Irribarriak eta Elezkanok bi estiloren arteko talka espero dute igandean

Imanol Magro Eizmendi.
Eibar
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Iker Irribarriak eta Danel Elezkanok bi estiloren arteko talka espero dute iganderako. Buruz buruko finalerdia jokatuko dute Eibarren, eta uste dute bere jokoa inposatzen duenak asko irabazita izango duela. «Biok aurrelariak gara, baina argi dago ezaugarri ezberdinak ditugula», laburbildu zuen atzo Irribarriak bere analisia. Elezkanok xehetasun gehiago eman zituen. «Ni botera jokatzen hasten banaiz, berak irabaziko du. Nik buruz buru jokatzeko estilo bakarra dut, aurrera egin eta errematatu, eta Ikerren gisako jotzaileen aurka, gehiago».

Pilota aukeraketan gustura gelditu ziren biak. Pilota mota ezberdinak aukeratu zituzten: Elezkanok frontisetik gutxi irteten direnak hautatu zituen, 105,9 eta 106,1 gramokoak; Irribarriak, aldiz, frontisetik gehiago irteten direnak, 106,5 eta 106 2 gramokoak. Astelena pilotalekuko zorua aldatu zutenetik bertan jokatuko duen bigarren txapelketa partida da, eta, espero bezala, Elezkanok gustuko du. «Zaila da zoru berri bat hain ondo egotea lehen egunetik», esan zuen. Errematatzaileentzat aproposa da; ez hainbeste Irribarria bezalako jotzaileentzat. «Oraindik ere neurria hartzen ari naiz», onartu zuen.

Irribarriak eta Elezkanok ez dute inoiz elkarren aurka jokatu buruz buru; hala ere, oso ondo ezagutzen dute elkar. Izan ere, udaberri honetan, prestaketa garaian, hiru aldiz entrenatu dute elkarrekin. Irribarria irtengo da faborito, baina Aramakoak saio horietan probatu du zein gogorra den Zaratamokoa. «Aurkari deserosoenetako bat da niretzat. Oso estu hartu nau. Bolea defentsa bikaina du bi eskuekin, eta ez da erraza hura gainetik pasatzea». Astelenako sabaia, gainera, ez dago oso altu, eta horrek zailago egiten du pilota asko loratzea. Astelena aipatzen hasita, zaila dirudi harmailak betetzea. Buruz buruko finalerdia izan arren, sarrera salmenta motel doa. Atzo eguerdian, 650 sarrera zeuden salduta, eta, azken orduko bultzadarekin 1.000 ikusle inguru izan daitezke. Ez dira asko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.