Irujo, Retegi II.a baino hobea?

Zazpi txapel gutxiago irabazi arren, Eratsungoak baino partida bat gutxiago jokatu du Irujok buruz burukoan, eta garaipenen batez besteko hobea du.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Julian Retegik buruz buruko 11 txapel irabazi zituen, eta, adituen ustez, hura da garai modernoko pilotaririk onena. Hamalau final jokatu zituen, 1980 eta 1993 arteko guztiak. Juan Martinez de Irujok hamar urte daramatza profesionaletan, igandekoa buruz buruko zazpigarren finala du, eta lau txapel ditu etxean. Bien uztaren artean alde handia dagoen arren, estatistikoki Iberokoa Retegi baino hobea izan da buruz burukoan. Retegik, guztira, 33 partida jokatu zituen buruz buru, eta 27 irabazi (%81,81). Irujok, berriz, 32 jokatu ditu dagoeneko. Bederatzi urteotan ia Retegik bere ibilbide guztian adina partida jokatu du, eta 27 irabazi ditu (%84,37). Beraz, igandean galtzen badu, berdinduta geldituko dira. Alderatzen hasita, Olaizola II.ak 36 partida jokatu ditu manomanistan, eta 23 irabazi (%63,88).

Irujo eta Retegiren aldeko zaleen arteko tabernako eztabaidak elikatzeko asmoz, txapeldun bakoitzak bere markak defendatzeko argudioak ditu. Retegiren txapelei buruz hitz egitean, finalak bakarrik jokatzen zituela esaten da. Txapelen meritua, agian, ez da hain handia, baina bai estatistikarena, partida bakar hori, ustez, aurkari gogorrenaren aurka jokatzen zuelako. Dena den, egia da aurkaria partidaren bat jokatuta iritsia zela. Irujoren aldekoek, berriz, esango dute txapeldun izan denetan gutxienez hiru partida jokatu dituela. Final-laurdenetan hasita, ordea, teorian Retegik baino aurkari ahulagoak izan ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.