Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia. Eta, gainera, txirrindularitza zaleak (II). Jone Uria.

Itzuli handien doinuan

Etxeko egongelako txirrindularitza zalea da, taldeen estrategiak eta txirrindularien izaera aztertuz gozatzen duten horietakoa. Gainera, inbidiaz begiratzen die, askok oholtza gaineko bere bat-bateko jarduna miresten duten bezala.

Jone Uria, aurrenekoa ezkerretik, eta bere bi lagun, Galizian oporretan zeudela Mikel Landari argazkia eskatu berritan. JONE URIA.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Uztailean siestarik egiten ez duten horietakoa da Jone Uria (Getxo, Bizkaia, 1990). «Umetan, etxean, Tourra eta Giroa ikustearen oroitzapena dut. Kuadrillako batzuek siestarako aproposak direla esaten zuten, baina niri ez zitzaidan aspergarri egiten: lotu egiten ninduen. Eta orain berdin jarraitzen dut». Pixka bat zehaztu du azalpena. «Noizbait iratzargailua jarri izan dut azken kilometroak ez galtzeko». Bertsolari eta matematikari jardunak uzten dioenean —gaur egun, ikerketan dihardu—, lasterketak jarraitzen ditu: «Klasiko handiak ere gustuko ditut, Paris-Roubaix-eta... Baina niri itzuli handiak gustatzen zaizkit», onartu du.

Eta nondik itzuli handietarako jite bizi hori? «Behin, txirrindularitza zaletasunari buruz idaztea egokitu zitzaidan Larrun aldizkarian, eta, pentsatzen jarrita, aztertu nuen zerk erakartzen nauen:aldi berean, bakarkako eta taldekako kirola dela. Ez dakit beste kirolik dagoen rolak hain markatuta dituena, protagonistak eta morroiak. Onarturiko rolak dira, eta horrek jokaera modu bat eragiten du». Eta rol horiek, bereziki, itzuli handietan azaleratzen dira: «Oso entretenigarria iruditzen zait taldeek nola jokatzen duten. Mendiko etapak gustatzen zaizkit bereziki; beste saltsa bat dute».

Txirrindularitzaren azterketa ezberdina egin du Uriak, ia psikologikoa. «Txirrindulari bakoitzak izaera oso markatua du. Berehala ikusten da nor den arriskatua, nor estratega... Horrek beste grazia bat ematen dio. Bakoitzak nola erreakzionatuko duen, zer zalantza dituen, zer barne gatazka...». Haren ustez, horrek guztiak are zailago bihurtzen du txirrindularitza aurreikustea: «Egunaren arabera, dena ezberdina izan daiteke. Faboritoa eroriko den ez dakizu, atzean geldituko den... Beste emozio bat dauka».

Kutunak aukeratzean ere, izenen gainetik izaera jartzen du. Baina ez dira bizitza guztirako kutun. «Faborito-faboritorik ez dut, baina noizean behin zerbait handia egiteko gai direnak gustatzen zaizkit: ausartak direnak, merituzko gauzak egiten dituztenak». Izen-abizenak, eskatuta, bi aipatu ditu. «Vincenzo Nibali. Ausarta da. Begira, 2014ko Tourrean Tony Martinek hiru ihesalditan hartu zuen parte jarraian, eta hartaz geroztik kutunetako bat da niretzat. Boladak dira, aldi baterako». Kutunak bai, baina fetitxeak gutxi, ez baita autografo edo argazki eskatu zalea. «Umetan ere ez, eta orain gutxiago. Behin bakarrik eskatu dut argazkia. Tira, kuadrillako batek eskatu zuen, niri lotsa ematen zidalako. Oporretan izan zen, Galizian, Mikel Landarekin. Ez naiz erlikiak gorde zalea».

Telebistaz ikusten du txirrindularitza. Dena den, ez da errepide bazterrera hainbestetan irtendakoa; ez, behintzat, Euskal Herritik kanpo. «Tourrean San Martingo Harrian egon ginen, eta bizikletak eraman genituen. Plan ederra da eguna pasatzeko, baina sentipena gelditu zitzaidan gero dena oso bizkor pasatu zela. Donostiako Klasikoan ere egon ginen iaz, eta Bizkaiko Bira pasatzen ikusi izan dut». Tourrera bizikletekin joan zirela esan du, baina oso gutxi ibilitakoa da. «Sekulako inbidia ematen didate ondo ibiltzen direnek, eta gustatzen zait ikustea, baina aldapa gora ez diot neure buruari gaitasunik ikusten, eta aldapa behera, abiadurak beldurra ematen dit. Agian, horregatik miresten ditut hainbeste txirrindulariak».

Plazara irteteko, edozein jakinduria mota da ongi etorria. Bertsolariak ondo daki hori, eta Uriari egokitu izan zaio behin baino gehiagotan txirrindularitzaz jardun behar izatea. «Inprobisatzaileen bira azkenekoz egin genuenean, lau pertsonaiaren artean aukeratzeko ariketa izan genuen: hiru kultura girokoak ziren, eta gero, Nibali. Argi dago zein egokitu zitzaidan niri. Gero ere tokatu izan zait euskal zaleak jarraitzaile onak garen edo ez gai hartu behar izatea». Aurrerantzean, agian, errima eta doinudun pedalkada gehiago ematea egokituko zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.