Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Gustatzen ez bazaizu

2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Hainbeste aldiz kontatu dut unibertsitate-garaian gertatu zitzaidan hura, eman baitezake gaia ateratzen dudan bakoitzean balioa galtzen duela; baina nire sentsazioa da, kontatzen dudanero, balioa irabazten jarraitzen duela, berresten nauelako futbolarekin dudan harreman mesfidatian. Badaude betiko baldintzatzen zaituzten gertakariak, eta hau da horietako bat, duela 25 urte ingurukoa izan arren egunero birjaiotzen ari dela dirudiena. Laburra da kontua: futbola gustatzen ez zitzaidala esanda, ikaskide batek zalantzarako aukerarik gabe erantzun zidan, gaia ondo hausnartua duenaren segurantzarekin (gaztelaniaz, jakina, gauzak erabateko ziurtasunez esaten dituztenen hizkuntzan): «Futbola gustatzen ez bazaizu, edo ergela zara, edo marikoia».

Esaldi moduan, ez da historiara pasatzeko modukoa: ez du tolesik, ez ironiarik, ez azalaren azpian ezkutatutako mezu ezkuturik. Gainera, ezin ditut jasan mundua bitan zatitzen dituzten esaldi kategorikoak (grazia egiten didan bakarra Full metal jacket filmeko hura da, Hartman sarjentuak Texasi buruz esaten duen astakeria). Baina, era berean, 25 urte daramatzat pentsatzen tipo hark babalore-aurpegi galantarekin botatako esaldi hura dela futbolaren inguruan biltzen den soziologiaren definiziorik onena: lixtoenak eta matxoenak, edo ezaugarri biak batera dituztenak, futbolean elkartzen dira.

Munduko Kopa honetan ere, munduko manada guztietako txakurrak oinutsik: zelaian, jokalari batzuen aurkako oihu homofoboak; eta kanpoan, beste herrialde batzuetako zaleei egindako bideo iraingarriak, ezagutzen ez dituzten hizkuntzetan esaldi nerabeak errepikaraziz. Horra hor, bai: inteligentzia eta testosterona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.