begona del teso
IRITZIA

Zaragozan aurkitu zaitut berriro

2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Egiari zor, ez dut pantaila handiaren hutsunea sumatu pasatu diren, pasatzen ari diren eta, aski seguru, pasatuko diren egunotan. Ez, pantaila handiek aspaldian utzi baitzioten handiak izateari. Zinema aretoak jauregiak izatetikzazpi, zortzi, bederatzi, hamar gela iluneko eraikinak izatera pasatu ziren istant, memento hartan.

Ez, ez dut pantaila handiaren falta igarri birusaren menpe gauden garai honetan. Izugarri gustatzen baitzait teknologiak eskura (poltsikora, mahaira, paretetara) ekarri izan dizkigun etxeko gailuekin xuabe-xuabe, kariñoz eta sorpresaz eraikitzen ari naizen harreman bitxia, amodio (eta gorroto, zenbaitetan)-afera berria, non sekula ez garenez hiru ez lau; zeinetan sekula ez den gonbidaturik. Jeloskorrak baikara biak, pantaila ñimiñoa eta biok.

Ez dut inoren falta igarri zinema kontuetan gauotan. Ez inorena ez ezerena. Iluntasuna, aretoak existitu aurretik bazen (Jainkoak, jainkoek «Fiat lux» xuxurlatu arte, bederen). Ez da, ez, elektrizitate kontua. Are gutxiago egunotan. Ilundu orduko, ilargi betearen babespean, jolas egin dezakezu itzalen artean. Kandelak piztu ere bai, kandelak amatatu ere bai.

Ez, ez naiz nire etxe ondoko areto arrunten itxieragatik penatu gauotan. Nire etxe barruko saloi ez arrunta baitut. Eta bertan, pantaila eta biok aurrez aurre gaude. Bitartekaririk gabe. Niri egiten dit so pantailak. Sumatzen dut nik hezurretan, erraietan, nirekin ari dela bera.

Areagotzen zait ikara beldurrezko filma bada. Areagotzen zait desira erotikoa bada. Astindu ederra jasotzen dute nire neuronek pelikula filosofikoa bada. Eta iraultzarako aldarri ona bada, ixten dut ukabila eta egiten dut oihu errebelde barrikada bidean.

Ez, ez nuen pantaila handiaren mira izan Netflix plataformaren bitartez nire jaun bakarra eta bakana den Drakulari botatako begirada berria, heresiaz zein errespetu itzelaz taxutua, dastatu nuenean. Irudika ezazue, Maisua eta biok hor, elkarrekin, pega-pega eginda Demeter itsasontziaren bizkarrean. Izugarria da Sherlock telesailaren egile berberak diren Moffaten eta Gatissen atrebentzia egungoa. Hankaz gora jartzen dute, erritmo bizi eta dotore osoz, orain arte banpiroen inguruan sinesten genuena. Aldi berean, alta, agurra egiten diote mitoari. Eta hor nintzen ni, nire etxe barruko zinema aretoan, banpiroari so. Eta belauniko. Bai bere aurrean, bai Moffati eta Gatissi ohore eginez.

Beste hamaika konturen falta sentitzen dut. Ez pantaila handiarena. Gustuko dut, oso gustuko, plataformetan barne bila ibiltzea. Zeren bila, zeren esperoan? Ba esaterako 2014ko Donostiako Zinemaldian Urrezko Maskorraren lehian bere burua aurkeztu zuen Lainoa/Haemoo film Hego Koreakoarena, Bong Joon-horen gidoikide, konplize, adiskide den Shim Sung-borena. Zorrotza, zorrotza oso du kamera. Eta muntaketa. Bortitza argudioa, hil edo biziko kontuak amodioa eta sexua. Arraroa baina zoila arras umorea. Mingarria. Basa. Ikaragarria.

Ilargi beteak eskainitako argi hilaren pean ikusi nuen batere txarra ez den Hogar ekoizpen espainiarra, Pastor anaiena. Beltza, ozpindua, pozoizgainezka dagoena. Seguru Funny Games eta antzekoak sortu zituen Michael Haneke hark (horrenbeste bigundu zaigun oraingoak ez) gustuko izango zuela...

Seberg ikusi dut Godarden À bout de soufflé-n, kalean periodikoak saltzen agertzen zen neska hura, nouvelle vague-ko ikonoa, ikurra, irudi aparta bilakatu zen hura, sakonago ezagutu desiran; nire etxe barruko saloi zinematografikora nahi nuen gonbidatu. Baina filmak ez du ezer balio. Bai, Kirsten Stewart dago bertan, antzezle ikaragarria dela erakusteko zazpi ahaleginetan. Alferrik. Argia ere txarra eta merkea du filmak, baina, halere, zenbait ate irekitzen dizu. Zure plazererako. Adibidez, irakurri beharrekoa den Roman Gary idazlea agertzen da, pasadaz, txiripaz, bertan. La vie devant soi leitu ez baduzu, ez dakit zeren esperoan zauden. Era berean, bistaz galdu ezinezkoa da orain gutxi bere lehenbiziko nobela tragikoa argitaratu berri duen Alexandre Diego Gary semea. Umea zela agertzen da Seberg horretan, film serio bat izan nahi zuen telesaio malapartatu horretan.

Ez, ez dut pantaila handiaren beharra izan online, 11 euroren truke, erosi dudan Rekopis znaleziony w Saragossie (Zaragozan aurkitutako eskuizkribua) bitxikeria barroko-surrealista mustatzeko. Ezta Cannesen, Sitgesen eta Donostiako Beldurrezko Astean eztabaida finak sorrarazi zituen Vivarium-en kolore biziko amesgaizto ilunean erortzeko ere. Dardarizo epel batez.

Oso gustura gaude biok; pantaila txikia eta biok aurrez aurre. Pega-pegaeginda. Elkarri begira. Elkar zelatatuz. Ez adiorik, paperezko lagun birtualok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.