Futbola. Europako Ligako finalerdietako itzulikoa: Athletic 3 - Sporting Lisboa 1

Ilusioa, indarra eta magia

Athletic bikain aritu da Sporting Lisboaren aurka, eta merezita ariko da Europako Ligako finalean, 35 urteren ondoren

Zuri-gorriek maiatzaren 9an jokatuko dute finala, Bukaresten, Atletico Madrilen aurka

Jon Eskudero -

2012ko apirilak 27
Golak: 1-0: Susaetak (17. min.); 1-1: Van Wolfswinkelek (44. min.); 2-1: Ibai Gomezek (45. min.); 3-1: Llorentek (89. min.). Epailea: Martin Atkinson (Inglaterra). Txartel horiak: Athleticeko Amorebieta eta Ibai Gomezi; eta Sporting Lisboako Van Wolfswinkel, CarriƧo eta Xandaori. Bestelakoak: Bete egin zen San Mames, 40.000 ikusle inguru, tartean Sportingeko bi bat mila jarraitzaile.

Historia egiten jarraitzen du Athleticek. Istorio luzea eta zaila igaro zuen atzo Sporting Lisboaren aurka, San Mamesen, baina merezi izan zuen. Dena jarri zuten zuri-gorriek, eta indarrari, ilusioari eta batez ere, San Mamesen magiari esker, Europako Ligako final preziatura sailkatu da. Lehen zatia aparta izan, eta bigarrena gogorra. Baina Llorentek azken txanpan eginiko golari esker, ametsek egia bidea jarraitzen dute. Historikoa da Athletic egiten ari dena, denboraldi honetan bi final jokatuko baititu.

Lehenengo zatia ahaztezin horietakoa izan zen, San Mamesek aspaldian hartu duen onenetarikoa, onena ez esatearren. Ez zen deus ere falta izan. Athleticeko jokalariek zera eskatzen zuten neurketa aurretik eginiko adierazpenetan, ahal bezain laster gola egin beharra zegoela, eta berehalakoan iritsi ez bazen ere, Susaetak zulatu zuen atea ordu laurdena bete bezain pronto. Hori bai, merezita jarri ziren aurretik zuri-gorriak, aukerak bata bestearen atzetik izan baitzituzten Llorentek zein Ibai Gomezek. Goleko jokaldia aparta izan zen, munduko talderik onenak sinatzeko modukoa. Taldeko hiru erdilariek bikain nahastu zituzten aurkariak eskuin hegalean, Herrerak hartu zuen erdiratzeko ardura, Llorentek defentsak erakartzekoa eta Susaetak gola egitekoa. Latza. Ikusgarria.

Athleticek aurrea hartu zuen kanporaketan, baina asko ez, ikaragarri falta zen oraindik epaileak azken txistua jotzeko. Sporting Lisboak erakutsi zuen joanekoan nortasuna duen taldea dela, eta atzo ere bai. Gola jaso arren, burua altxa eta lanari ekin zion, eta aukerak sortzen hasi zen. Ez zen atzean sartu Bielsaren taldea, baina zelai erdiko kontrola galdu egin zuen. Iturraspe, Herrera eta Muniainek ezingo zuten finala jokatu txartel horia ikusiz gero, eta igarri egin zen hori.

Baina aurtengo Athletic ez da edonolakoa, eta berehala suspertu zen. Susaetak erbia zirudien, eta Javi Martinezek puskatu ezin den horma. Ondoen ari zirenean, ordea, hara kolpea. Zortea lagun, banakoa egin zuen Van Wolfswinkelek. Errebote bat haren hanketara heldu zen, eta ez zuen barkatu 42. minutuan. Iraizoz ongi engainatuta, isilik utzi zituen San Mameseko zaleak.

Berriz ere denboraldi guztiko mamuak egin zuen bisita zelaira. Ordea, atzokoa egun espeziala zen, eta zaleek berehala uxatu zuten. Bazirudien gol psikologikoa Sporting Lisboak egin zuela. Hala uste zen, baina usteak erdia ustel. Edo erdia baino gutxiago. Izan ere, hortzak zorrotzak izaten ditu lehoiak, eta, beraz, Athleticek ere bai. Atsedenaldira joan aurreko azken jokaldian, bideoan grabatzeko beste jokaldi bat egin zuten zuri-gorriek. Ederra. Llorente da taldeko golegilea, baina atzoko lehen zatian beste lan batean aritu zen: paseak ematen. Ibai Gomezi sekulako pasea sartu zion, atzeko lerroak hautsiz, eta Santutxukoak ez zuen barkatu. Lezamako azken harribitxiak maisuki egin zuen 2-1ekoa.

Jokalariek denbora gehiago eskertuko lukete sarritan atseden hartzeko bigarren zatia hasi aurretik. Atzo, baina, luze egin ziren hamabost minutuak, sekulako tentsioa baitzegoen. Eta tentsio berarekin zelairatu ziren hogeita bi jokalariak bigarren zatian. Horrek zera ekarri zuen, jokoaren ikusgarritasuna eta kalitatea galtzea. Nekeak ere, noski, izan zuen zerikusirik.

Errespetu handiz lehiatu ziren bi taldeak bigarren berrogeita bost minutuetan. Gola sartzeak asko balio zuen, baina ez hartzeak gehiago. Aurpegietako sufrimenduak, hitz dardartiak, agindu oldarkorrak. Zer ez zen ikusi azken txanpan San Mamesen. Lasaien jokalariak egon ziren, eta eskerrak. Hastapeneko minutuetan apur bat kosta arren, Athletic hasi zen jokoa bere onera ekartzen, eta era berean, aukera arriskutsuak sortzen. Baten atzetik bestea seguru omen da, eta halaxe etorri ziren zuri-gorrien aukerak. Sortzetik sartzera, ordea, aldea dago, eta handia, gainera.

Inork kanporaketa irabazteko meriturik egin bazuen, Athleticek egin zuen. Joan den astearteko Bartzelonaren partida etorriko zitzaion gogora bati baino gehiagori. Izan ere, futbolean garbi nagusitu ziren zuri-gorriak, baina ez du beti onenak irabazten. Susaetak barkatu egin zuen birritan, eta Llorentek ere bai 70. minutuan. Goikako jokoa da Bielsaren taldearen indargunea, baina atzo ez zuen asmatu. Hori bai, Javi Martinezek zutoinera bidali zuen baloia buruz korner batean. Berehala etorri zen Sporting Lisboaren erantzuna. Jokoan ezin zuenez, falta batean saiatu zen Insua, eta hark ere zutoina jo zuen.

Llorentek agertu behar zuen

Errezoak eta antzerakoak franko izango ziren estadioan, eta azkenean heldu zen lanaren fruitua. Merezitasun osoz, Llorente agertu zen, lehoien nagusia, eta Athleticeko erregea. Partida bikaina jokatu zuen errioxarrak, eta 88. minutan ezin hobeto amaitu zuen Ibai Gomezek hasitako jokaldi bat. Defentsari aurrea hartu zion aurrelariak, eta atezaina ederki gainditu zuen. Azken minutuak luzeak izan ziren oso, baina epaileak azken txistua jotzean festa bihurtu zen Bilbo osoa.

Final preziatua maiatzaren 9an jokatuko du Athleticek Bukaresten, Atletico Madrilen aurka, eta Bielsak prest izango ditu jokalari guztiak. Atzo ez zuen inork txartel horirik ikusi, eta De Marcos ere prest egongo da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna