Hamid Ben Daoud. Atleta

«Gauza handia da marka berdintzea, baina hobetzeko gogoz geratu naiz»

Ben Daoudek autobus baten azpian egin zuen Marokotik Euskal Herrirako bidea, duela 11 urte; atletak Espainiako errekorra berdindu du Valentziako maratoian. «Oso harro nago».

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Otzana, baina langile fina da Hamid Ben Daoud (Ksar Oukhit, Maroko, 1996). 14 urte besterik ez zituela, bere sorterria eta familia atzean utzi, eta bidaia arriskutsua bezain krudela egin behar izan zuen, etorkizun hobe baten bila. Egun, Zamudion (Bizkaia) bizi da, eta bere ametsa bete du: atleta profesionala izatea. Entrenamenduaren aurretik izan da solasaldia, Getxoko (Bizkaia) Faduran, Bat Basque Teameko egoitzan. «Agur, eta eskerrik asko» batekin eskegi du telefono deia.

Duela astebete Valentziako maratoian erdietsitako lorpena ahaztua duzu jada, ala oraindik buruan bueltaka darabilkizu?

Buruan ondo iltzatuta dut, nahiz eta iraganeko kontua izan. Horrelako lorpenak ez dira egunero erdiesten. Egia esan, oso pozik nago.

Zenbat mezu jaso dituzu?

Mordo bat. Ez naiz gauza zenbatzeko ere. Denei ezin izan diet erantzun, oso eskertua sentitzen naizen arren. Denengandik berotasun handia jaso dut.

Nola ospatu zenuen?

Ez dut aukerarik izan. Atsedena hartzeko baliatu dut. Aurrerago ospatuko dut.

Lasterketa telebistaz ikusi duzu?

Lasterketa korritu eta arratsaldean ikusteko aukera izan nuen, baita aztertu ere: partzialak, egindako akatsak... Edonola ere, egindakoaz oso harro nago, baita ingurukoek niregan sinetsi dutelako ere.

Nolako lasterketa izan zen?

Baldintza klimatologikoak ez ziren hain onak izan korritzeko. Haizea zegoen, baina ez nion garrantzia handirik eman. Helburua argia zen: nire marka pertsonala hobetzea, eta, agian, Espainiako errekorra hobetzea. Bigarren multzoan nindoan, eta gainerako korrikalarien atzean jarri nintzen haizetik babesteko. 37. kilometrora arte eutsi nien, eta multzoa deseginez joan zen, apurka-apurka: batzuk aurrera; beste batzuk, berriz, atzera.

Azken metroak herio bizikoak izango ziren, ezta?

Eromena izan zen. Ni, berriz, neure buruaren aurka ari nintzen, marka pertsonala hobetzeko asmoz, eta segundoak pixkanaka-pixkanaka aurrera zihoazen. Gainera, eguzkiak aurrez aurre jotzen zuen, eta helmugako markagailua ez nuen hain garbi ikusten. Halako batean, bi ordu eta sei minutu jartzen zituela ohartu nintzenean, barruan nuen guztia eman nuen. Ba, begira: inoizko denborarik onena egiteaz gain, Espainiako marka berdindu dut—2.06.35—.

Ezustekoa hartu zenuen halako denbora egiteagatik?

Bizitza honetan ezustekoak ez dira suertatzen, ezta lorpenak erraz erdietsten ere. Lan handia egin behar duzu. Jendeak esango du maila horretara erraz iritsi naizela. Jardun handia dago. Nik badakit zenbat sufritu dudan honaino heltzeko. Emaitza horren atzean lan eta sakrifizio handia dago, eta hainbat oztopo gainditu behar izan ditut. Esaerak dioen moduan, saiatzen denak bilatzen du.

Beraz, espero zenuen.

Aurreko urteetako entrenamenduekin alderatuta, aurtengo lan saioetan oso sentipen onak nituen. Valentziako maratoia korritzeko prestaketa oso ona egin nuen, eta banekien marka hori egiteko gaitasuna izango nuela.

Zer-nolako sentipenekin geratu zinen?

Gauza handia da errekorra berdintzea, baina denbora hobetzeko gogoz geratu naiz. Ez nuke esango arantzatxoa barruan geratu zaidanik. Atzera ez dut begiratu behar, aurrera baizik, eta datorren urtean, horretan saiatuko naiz. Ahalegina egiteagatik ez dut ezer ere galduko.

Norekin gogoratu zinen?

Familiarekin, atletismora kateatu ninduen Hassan Reddad entrenatzailearekin, lagunekin, ikasketak egin nituen Zabaloetxe zentroko zuzendariarekin, Bat Basque Teamekin...

Orotara, sei maratoi korritu dituzu: 2017an, 21 urterekin—2.12.31— eta 2018an—2.10.21 Valentzian; 2019an, Pragan —2.08.14—; iaz, Sevillan —2.07.33 eta Valentzian—2.07.03 —; eta azkena, joan den igandean —2.06.35—. Sekulako garapena izan duzu.

Behetik gorako bilakaera izan behar dut, eta ez alderantziz. Hamar urtetan egiten ari naizen lanaren ondorio dira emaitza horiek guztiak. Zailtasunak izan ditut, baina horiei aurre eginda pertsona indartsuagoa eta helduagoa naiz orain.

Noiz izango duzu hurrengo lasterketa?

Maratoi bat egitetik nator, eta, egia esan, oraindik ez dugu datorren urteko egutegia zehaztu. Ondo indarberritu eta gertukoekin gozatzea dagokit orain. Aurrerago, ikusiko dugu.

2010ean utzi zenuen zure sorterria, 14 urte besterik ez zenuela. Historia gordina duzu.

Niretzako eta familiarentzako bizitza hobe bat bilatzeko alde egin nuen. Nadorretik [Maroko] Algecirasera [Espainia] zihoan ferryan autobus baten azpian ezkutatuta igaro nuen muga. Herrialde eta kultura guztiz berriekin egin nuen topo. Ez nuen inor ezagutzen, eta guztia hutsetik hasi behar izan nuen. Oso gogorra izan zen.

Beldurra pasatu zenuen?

Ez, ez. Kosta ahala kosta, Marokotik Iberiar penintsulara heltzea besterik ez nuen nahi. Hiltzeko beldurrik ez nuen, eta horrelako pentsamenduak burutik kentzen saiatzen nintzen.

Behin Algecirasera heldu zinenean, zer egin zenuen?

Herritar arabiar batek Bilbora joateko autobuseko txartela erosi zidan, eta gero, Zornotzako [Bizkaia] adingabeen zentrora eraman ninduten. Handik hiru hilabetera, Loiuko [Bizkaia] Zabaloetxera lekualdatu ninduten, eta hor hasi zen atletismoko bidaia.

Nolakoak izan ziren lehen egunak?

Oso eskertua sentitzen naiz lagundu nauten guztiengatik. Gaztelania eta ingelesa ikasten hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu nuen. Egun, Zamudion [Bizkaia] bizi naiz.

Senitartekorik baduzu Euskal Herrian?

Ez. Joan den urteko azaroan, nire anai zaharrak patera batean Marokotik Kanaria uharteetara [Espainia] joateko ahalegina egin zuen beste 34 kide inguruekin batera. Horietatik zortzi hil egin ziren. Jainkoari eskerrak, nire anaia bizirik atera zen.

Eta zure anaiarekin egoteko aukera izan duzu?

Bartzelonan elkartu ginen, hainbat urtez ikusi gabe egon ostean. Hunkigarria eta berezia izan zen.

Atletismoan hasi aurretik, futbolean aritu zinen. Nolatan suertatu zitzaizun?

Otxarkoagako Informazio Zentroan nengoela, auzoko futbol taldean hasi nintzen. Atzelari moduan jokatzen nuen. Zabaloetxera joan nintzenean, ordea, nire entrenatzaile Hassan Reddadekin topatu nintzen. Korrikalari izateko ezaugarriak, gaia eta ahalmena nituela esan zidan. Egia esan, erraz konbentzitu ninduen, eta haren taldera batu nintzen.

