zen elkarrizketa: hari «bonjour», honi bostekoa, besteari irriño bat... Hurbileko kolaboratzaileak inguruan zituen une oro, galdera bat desegokia ala zorrotzegi iruditzean aditzera emanez; bakarra ere ez zuen saihestu Hamonek.

Zer analisi egiten duzu Frantziako ezkerraren egoeraz?

Kasik mundu guziko ezkerrarekin gertatzen ari dena da. Ezkerreko ildo oso bat, sozialdemokraziarena, liberalismoa apailatzea hautatu zuena, itzaltzen ari da, erortzen ari da. Ezkerrarentzat izan duen eragina da, beste ildo baten agertzea; ildo populista bat, Espainian, Frantzian, edo Alemanian ikus daitekeenaren gisan. Ezker-eskuin bereizketa baztertzen dute gizarteak egituratzen dituen bereizketa elitearen eta herriaren artekoa dela erranez.

Interesatzen zaidana ezkerra da; ekologia politikotik baizik ezin da berriztatu; kapitalismoaz, gure garapen ereduaz, eta gure ekoizpen eta kontsumo moduez gogoeta egitera bultzatzen gaituelako. Gogoeta hori, ezkerraren zati anitzengandik alfer pausoan utzia izan da. Horregatik ezarri dut trantsizio ekologikoa programako elementu nagusi gisa. Horregatik jarri naiz bizitzeko errenta unibertsalaren alde. Horregatik ezarri nahi izan nuen presidentetza hauteskundeen garaian iraultza digitalak lanean duen eraginaren inguruko eztabaida.

PS Alderdi Sozialistako zure iragana pisu bat da zuretzat?

Ikusten ditudan jendeen artean ez dit nehork aipatzen, politikako profesionalek izan ezik. Maila pertsonalean beharrezko erabakia zen PS uztea. Nire familia politikoko buruzagien bi herenek traizionatu ninduten kanpaina bati aurre egin behar izan nion.Ez dut egindako ezer ukatzen, eta, era berean, biziki pozik naiz hartu izan ditudan erabakiez.

Badirudi ezkerraren hegemonia lortzeko gerla hasia dela.

Niretzat, arazoa ez da hegemonia.

«Ekologisten hautagaia» zu zarela diozu.

Hala izan nintzen azken presidentetzako hauteskundeetan...

Ez ote da erratea «berdeak ni naiz», «ezkerra ni naiz»?

Ez! Ohartzen ari gara ingurumen hondamen batetik biziki hurbil garela. Ekologia politikoaren helduaroan sartzen ari gara, eta, beti bezala, ikusten dugu aparatu politikoak izan sozialista, komunista, intsumisoa, berdea, beren baitan hetsirik egoten direla. Nik, zera erraten diet alde guzietako ekologistei: sor dezagun hori babestuko eta bultzatuko duen indar politikoa.

Udaberrian izan ziren saialdiak ezkerreko batasun bat lortzeko.

Ez dakit metodo ona den ezkerreko mutur, frakzio guziak bildu, eta mahaiaren inguruan ematea. Ezker herritarra, berritzailea dena, ez da hor. Generationen izenean, herritar hautagaitzarako dei bat eginen dugu Europako hauteskundeetarako; saiatuko gara etorkinen, ingurumenaren, eta gizarte gaien inguruko zerrenda adierazgarri bat egiten. Mugimendu politikoa, gu aitzin edo gure ondoan beste batzuek eramaten zituzten borroken zerbitzura emanen da.

Europaren gaiak zatiketa eragiten du ezkerrean.

Ni itunak aldatzearen alde nago, demokratizazioaren alde nago, merkataritza askerako itunen kontra nago, trantsizio ekologikoaren aldekoa naiz; denek gauza bera erraten dugu. Aldiz, Jean Lucek [Melenchon] uste du Frantzia Europatik ateratzea mahai gainean ezartzearen arriskua har daitekeela aldatzeko. Eta nik ez diet nire haurrei erran nahi herrien arteko kooperazioari uko egin diogula. Alde guzietan nazionalismoen gorakada dagoen testuinguru batean, nork ez du ikusten Europatik ateratzea arras lehergarriak izan daitezkeen lehia eta gatazketara gomita bat dela?

