Amaia Agirre Arrastoa.
Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Panama: malko iturri

2018ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Marea gorria bezala ezagutzen da Panamako selekzioa. Lehen aldiz hartu du parte Munduko Kopan, eta3-0 galdu zuen Belgikaren aurka. Baina esanguratsuak izan dira partida hasi aurreko uneetan Panamako bi kazetariren arteko negar saioa eta besarkada. Ereserkia hasi orduko albistegietako mahaitik altxatu eta ikus-entzuleei bizkarra emanez aurpegia blaitu zitzaien esatariei. Egun historiko histerikoa. Galdetu bestela hainbat enpresatako nagusiei. Mediku txosten faltsuak jasotzeko beldur, langileei jai ematera behartuta sentitu ziren.

Karibe itsasoak eta Ozeano Bareak bustitzen duen lurraldeak lehen ere izan zuen malkotik eta gazitik. Ipar Amerika eta Hego Amerika lotzen dituen zubia baino gehiago da Panama. Futbolean, maila gorenean, aurten iritsi da lehen aldiz Munduko Kopa jokatzera, baina aspalditik ari da ezkutuko zubi-lan isilean. Ereserkiak, besteak besteak, iragana eta sufrimendua tapaki batekin estaltzea ezinbestekoa dela dio. Bi itsasoen artean norbere egiteko leialaren bideari ekiteko aholkatzen du kantuak. Baina «Itsasoan urak handi dire» zioen Xabier Letek, eta Panamako paperen auziak ere urak harrotu zituen bere garaian. Paradisuan sentitu ziren Panamako futbol kazetariek ere jakingo dute zerbait paradisu fiskalei buruz. Neurriz kanpoko erreakzioa izan daiteke bat, eta legez kanpoko erru akzioa bestea. Goi mailako futbolariekin lehiatzera kargu altuko eminentzien aurrera atera aurretik, haiek denek bazekiten Panamako marea gorriaren berri. Urre gorriz jantzita jokaldi eta taktika ezkutuetan. Ai, Panama Panama... lurralde estuen xarma eta mundu zabalaren zama. Diruak dena aurretik darama.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.