Joseba Ezkurdia

Irabazten ikasi du

Lau eta erdiko pilotaririk onena izan da, eta ondo merezita irabazi du bere ibilbideko banakako lehen txapela, eta 2018ko bigarrena. «Kolpeek» irakatsi egin diote, eta pozik dago orain gozatu egiten duelako lehiatzen.
IDOIA ZABALETA / FOKU

Imanol Magro Eizmendi -

2018ko azaroak 20
Bazen mutil bat txapel bati itsatsia, eta, haren azpian, irribarre bat iltzatua. Joseba Ezkurdiak atzo zuen aurpegiaren erretratua da hori. Baina dena ez da poesia, lo pixka bat gehiago eskertuko luketen bi begi ere bai baitzeuden bien artean, eta eztarri ezin urratuago bat beherago. Gau luze edo goiz motzaren arrastoak ziren. Logalea, baina, ez zen garratza izan, bezperan bizitzako gaurik gozoenetako bat igaro baitzuen herrikide eta lagunen artean. «130 bat lagun elkartu ginen afaltzera pilotalekuan, eta, gero, herriko tabernak ireki zizkiguten. Giro bikaina ibili genuen. Ni azkeneko taberna itxi aurretik joan nintzen etxera, ez nintzen izan bildu zen azkena. Ezin nuen gehiago. Hori bai, etxean gosaldu dut».

Herriko umeek sinadura eskatu zioten atzo ere. Arbizu osoan ez da geldituko lau eta erdiko txapeldun berriaren autografodun elastikorik ez duenik. Ikastolako uniforme ez-ofizial bilakatu zen. «Baina hori beti izan da horrela; txapelak irabazten ez nituenean ere oso maitatua sentitu naiz herrian eta Nafarroan. Ez da inoiz animo hitzik falta izan, eta orain oso pozik nago eurei ere poza eman diedalako». Ezkurdiak ez zuen ezkutatu malko batzuek ihes egin ziotela Nafarroa Arenan, eta kosta egin zitzaion deskribatzea 22. tantoa egin zuenean sentitu zuena. «Hustu egin nintzen, ezin nuen sinetsi gertatzen ari zena. Banekien irabaztea oso zaila izango zela, eta, ondoren, poz handia etorri zen».

Poza jende askorekin partekatu du, jende on asko duelako inguruan. «Lan multzo aproposa dut alboan, jende askok laguntzen nau arlo fisikoan zein teknikoan. Burua lantzen ere lagundu didate, eta, noski, etxekoak. Familia bikaina dut, haiek ere pila bat laguntzen naute». Herenegun, finala irabazi berritan, aitarekin oroitu zen, hunkituta, eta hitz politak izan zituen Iruñera joaniko zaleentzat. «Nire zaleak zein Altunarenak txalotu nahi nituzke. Errespetu handiz animatu zuten guztiek, eta giro bikaina sortu».

Ospakizuna, izan ere, txapel batena baino gehiago izan zen. Urte bikainaren gorazarrea izan zen. 2018an binakako txapela eta lau eta erdikoa irabazi ditu, eta joera bat aldatu du. «Iazko Eguberri egunean, Zabaletak eta biok 22-6 galdu genuen Eibarren. Burumakur itzuli ginen etxera, jota, bizkarrekoa izan zen hura. Baina eman genion buelta egoerari, eta urte bikaina egin dugu. Zazpi urte pasatu ditut txapelik edo finalik gabe, eta aurten bi lortu ditut: urte hau ez dut inoiz ahaztuko».

Ezkurdia alai zegoen atzo, baina askotan aipatu zituen «aurretik harturiko kolpeak». Izan ere, aurten estigma bat kendu du gainetik. Partida estuak beti galtzen zituen pilotaria zen, baina, herenegun, 15-14 galtzen eta 17-18 irabazten joan zenean, ez zen amildu. «Mamurik ez zen agertu. Banekien Altuna tanto sortak egiteko kapaza zela, eta amaiera estua izango zela. Prestatua nengoen horretarako, eta lasai jokatu nuen». Baina ez da egun bateko kontua izan; finalerdietan ere ondo eutsi zion presioari. Zer aldatu da? «Lan asko dago atzean. Nire aitak esaten zidan bizkarreko horiek hartzeko hor egon behar duzula, eta irakatsi egin didate. Orain lehiakorragoa naiz. Gehiago gozatzen dut, ni naizela gehiago sentitzen dut. Beste pilotari batzuk orain nagoen tokian ikusten nituen, eta inbidia sentitzen nuen. Hau zen falta zitzaidan pausotxoa, txapelak irabazteko lehian beharrezko dena».

Izaera berri horren laginik onena finaleko 17-19ko tantoa izan zen. Ezkurdiak horma-biko ausart bat bota zuen zabaletik. Ez zuen zalantzarik izan; ondo gogoan du tantoa. «Erabakiak hartu behar nituen, eta hori hartu nuen. Arriskatzeko garaia zen. Gaizki irten balitz ere pozik nengoke, nire erabakien arabera jokatu bainuen. Ez nintzen aurkariaren hutsen zain egon. Aurkariak irabazten badizu, tira, baina ez ezazu zuk galdu».

Ibilbideko garairik gozoenean dago Ezkurdia, hori oso argi du. Orain, gehiago eskatuko diote, baina denbora luzea zeraman langa igo ziezaioten zain. «Gustura hartuko dut ardura hori. Nire helburua beti ahalik eta urrunen iristea izango da, eta buruak erakutsi du ahal duela». Hori du irabazten ikasi izanak.

Larunbe gabe

Lau eta erdikoa bukatu, eta binakako txapelketa hasiko da. Gaur aurkeztuko dute, Bilbon, eta jakina da lehen jardunaldiko partidak Amezketan, Bergaran, Iruñean eta Tolosan jokatuko direla. Mikel Larunbek, eskuko minez, ez du jokatuko, eta Jon Mariezkurrena izango da Asegarceko laugarren atzelaria. Bilboko enpresak Olaizola II.a eta Albisu elkartu ditzakeela zabaldu da, bikote oso indartsua eratzeko asmoz. Azken urteetako sistema erabiliko dute: zortzi bikote, eta hamalau partidako lehen fasea.
Imanol Magro Eizmendi

Informazio osagarria