Falta jaurtiketak eta gola: hesia handituz doa

Eskasian dira zuzeneko falta jaurtiketen bidez sartzen diren golak. Espainiako ligan, esaterako, lau gol baino ez dituzte sartu modu horretan lehen itzulian. Espezialistak desagertu izana izan daiteke arrazoietako bat, baina badira gehiago.

Falta jaurtiketak eta gola: hesia handituz doa.
Aitor Manterola Garate.
2022ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Norbere taldearen aurka area ertzean eta atea parez pare zela falta adierazten zuenean epaileak, kezka beldur bihurtzen zen aspaldi ez zela. Ia talde guztiek izaten zutelako espezialista bat jaurtiketa horiei aparteko etekina ateratzeko. Orain, berriz, ez dute lehengo izuaren laurdenik ere sortzen. Sartzea zaildu egin delako. Ikaragarri pila gutxitu da falta bidez zuzenean sarturiko golen kopurua.

Espainiako ligako datua da esanguratsuena Europako ligen artean: denboraldi honetan, lehen itzulian, lau gol baino ez dituzte sartu horrela, eta laurak Euskal Herriko taldeenak izan dira: Realean, Mikel Oiartzabalek Bartzelonari sartu zion bat, eta Alexander Isakek beste bat Atletico Madrili; Osasunan, Iñigo Perezek Mallorcari sartu zion bat, eta Iker Muniainek Realari bestea. Aurreko sasoian 15 gol baino ez ziren sartu zuzeneko faltetan, eta hiru sasoi lehenagoko 34 golek azaltzen dute beheranzko joera.

Ingalaterran ere antzera dabiltza. Denboraldi honetan, Premier League-ren erdia baino gehiago jokatu eta gero, bederatzi gol ikusi dituzte zaleek falta bidez atera sartzen. Aurreko denboraldian, hamahiru baino ez zituzten ikusi. Alemanian, Bundesligan, 25etik 11ra murriztu da kopurua bost urtean; Italian, Serie An, aldi berean, 36tik 19ra; azkenik, Frantzian, Ligue 1en, 29tik 12ra egin du behera gol kopuruak lau urtean.

Datuen atzean zerbait badago, eta hainbat egoera plazaratu dituzte geldikako jokaldiak aztertzen dituen Facundo Ceriani entrenatzaileak (Zarate, Argentina, 1973), Eli Ibarra Eibarreko eta Athleticeko jokalari ohiak eta falta jaurtitzaile trebeak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1981), eta Mikel Arruabarrena jokalari ohiak eta Hirugarren Mailako Tolosako (Gipuzkoa) entrenatzaileak (Tolosa, Gipuzkoa, 1983). Cerianik eta Arruabarrenak bat egin dute eragile hau aipatzean: espezialistak falta dira; lehengo aldean ez daude hainbeste.

Ez da urteetan oso atzera egin behar faltak botatzen aparteko trebezia izan zuten jokalariak gogoratzeko: Milinko Pantic, Vasili Tsartas, Javi De Pedro, Sinisa Mihajlovic, Ronaldinho, David Beckham... eta azkenetakoen artean Leo Messi eta Cristiano Ronaldo daude. Pep Guardiola Manchester Cityko entrenatzaileak beste izen bat ere aipatu du berriki: James Ward-Prowse (Southampton) jo du munduko onentzat. Gaur egun, azkeneko hirurez gain, badira beste batzuk ere abilak, baina zerrenda ez da duela urte batzuetakoa bezain luzea. Espezialistak falta izatearen atzean, baina, zer dago? Arruabarrenak aldaketa sakon baten barruan sartu du azalpena: «Lehen, ohikoa izaten zen jokalari trebeak faltak botatzen geratzea entrenamenduen ondoren. Ordubete igaro zezaketen jaurtiketak egiten. Orain ez dira geratzen. Egiteko agintzen zaiena egin, eta badoaz». Cerianik ere entrenamenduetara zuzendu du azterketaren begirada: «Baliteke gutxiago entrenatzea halakoak lehengo aldean, orain oso jokalari gutxi geratzen direlako faltak botatzen lan saioa amaitu ondoren». Baina beste azalpen bati ere heldu dio: «Agian, talentu gutxiago dago orain horrelako faltak botatzeko».

Talentuarena ez da azalpen kamutsa, eta galdera potoloa du atzean: entrenatu daiteke jokalari bat falta jaurtitzaile trebea izateko, ala berezko dohainak eduki behar ditu? Ibarrak garbi dauka erantzuna: «Ondo jo behar da baloia ezer baino lehen. Batez ere hori da, baloiari jotzeko modua, oinaren gainaren barrualdeko aldearekin ematen jakitea, eta uste dut berezkoa izan behar duela, entrenatu daitekeen arren». Arruabarrenak ere iritzi bera dauka: «Jaio egiten dira aparteko jokalari horiek, eta, landuta hobetzea ere baldin badago, berezko zerbait behar du. Azkenean, baloia ondo jotzen duenak ondo jotzen du».

