Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Kontzeptuak

2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Ia konbentzituta geundenerako futbola futbola baino ez dela, hara non munduko herrialderik baketsuena agertu den titularretan, gerra-danborrak astinduz. 12 jatorritako jokalariak biltzen ditu Suitzako selekzioak; horietako batzuk, zinez ibilera gogorrak bizitakoak. Horien artean daude Granit Xhaka eta Xherdan Shaqiri: lehenengoa, Suitzan jaioa baina guraso albaniar-kosovarrak dituena; bigarrena, Kosovon bertan jaioa. Bien familiek egin zuten ihes Jugoslavia ohiko gerratik, eta halaxe heldu Suitzara.

Bada, joan den ostiralean, zer eta Suitza-Serbia partida. Barruan zerbait piztuko zitzaien bi mutilei, amorruren bat edo indar bereziren bat, eta esaiezu orain ezetz, futbola futbola baino ez dela, ez dagoela patioko jolas hau politikarekin nahasterik. Kasualitatea balitz, tira; baina kasualitate handiegia ez ote den Serbiak bosgarren minutuan gola sartzea, eta ondoren Suitzak markagailua iraultzea, hain justu bi futbolari horien golei esker. Garaipenaren gola, gainera, azken minutuan sartuta. Hori gutxi ez, eta arranoaren ikurra egin zuten biek, bakoitzak bere gola ospatzeko, arranoa baita Albaniako banderan agertzen den irudia. Eta FIFAk zigor-prozedura jarri die, bi kontzeptuak nahasteagatik.

F taldean, berriz, Hego Korea. Selekzio horretako izarra, Heung-Min Son, negarrez hasi zen joan den larunbatean, Mexikoren aurka jokatu eta galdu ostean: Hego Korea ez bazen final-zortzirenetarako sailkatzen, eta dagoeneko ez da sailkatuko, bi urteko soldadutza egin beharko du derrigorrez Sonek, eta baliteke bere kirol-ibilbideari ere agur esan behar izatea. Soldadutza, baina, ez da politika. Eta ez diote isunik jarriko negar egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.