Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Zenbat gara

2022ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Hiru kg gora, hamasei like, sei ordu alarmak jotzeko, 3.000 manifestari. Zenbakiei begira bizi gara, guztiaren neurria harrapatu nahian. Gero konparatu, ebatzi, goratu, egurtzeko. Emaitzak nahi dituenak emaitzak neurtzeko zenbakiak behar ditu. Baina ahaztu ere egiten zaigu tarteka, emaitza ez da, ia inoiz, zenbakia bera. Zenbakiak, kasurik onenean, emaitza on edo txarragoaren pista bat ematen digute. Ikus-entzunezkoetan, gainera, neurtzen den horrek neurtzen ez den beste guztia estaltzeko joera arriskutsua du. Are da arriskutsuagoa neurtzeko erabiltzen den modua zalantzagarria bada.

Batetik, telebistako ikusle datuak neurtzeko sistema dago: ausaz hainbat etxetan jarritako aparatuekin osatzen dute lagina, eta bertatik ateratako datu horiekin ordezkatzen dute ikusleria osoaren argazkia. Aditu zenbait tematzen da modu eraginkorra dela esaten. Ni ezezkoan nago. Zenbat eta azpimultzo txikiagoa izan, orduan eta zailagoa da lagin horretan isla esanguratsua izatea: zenbat gazte euskaldun daude, adibidez, lagin horretan? Dauden horiek gehiengoaren joerak ordezkatzeko adina dira? Sistema gaurkotu ez bada, publizitatean oinarritutako negozio eredua kudeatzen dutenak berean eroso daudelako da.

Eta, bestetik, euskarazko hedabideen zein proiektuen diru laguntzetan ezartzen den neurgailua dago. Ari dira, urtez urte eta zorionez, joerak aldatzen, baina, oraindik ere, irizpide erabakigarria da webguneetako ikustaldi edo bisitari kopurua. Ikus-entzunezkoak —baita, gero eta gehiago, idatzizko erreportajeak ere— zuzenean Youtuben, Twitterren edo Instagramen ikusten ditugula jakinda, badu zentzurik horrek? Bideozko proiektu baten arrakasta neur liteke webgunearen datuetan? Edo ez ote dio horrek berak zabalkundeari kalte egiten? Zalantzan jartzeko modukoa da zenbakien diktadura. Badira saioak uzten duten arrastoaren sakontasunagatik neurtu behar direnak —edo sortu dituzten dinamikengatik—, kopurutan neurtutako emaitzengatik baino gehiago. Baina erabakiak zenbakien arabera hartuko badira, ikustaldiak badira proiektu batzuek biziraungo duten edo ez ebatziko duten irizpidea, hil ala bizikoa da neurtzeko modu ahal bezain zintzo eta zehatzak aurkitzea. Hala ez den bitartean, kopuruek argitu baino gehiago nahasi egiten gaituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.