2015ean, Iurretako hamar kilometroko lasterketa izan zen zure lehendabizikoa.

Kadetea nintzen ni, eta beteranoekin korritu genuen. Irteera eman zutenean, zoro baten moduan joan nintzen. Jendeak esango zuen: «Nora doa mutiko hau abiada horretan? 200 metro egiten dituenean txakalaldiak emango dio». Bosgarren amaitu nuen, eta, hortik aurrera, futbola utzi eta atletismoan erabat zentratu nintzen.

Urtez urte, iraupen luzeko lasterketetara egin duzu salto.

Distantzia laburretatik krosak egitera igaro nintzen, eta Espainiako Txapelketarako sailkatu nintzen. Irabazi egin nuen, eta lorpen horrek lanean serio jarraitzeko indarra eta motibazioa eman zizkidan. Ez dut etsi. Egun, maratoiko korrikalaria naiz.

Espero zenuen atleta profesionala izango zinela?

Nire helbururik nagusiena zen. Martin Fizen eta Chema Martinezen lasterketa ugari ikusi izan ditut telebistan, eta nik haiek bezalakoa izan nahi nuen.

Ametsik baduzu?

Amets egitea libre da. Munduko Txapelketan eta Olinpiar Jokoetan lehiatzea izango lirateke nire ametsik handienak. Egiak bihurtzeko, ordea, ez dago sekreturik: lana, lana eta lana.

Zure ibilbide profesionaletako momenturik onenean zaude?

Oraindik asko dut emateko. Asko dut ikasteko eta hobetzeko atleta gisa, baita pertsona gisa ere. Edonola ere, guztiaren gainetik, nire bizitza pertsonala hobetu beharra daukat, baita familiari lagundu ere.

Zenbat entrenatzen zara?

Egunero entrenatzen naiz, birritan: goizez eta arratsaldez. Prestaketaren arabera, gimnasioan ordu gehiago sartzen ditut pistan baino. Euskal Herrian entrenatzeko baldintza klimatologiko egokiak ez daudenez, Marokora joaten naiz sarritan entrenatzera, Erraxidiara. Nire familiari bisita egiteko baliatzen dut, denbora askoan ez bainaz haiekin egoten.

Arlo fisikoaz gain, mentala ere lantzea ezinbestekoa izango da.

Horrelako lasterketa luze batean, alderdi mentalak %50 baino gehiagoko pisua dauka. Fisikoki sasoiz egon arren, buruz indartsua ez bazara, maratoia amaitzeko zaila izango duzu. Nik maratoiari heriotzaren lasterketa deitzen diot.

Atletismoak zer ematen dizu?

Atletismoari esker jende berria ezagutzeko eta haiengandik ikasteko aukera izan dut. Horien gainetik, gizartean integratzeko balio izan dit. Zamudion, herritar bat gehiago naizela sentitzen naiz, eta alde horretatik pozik nago.

Zer esango zenieke atzerritik etorkizun hobe baten eta lan bila datozen gazteei?

Ororen gainetik, pertsona zintzoa izan behar dela. Horrez gain, integratzeko jarrera ona edukitzea ezinbestekoa da. Guzti horretarako, serio lan egin eta ez da etsi behar.

Eta Euskal Herriko gizarteari?

Oso eskertua sentitzen naiz jendeak emandako babesarengatik eta nire alde jarri duten hondar aleagatik. Haiekin zorretan nago. Bestalde, etorkinen inguruan aurreiritzi eta estereotipo asko daude, eta ez da bidezkoa denak zaku berean sartzea; jende ona eta jende gaiztoa dago, mundu guztian bezalaxe.

Euskararekin harremanik izan duzu?

Ba, bai. Hitz batzuk badakizkit. Zaila egiten ari zaidan arren, ahalegina egingo dut euskara ikasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.