Nola aztertzen duzu eskuin muturraren gorakada?

Ondorioak ikaragarriak dira. Municheko akordio famatu haien garaian Europako demokraziek izan zuten porrot sinesgaitzarekin antzekotasun handiak daude gaur egun arrazismoaren eta nazionalismoaren inguruan demokrazia liberalek duten jarreran. Churchillek erran zuen: «Gerla ekidin nahi izan duzue; gerla eta desohorea izanen dituzue». Gaur egun etorkinei eta gobernuz kanpoko erakundeei begira dugun jarrerarekin, mota guzietako eskuin muturren aitzinean amore ematen dutenek desohorera garamatzate.

Jende horiek, sistema liberalak sortutako etsipenaz elikatzen dira: Macron ez da Salviniren etsaia, haren konplizea da. Guk, Europako ezker ekologista, feminista eta haurridetasunezkoa, burua altxatu eta bataila ideologikoa gure balio propioetan egitea onartu behar dugu.

Zein erantzun eman behar lioke ezkerrak immigrazioari?

Egia erratea. Hurrengo urteetan migrazio handiak izanen dira, gatazkei eta klimari lotuak. Ez da ospe onekoa, baina onartzen dut: gure partea hartu beharko dugu. Zein da alternatiba? Herritarrei gezurra erratea Trumpen gisara murruak eraikitzea aipatuz, ala Macronek eta Salvinik bezala jendea itsasoan hiltzen utziz?

Ezkerrekoa izanik, etorkinen harrera orokortua uka daiteke?

Ez dago kontsentsu sozialik etorkinak baldintzarik gabe hartzeko. Ezkerrekoa izateak, bestalde, erregulazioa ematea erran nahi du, interes orokorrari pentsatzea, merkatuak eta egoera naturalak araurik ez duten lekuetan. Begira Baigorriko adibidea: auzapezak herritarrei idatzi zien bere desmartxa ausarta esplikatuz, eta denek onartutako epe eta leku batera mugatu zuen harrera.

Herrien autodeterminazio eskubidea eztabaida publikora atera da azken urteetan.

Kataluniako gertaldia Espainiako eta Europako demokraziaren porrot ikaragarri bat bezala ikusi dut. Lurralde baten etorkizunari buruzko iritzi bat emateko borondatea dagoen toki batean, hautetsontziak hausten dituzten militar eta polizien sinboloa, zorigaitzekoa da. Eta ondotik, prozesu politiko bat izan beharko lukeena judizializatzea, erranez epaileek erabakiko dutela Kataluniako egoeraren aterabidea...

VI. Errepublika bati begira demokraziaren eta lurraldeen gaia berrikustearen aldekoa naiz. Nik ez dut eztabaida honetan sartu nahi demokraziaren ikuspegi arkaiko bat ekarrita, Parisen erabakitakoa herritar guzientzat ona litzatekeela erranez. Aitzinamenduak izan dira, lehenik deszentralizazioaren harira, ondoren eskualdeko hizkuntzen harira. Prozesu hori jarraitzearen aldekoa naiz.

Frantziak ez ote du nolazpaiteko zor moral bat herri gutxitu horiei begira?

Nik ez dut hori horrela bizi, bretainiarra izanez. Uste dut noiz edo noiz hobenak eginak izan direla, bereziki, hizkuntzaren irakaskuntza oztopatu nahi izan delarik. Nik ikusi dut nire aitaren edo gurasoen belaunaldiari kasik debekatzen zitzaiolarik bretoiera mintzatzea, edo gutxienez normala ikusten zelarik bretoiera ez irakastea, funtsean beste zerbaitera pasatu behar zelako. Katalanek gauza bera erraten dute. Uste dut hobenak izan direla. Hoben ukaezinak. Eta uste dut orain heldutasun politikoak agintzen digula irakaspenak ateratzea huts horietarik, eta ez gehiago ikustea kultura eta nortasun horien garapena zerbait arriskutsu gisa Frantziarentzat, baizik eta xantza baten gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.