AEBek egin bezala, Errusia ere armagabetze itunetik atera da

Putinentzat, Washingtonek aitzakiak jartzen ditu, «indarrean dagoen sistema eraisteko». Moskuk ez du nahi armamentu lasterketarik, baina misil hipersoniko bat garatuko du

Putin, argazkiaren eskuinaldean, Lavrov Atzerri ministroarekin hitz egiten, atzo, Moskun. ALEXEY NIKOLSKY / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Nazioarteko oreka geopolitikoa kolokan jar dezakeen erabakia hartu dute AEBek eta Errusiak. Azken hilabeteotan behin baino gehiagotan iragarritakoa bete, eta Washingtonek herenegun jakinarazi zuen bi herrialdeek 1987an sinatutako INF armagabetze itunetik ateratzea erabaki duela. Errusiari aurpegiratzen dio akordioak jasotakoa urratzen ari dela. Errusia ere, horrenbestez, itunetik atera da. «Erantzun simetrikoa» da, Vladimir Putin presidenteak atzo nabarmendu zuenez. Adostutakoaren arabera, irismen laburreko eta ertaineko lurreko misilak, 500 eta 5.500 kilometro arteko distantziara jaurti daitezkeenak, debekatzen ditu itunak. Bi herrialdeek izenpetu zuten Gerra Hotzaren garaian, eta akordioak dio «nazioarteko segurtasuna egonkortzen» duela, eta «gerrak izateko aukerak» murrizten dituela.

AEBek aspalditik Errusiari egozten diotena da irismen luzeagoko lurreko misilak dituela, eta horiek mehatxu bat direla Europako herrialdeentzat. NATOk bat egiten du Washingtonek egindako salaketarekin, Jens Stoltenberg aliantzako idazkari nagusiak atzo jakinarazi bezala: «Aliatu guztiak ados daude AEBekin, Errusiak hainbat urtez urratu duelako ituna». Putinentzat, ordea, Washington «aitzakiak» bilatzen arida. «Indarrean dagoen segurtasun sistema eraitsi nahi du». Kremlinak dio Europako mugetatik gertu kokatutako misil horiek 480 kilometroko distantzia egin dezaketela gehienez.

Adituen esanetan, irismen ertain eta laburreko misilak arma bereziki arriskutsuak dira, minutu bakar batzuk baino ez baitituzte behar helburura heltzeko. Beraz, apenas ematen duten erreakzionatzeko gaitasunik; eta, gainera, gatazka nuklear global baten arriskua handitu dezakete, baldin eta jaurtiketa ohartarazpen gezurrezko bat gertatuz gero.

Hartutako erabakian atzera egiten ez badute, datozen sei hilabeteetan gauzatuko dute itunetik ateratzeko prozesua. Putinek azpimarratu du berriro negoziatzeko prest dagoela, baina «heldutasuna» eskatu die AEBei. Akordiorik ez badago, AEBek misil sistemak ezarri ahal izango lituzkete EB Europako Batasunean.

Bien bitartean, irismen ertaineko misil hipersoniko bat garatzeko baimena eman dio Kremlineko buruak Defentsa Ministerioari. Dena dela, horrek ez du esan nahiDefentsarako aurrekontua handituko dutenik; «doitu» egingo dute, Putinen hitzetan. Nabarmendu zuen, gainera, ez dutela hasi nahi armamentu lasterketarik. SIPRI Stockholmeko Nazioarteko Bakearen Ikerketarako Institutuaren arabera, AEBak dira defentsan gastu handiena egiten dutenak urtero (610.000 milioi dolar), eta Txina da bigarrena (228.000 milioi dolar). Errusiak 67.000 milioi dolar gastatzen ditu.

Txinaren rola

Txinako Atzerri Ministerioak eskatu die bi herrialdeei hitz egin dezatela, ohartaraziz akordiotik ateratzeak «ondorio negatiboak» eragin ditzakeela nazioartean. Pentagonoaren txosten batek dioenez, AEBetako helburuei eraso egiteko prestatzen ari da Txina bere pilotuak. INF akordioa hautsita, AEBek bidea libre edukiko lukete Txinaren armamentu garapenari erantzuteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.