Entrenamenduetan, «urri»

Jokalariak bere kabuz geratu behar badu falta jaurtiketak entseatzen, horrek esan nahi du entrenamenduen plangintzan ez daukala leku askorik, baldin eta jokalariaren esku geratzen bada. Ez da edozer modutan egindako baieztapena, Cerianik ikertu eta emandako datuetan oinarritua baizik: «Geldikako jokaldi guztiak asteko entrenamenduen %5 baino ez dira. Atera kontuak hortik zenbat entrenatu daitezkeen zuzeneko falta jaurtiketak: ia batere ez». Datuei tiraka, beste hauek ere atera ditu, ondorio argigarriekin: «Espainiako ligan, golen %25-33 izaten dira geldikako jokaldien bitartez sarturikoak, eta horiek guztietatik, %3 baino ez dira zuzeneko falta jaurtiketetan lortutakoak». Donostian bizi den entrenatzaile argentinarraren ustez, «pena da» horrela izatea: «Oso jokaldi garrantzitsuak dira, eta partidak erabaki ditzakete. Ez zaie daukaten hainbesteko inportantzia ematen».

Baloia, hesiak, atezainak...

Espezialistek zelaietan trebezia erakusten zuten garaietan, jokalaria ez zegoen orain bezain babestua araudiaren aldetik. Jokoa bortitzagoa zen orduan, baina epaileek falta bat adierazteko jokalariek orain baino zerbait gehiago egin behar izaten zuten. Jokoa makalagoa zen, ordea, eta falta kopurua ez zen txikia izaten araudia malguagoa izanda ere. Orain, bizi-bizi ibiltzen dute baloia, eta jokalari trebeenei baloia kentzea lan nekeza da defentsako lanean ari direnentzat; baita falta egitera iristea ere. Baina, jokalaria babestuago dagoenez araudiari esker, falta arriskutsuen kopuruak ez du behera egin. «Ez nuke esango orain zuzeneko falta jaurtitzeko aukerak gutxitu egin direnik», dio Cerianik. Lehengo eraginkortasuna lortzeko espezialistak eta entrenamendua falta izateaz gain, beste eragile batzuk aipatu dituzte Argentinakoak, Arruabarrenak eta Ibarrak: baloia, hesia eta atezaina.

«Baloiak menderatzea zailagoa da orain, lehengoen aldean txoroagoak direlako», azaldu du Cerianik, hainbat jokalarik plazaratutako kexa hauspotzearekin batera: «Oraingoetan gurpila ezberdina dela diote hainbatek, eta horrek mesede baino kalte handiagoa egiten diela esaten dute». Arruabarrenaren iritziz, «kontraesan» bat dago baloiaren inguruan: «Alde batetik, errazagoak dira astintzeko, arinagoak direlako lehengokoen aldean, baina, beste alde batetik, zailagoa da hauei gurpila ematen, txoroagoak direlako. Beste astun haiek hobeto mendera zitzaketen jaurtitzaileek».

Baloia ere zailtasun bada astindu behar duenarentzat, parean jartzen zaion atezainarentzat errazago izango da, orduan. Baina ez baloiagatik, igualeko txoroa baita atezainarentzat ere, nondik eta nola helduko zaion antzematea zaila izateraino. Beste arrazoi bat sartu dute Arruabarrenak eta Ibarrak atezainena aipatzeko: «Bideoen bidez dena aztertuta dago orain futbolean, eta atezainek ondo baino hobeto dakite nora eta nola botatzen duen jaurtitzaileak, eta horrek asko zailtzen du gola sartzea».

Ibarrak adibide zehatz honekin eman du azalpena, berari gertatutakoa gogora ekarriz: «Oraingo Bartzelonako atezain Sandra Pañosek behin esan zidan ondo aztertuta zeukala nik faltak nora botatzen nituen. Ezkerretara pausoa ematen zuen nik baloia botatzerako. Ni horren jakitun izanda, beste aldera botatzen hasi nintzaion faltak, baina ez da batere erraza jaurtitzeko ohiturak aldatzea. Pañosi ez beste atezain guztiei beti ezkerretara botatzen nizkien faltak».

Jaurtitzailearen ohiturak

Ibarrak emandako azalpena oso garrantzitsua da faltetako gol eskasiaren korapilo honetan: atezainak ondo ezagutzen du jaurtitzailea orain, eta horri nekeza egiten zaio jaurtitzeko ohitura aldatzea. Ohiturak daude, berezko erraztasunak eta joerak, landu ezin daitezkeen hainbat gauza, eta abar. Antzera pentsatzen du Arruabarrenak ere: «Zerbait berezia da falta bat botatzea, eta jaurtitzeko ohiturak aldatzea zaila da. Nik hesian zegoen jokalari garaienari buru aldera botatzen nion, askotan burua jaisten zutelako, handik pasatzeko baloia».

Hesiarenak, baina, badu beste helduleku bat ere gai honetan. Cerianik eman du azalpena: «Orain, panpinak erabiltzen dira entrenamenduetan hesiaren lanak egiteko, baina, gero partidetan jokalariek hesian hartzen duten garaiera handiagoa denez jauziei esker, entrenamenduak zerikusi gutxi du partidetako egoerekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.