Futbola. Europako Ligako finalerdietako joanekoa: Sporting Lisboa 2 - Athletic 1.

Pilak kendu dizkio

Athleticek partida iluna jokatu du, eta aurretik jarri den arren, ez dio aldeari eutsi, eta San Mamesen irabaztera behartuta dago

Sportingek hobeto jokatu du, eta presioaren bidez itzali du zuri-gorrien irudimena

Imanol Magro -

2012ko apirilak 20
Golak: 0-1: Aurtenetxek. 1-1: Insuak (75. min.). 2-1: Capelek (80. min.). Epailea: Jonas Eriksson (Suedia). Txartel horiak: Sportingeko Izmailov eta Joao Pereirari; eta Athleticeko De Marcos, Iturraspe eta Llorenteri. Bestelakoak: 38.900 ikusle inguru Jose Alvalade estadioan, tartean Athleticeko 4.000 bat zale. Atsedenaldian, Iñigo Cabacas zenaren irudi bat jarri zuten pantaila erraldoian, omenaldi gisa.

Athleticek etxeko berotan irabazi beharko du Europako loriaren ateak jotzeko eskubidea. Horretarako, ezinbestean, atzoko itxura, eta jokoa, hobetu beharko du. Sportingek aurkaria bikain ezagutzen zuela erakutsi zuen, eta pilak kendu zizkion Bielsaren taldeari. Zelai erdian nagusi izan ziren etxekoak, presioa eta ordenari esker. Gehiago izan ziren, eta gol bakarreko errenta txikia da eginiko merituentzat. Athleticek, baina, behin asmatu zuen, aurkariek gaizki aldenduriko falta batean, eta ilusioa elikatzeko balio du. Bukaresteko finala urrun dago oraindik, baina San Mamesen gauzak desberdinak izango dira.

Inork ez zuen esan erraza zenik, eta Sportingek askok uste baino talde hobera dela erakutsi zuen. Ez du puntako goleatzailerik, eta hori da gabezia nagusia, baina erdilari erasokorrak ditu, eta jokalariak ez dira nekatzen. Eta ausardia, eurek ehizatu baitzituzten aldaratze eta jaberik gabeko ia baloi guztiak. Sa Pintok, bere aldetik, lan taktiko bikaina egin du, eta jokalariei Athleticen argindarra nola eten erakutsi die. Bulkadaka jokatzen du, baina ez da beste munduko ezer, eta Athletic zalea baikorra izan behar da. Zuri-gorriak hobeak dira, baina erakutsi egin beharko dute, eta batez ere biziago jokatu.

Lehen zatian Sportingeko jokalariek etxeko lanak egin zituztela ikusi zen. Ondo baino hobeto ezagutzen zuten Athletic nola lotu, eta orden zehatza mantendu zuten. Athletici lokia kendu zion erdiko hiruak estaliz, Herrera eta Muniain bereziki. Bisitarien ezinak etxekoak hauspotu zituen eta arriskua sortu zuten lehen minutuetan. Hasi eta berehala Ismailovek aukera ona izan zuen falta bortitz batean, eta Iraizozek ondo aldendu zuen. Pixka bat geroago Schaars izan zen Athelticen atzeko lerroko huts bat baliatu zuena penalti ingurutik balia gutxigatik kanpora bidaltzeko. Hura izan zen lehen zatiko aukera onena.

Athletic deseroso zegoen, eta handik zetozkion kirioak. Sportingek atzelari zuri-gorriei lasai jokatzen utzi zien, baloia atera zezaten. Iturraspe jaisten zen haiei laguntzera, eta bere tristura aurpegia ikustekoa zen. Bizkarrak baino ez zituen parean. Aurrekoek ez zuten bere burua eskaintzen lerro artean jokatzeko eta Llorenterentzako baloi luzeak ziren eraso bide bakarra. Hark izan zuen Athleticen aukera onena, buruz gutxigatik joan zitzaion korner batean (hamabigarren minutua). Txalotzekoa ere Sa Pintoren jokalariek eginiko ahalegin fisikoa.

Zorionez Sportingek ere ez du sekulako talenturik erasoan, eta lehen zatian ez zion fruiturik atera zelai gainean izandako nagusitasunari. Hanka biziak bai, eta kemena soberan,baina ez askoz gehiago. Andre Martins izan zen onena. Aurrelari trebeak arazo asko sortu zituen atzeko eta erdiko lerro artean jokatuz. Baina haren ekinak ez zuen lagunik aurkitu. Lehen zatiko azken sustoa Insuak eman zuen, kontraeraso batean, baina berrogei metroko bere korrikaldiaren ondoren area barruan labaindu egin zen. Atsedenaldia oasi bat izan zen Athleticen sufrimenduarentzat.

Merezi gabeko gola

Bigarren zatian Sportingen adorea ez zen itzali. Gidoia, eta aginduak, berdinak ziren. Athletic, aldiz, ez zen berdina, esnatuago zelairatu baitzen. Dena den, gola ez zen Bielsarenen meritua izan (53. min). Susaetak arearen eskuin aldera zegoen falta bat gurpil handiz erdiratu zuen, eta Sportingeko atzelari batek gaizki aldendu zuen. Baloiak bere bide a jarraitu zuen, eta Aurtentxek, adi bigarren zutoinean, trebe bidali zuen baloia sareetara. Sportingeko atzelariek arazo asko izan zituzten geldikako jokaldietan, eta horietan iritsi ziren bilbotarren gol aukera onenak.

Golak min handia egin zion Lisboako taldeari. Emaitza aurka denean ahalegin handiak egitea oso gogorra da. Kolpe animikoak hanketan nabaritzen dira, eta presioak behera egin zuen. Amorebietak izan zuen bigarren gola sartzeko aukera (58. minutua), berriz ere geldikako jokaldi batean. Kornerra gaizki aldendu zuten etxekoek eta atzelari zentralaren areaz kanpoko jaurtiketa bete betan jo zuen Rui Patricioren ateko eskuineko zutoina. Finalerako hegaldia erreserbatzeko joateko aukera zentimetro gutxigatik egin zuen ihes.

Emaitza alde Athletic erlaxatu egin zen. Gaizki jokatuta aurretik zen eta Sportingek ez zuen asmatzen. Etxekoek ordu laurden behar izan zuten golaren eragina gainetik kentzeko, e ta borrokan jarraitu zuten, ondo merezitako saria lortu arte (75. min). Athleticeko atzelariek ez zuten ondo aldendu erdiraketa, eta Susaeta baloiari begira gelditu zen. Insua atzetik sartu zen, baina, eta burukada bitxiz gola sartu zuen. Eibarko erdilariak ez zuen bere eguna izan. Aspaldiko partidarik ilunena jokatu zuen, erasoan zein defentsan.

Golak gosea piztu zion Sportingi. Athletic izutu egin zen eta elastiko zuri eta berdeak ageri ziren edonon. Athleticen argia joan egin zen, eta etxekoek itsu egin zuten aurrera, bigarren gola lortu arte (80. min). Capelek sartu zuen, beste aldaratze bat kontrolatu eta areaz kanpotik gogor astinduta. Eromena zabaldu egin zen zaleen artean, euren burua Europatik kanpo ikustetik, aurretik egotera igaro ziren hogei minututan. Azken minutuetan Sportingek Iraizozen atea setiatu zuen, eta hirugarren sartzeko aukerak izan zituen. Zorionez ez zuen asmatu, eta epailearen txistuak Bilbotik joaniko zaleen kalbarioari bukaera jarri zion. Itzulikoan izango dute atzokoa gozatzeko aukera, hilaren 26an, San Mamesen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna