Nekane Arzallus. Delteco Gipuzkoa Basketeko presidente ohia

«ACBn egotea hobe da, badakigu, baina ez edozein egoeratan»

Kargua utzi berri du Arzallusek udal politikara jauzi egiteko, eta pozik doa lau urteotan eginiko lanarekin. Hartu zuenean baino hobeto ikusten du Gipuzkoa Basket, baina aitortu du baduela arantza bat: Illunbera jende gehiago ez erakarri izana.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2019ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Kargua utziko zuela esan zuenetik egun batzuk pasatu dira, baina Nekane Arzallusek (Astigarraga, Gipuzkoa, 1965) oraindik ere gertutik erreparatzen dio taldearen jardunari. Hauteskunde kanpaina hasi aurretik egun batzuk hartu nahiko lituzke, baina ez daki ahalko duen, «asteburutxo bat behintzat». Lan askoko egunak dira berarentzat, baina tarte bat egin du Antigua auzoan kafe bat hartzeko. Delteco Gipuzkoa Basketek joan den larunbatean Valentziaren aurka galdu aurretik eginikoa da elkarrizketa.

Zergatik utzi duzu kargua? Zergatik orain?

Donostiako alkateak berarekin zerrendan joatea eskaini zidan. Ezustekoa izan zen, bainapolita iruditzen zait hiriarentzako eta hiritarrentzako lan egitea, eta eskertzekoa da nigan jarritako konfiantza. Eta zergatik orain? Bada, hau delako garaia, hauteskundeak orain direlako. Politikan, garaia ez du norberak erabakitzen.

Pena ematen al dizu GBCko presidente kargua uzteak?

Bai, urte asko izan dira taldearen barruan, eta oraindik hor nago, eta beti izango naiz GBCzalea. Jende ona utzi dut, eta ez dira une txarrak izan bakarrik, onak ere pila bat izan dira, eta horrek ere sortzen dit tristura. Saskibaloiak dena eman dit niri.

Lau urte egin dituzu presidente karguan. Zer moduzko balantzea egiten duzu?

Positiboa. Taldea ekonomikoki hobeto dago; kirol arloan, daukagun aurrekontuarekin, badakigu ez dela erraza, baina azken bi sasoiak ez dira hain txarrak izan. Duela bi urte, mirari moduko bat izan zen LEBetik igotzea, eta iragan sasoian jaitsieratik urrun egon ginen. Baina guk badakigu ACBn beti egongo garela trenaren azken bagoian. Baina apurka taldea sendotzen ari gara, eta diru sarrera gehiago lortzen baditugu, gora egingo dugu, eta, bestela, azken bagoi horretan egongo gara.

Hartu zenuenean baino hobeto edo okerrago dago taldea?

Nik uste dut, orokorrean, hobeto dagoela. Egoera ekonomikoa hobea da, eta hori oso garrantzitsua da egonkortasuna lortzeko. Egonkortasun horretatik etorriko da kirol hobekuntza.

Zein da taldearen erradiografia ekonomikoa?

ACBko kutxan 800.000 euro ditugu, horiek hor daude ondare moduan. Zorra asko murriztu dugu, baina oraindik hor dago, eta gure lehentasuna izango da Kutxabankekin dugun mailegu hori kentzea. Ez da erraza, badakigu.

Zorra Kutxabankekin duzue?

Bai, batez ere Kutxabankekin, eta taldearen sorreran dirua jarri zuten kontseiluko kideekin.

Ogasunarekin, Gizarte Segurantzarekin edo jokalariekin zorrik ba al duzue?

Ez. Ogasunarekin atzerapen baimen bat daukagu igoera eta jaitsiera funtsaren BEZarengatik, besterik ez. Baina, bestela, garbi gaude.

Kutxabankek estutzen al du?

Harreman ona dugu eurekin; urtero pixka bat kenduz goaz, eta eurek badakite ez dela erraza. Milioi eta erdiko zorra dugu, baina laguntzen digute.

Tarte gozoak edo gaziak, zer egon da gehiago urte hauetan?

Gozoak. Ni oso gustura egon naiz.

Unerik onena?

Gauzarik onena ezagutu dudan jendea da, eta, horregatik, pila bat gozatu nuen LEBetik igo ostean egin genuen afari batean. Mundu guztia zegoen gonbidatuta, eta oso ondo pasatu genuen. Izan genuen gertutasuna, jendea gozatzen ikustea... Egun ederra izan zen, denok merezi genuen unea.

Eta txarrena?

Jaume Ponsarnau kargutik kentzea. Pertsonak oso garrantzitsuak dira niretzat, eta norbait lanik gabe uztea gogorra da. Uda hasiera batzuk ere gogorrak izan dira: hurrengo urtean zer mailatan jokatuko zenuen jakin gabe, LEBen edo ACBn jokatzeko dirua azken segundoan sartu... Azken unera arte jendea konbentzitzen egon behar izatea proiektuan sinets zezan, eta badirudi beti eska eta eska zabiltzala, eta ez da erosoa.

Zertaz zaude harro?

Proiektuan sinetsi izanaz, eta beti posible dela ikusi izanaz.

Damurik? Edo arantzarik?

Damurik ez. Eta arantza... Bada, ez jende gehiago erakarri izana Illunbera. Niretzat okerrena izan da hori. Nire buruhauste nagusia izan da. Jendea erakartzeak asko ematen digu. Hainbeste lan egin, hainbeste ahalegin, eta gero harmailetan 3.000 pertsona ikustea. Bada, tristura sortu dit, batez ere taldearengatik, hiriarengatik..

Gipuzkoak nahi al du ACBko talde bat?

Zaletasuna badago. Hori ezinbestekoa da erreferente izateko. Baina askotan pentsatu izan dut: jendeak nahiko al du? Zer falta zaigu? Jendeari irabaztea gustatzen zaiola argi dago. Galdera hor dago.

Babesleak lortzeko ere komeriak izan dituzue.

Guk 80-90 enpresa ditugu oso fidelak direnak. Ni txundituta nago haien babesarekin. Baina gaur egun, futbola ez den edozein kiroli kostatzen zaio babesleak lortzea. Gipuzkoan maila altuko talde asko daude. Ni askotan egoten naiz IDKrekin, Bera Berarekin, Bidasoarekin... eta denok zalantza bera dugu, zer gehiago egin behar dugu zaleak erakartzeko? Kosta egiten da. ACBn bertan,kanpora bidaiatzen dugunean, ohartzen gara ez garela bakarrak horrela gabiltzanak, pabilioi askotan ikusten duzu jendea falta dela. ACBk ere buelta bat eman behar dio horri.

Asko borrokatu zarete Illunberekin, eta askotan esan duzue ez dela azpiegitura egokia. Duela aste pare bat, PSEk pabiloi berri bat egiteko aukera plazaratu zuen. Zer pentsatua eman dizu?

Nik argi dut Illunbe moldatu behar dela. Zergatik? Illunbe hor dagoelako. Zezen plaza da, orain saskibaloira jokatzeko egokitua, baina adibidez bertan ezin da jokatu eskubaloian. Egokitu egin behar da, eta optimizatu. Diru asko kostatzen zaio udalari, eta ezin duzu hutsik utzi. Begira Buesa Arena nolakoa zen lehen, oker ez banago ganadu feria bat zen, eta bi aldiz egokitu ondoren begira nola dagoen orain.

Esperientziatik, zer egokitzapen egin beharko lirateke?

Madrilgo Wizink Centerren antzeko zerbait. Kirol ezberdinetako probak eta kontzertuak har ditzakeen azpiegitura bat. Donostiak eta Gipuzkoak behar dute horrelako leku bat: kantxa aldatu, aldagelak, aldatu, pista alternatibo bat... lekua soberan dago Illunben. Buruarekin pentsatuz, niretzat hori da aukerarik onena.

Zer pentsatu zenuen PSEk proposaturiko eraikina ikustean?

Orain hauteskundeak datoz, eta egia da gai hori beti hor egon dela, eta bakoitzak bere planteamenduak egin behar dituela. Beste batzuk Gaska aipatu dute. Zail ikusten dut orain gauza berri bat egitea, badagoelako beste bat aurretik. Baina tira, bakoitzak bere aukerak egiten ditu publiko.

Eta GBC LEBera jaisten bada?

Beharra hor egongo da, hurrengo aukera Gaska edo Artaleku delako. Espainiako eskubaloi selekzioa edo beste batzuk etorri direnean ikusi da ez dagoela lekurik. Baina ez bakarrik saskibaloiarentzat, eskubaloiarentzat, pista estaliko kirolarentzat, beste kirolak... baina lekua Illunbe da.

GBC mantenduko al da ACBn?

Baietz uste dut. Une honetan,azken postuan gaude, baina beheko norbait bat beti ateratzen da aurrera. Guk pazientzia izan dugu eta ez gara zoratu. Beste talde batzuek bi entrenatzaile eta zortzi jokalari aldatu dituzte, ez guk bezala. Nik taldea entrenatzen ikusten dut, lanean... Bi garaipen jarraian lortzen baditugu, kontuz.

Jaitsita ere egitasmoak jarraituko luke?

Bai noski! Guk badakigu, ziur asko, igogailu talde horietako bat izango garela urte batzuetan, garai bateko Reala bezala. Baina duela bi urte LEBen geunden, eta jendea oso pozik zegoen. Eta badakigu hobe dela ACBn egotea, baina ez edozein egoeratan.

Aurkez ezazu Ignacio Nuñez presidente berria.

Erantzukizun handiko kargua hartu du, eta eskertzen diot pausoa eman izana. Niri gertatu zitzaidana gertatu zaio. Presidenteordea zarenean badakizu presidentearekin zerbait gertatzen bada zu zoazela hurrengoa zerrendan, eta pausoa bat eman behar duzula. Egia da esan nionean EAJren zerrendan aurkeztuko nintzela, harrituta gelditu zela. Ondo ezagutzen du kluba, beti gurekin elkarlanean egon da, gure pertsona izan da Madrilen, oihartzun gutxi duen lan hori egiten. Azken urteetan ia egunero hitz egin dugu, eta une honetan haize fresko pixka bat ere mesedegarria izan daiteke.

Taldearen irudia izan zara: emakumea, euskalduna, gertukoa... Agian, zentzu horretan galduko du taldeak. Mediatikoa zara.

Mediatikoa? Ez dakit. Beti egongo da norbait. Ni oso gertukoa izan naiz, pertsona bezala ere horrelakoa naizelako.

Emakumea izateak ikusgaitasun handia eman dizu zure agintaldian. Nola bizi izan duzu?

Handia. Oso. Kargua hartu nuenean, niretzat sorpresa izan zen. Ni zezen baten aurrean jarri nintzen kargua hartzean, eta albiste bakarra zen ni emakumea naizela. Shock egoeran gelditu nintzen. Gero konturatu naiz erreferente bihurtzen zarela, eta erakutsi egin behar duzu. Nik esaldi bat dut: «Ikusten ez duzuna, ezin da izan». Atzetik datozen emakume eta neskei nik erakutsi nahi diet posible dela. Amets batzuk badituzte, lor ditzaketela. Emakumeei kostatzen zaigu, eta kirolean gehiago, oso mundu itxia delako, bada aurrera egin dezatela. «Ni gai izango naiz? Nor dago hor? Inork ez du horrelako lanik egin?». Hor emakume bat ikustea oso garrantzitsua da. Postua hartu nuenean konturatu nintzen, zenbat jende deitu ninduen esanez: «Zu erreferente bat zara». Erreferente? Zertan? Bai, emakumea, lidergoa, gizonezko talde batean... Eta gero esaten duzu, bada, bai. Eta aurrera egin behar duzu. Mahai-inguruetatik, hitzaldiak emateko... deitu izan naute eta beti esan dut baietz, garrantzitsua da ikus zaitzatela.

Erantzukizun handiagoa sumatu al duzu emakume izateagatik? Gizonezko bati ez litzaioke galdera hau egingo...

Bai, baina horrela da. Erantzukizuna bainoago, nik konpromiso hitza erabiliko nuke. Konpromiso bat dugu ikusgarritasun hori eduki eta jendeari erakusteko posible dela, batez ere emakumeei.

Matxismorik sumatu al duzu?

Ez, baina sumatzen duzu askori arraroa egiten zaiela zu emakumea izatea, batez ere gizonezko talde batean. Joan nintzen ACBko lehen bilerandenak oso jator tratatu ninduten; baina, nolabait begiratzen ninduten, «ea honek zer esango duen». Eta askotan, palko batera joan, eta konturatzen zara galdetzen dizutela: «Eta zu nor zara?». Eta presidentea zarela esatean, harridura. «A, ACBn badago emakumezko presidenterik?» Bai, badago. Ni ondo tratatua sentitu naiz, baina matxismoa badago, gizartean bertan dagoelako. Piramidea ikusten duzunean, beheko postuetan emakume asko dago lanean, baina goian... Espainia mailan, 66 kirol federazio daude, eta hiruk bakarrik dute emakumezko presidentea. ACBn, adibidez, emakumezko presidente bat, entrenatzaile laguntzaile bat, Ana Montañana Fuenlabradan, eta epaile bat daude bakarrik. Eta ni, banoa. Asko falta da, baina lege berriarekin zerbait aldatuko dela dirudi, eta ni ez naiz kuota zalea, baina beharrezkoak dira. Medikuntzan, esaterako, emakume asko daude, baina tartean meritu objektibo edo oposizio sistemarik ez badago, asko murrizten da kopurua.

Zergatik esan zenion baietz Eneko Goiari?

Ez zitzaidan kostatu baiezkoa ematea. Berarekin hitz egiten nengoenean banekien baietz esango niola. Bere lana ezagutzen nuen, bere lantaldea ere bai, oso ona da. Gertuko pertsona da, maitea du hiria, ez da batere protagonista... Garbi nuen baietz esango niola.

EAJko militantea al zara?

Ez, independente gisa noa.

Imajinatzen zenuen zeure burua udal politikan? Onartu berri duzu ez zarela militantea.

Ez. Nahikoa nuen aurtengo denboraldiarekin, taldean. Eskaini zidan unean nire buruhauste handiena taldea zen. Politikan, baina, uneak uneak dira, eta nik ezin nion esan Enekori [Goia] deitu nazazu lau urte barru.

Zer arlotan ariko zara? Kirol arloan egin duzu lan, abokatua zara ikasketaz...

Pixkanaka, lehenbizi hauteskundeak daude. Nire formakuntza abokatua da, hirigintzan, baina edozer gauza egingo dut gustura.

Orain zu egongo zara mahaiaren beste aldean?

Hala da. Baina ona da beste aldean ere egon izana. Beti politikan sartuta bizi ez izana, eta orain, beste aldean egotean, gauzak beste modu batera ikusiko ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.