Julen Gabiria.
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI

Emozioa lapurtu digute

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Erabateko ezjakintasun honek guztiz baldintzatzen du futbola ikusteko dudan modua, argi dago. Esate baterako, nik zintzoki uste nuen futbolak eman zezakeen emaitzarik onena justizian oinarritutako emaitza zela; alegia, ez dezala irabazi tranpatan aritu den taldeak, edo karanbola hutsez nagusitu denak, edo joko zikinean aritu denak, edo merezi ez zuenak.

Baina badaude, antza, beste faktore batzuk ere, burutik baino gehiago erraietatik sortzen direnak: VAR izeneko tramankuluak aterarazi nau hibernazio sakonetik; zehazki, teknologia horren inguruan gazte batzuei entzundako iritziek. Euretako gehienak kontra zeuden, sistema dontsuak emozioa lapurtzen digula-eta.

Ni baino gutxiago dakienen bat egongo da bazterretan, eta badaezpadan azalduko diot (Nigeria-Argentina partidan ikusi bainuen trastea martxan): jokalariek protesta egiten dute, epaileak eskua belarrira eramaten du, gero lasterka txikian abiatzen da zelai ertzera, eta han, pantaila batean, berriz ere jokaldia ikusi eta azken erabakia hartzen du. Kito.

Nik justizia espero nuen, bai jolasaren aldetik, bai ikuslearengandik. Aldiz, iruditu zaidana da ikusleak nahiago duela emozioa. Iritzi-artikuluak ere irakurri izan ditut: lehen, epailearen akatsek ematen omen zioten emozioa futbolari, eta gatza eta piperra aste osoko tertuliei; orain, teknologia hain da zehatza, hain da inpartziala, hain da… justua?, ezen ez baitugu emoziorik izango, ez eztabaidarik: justizia besterik ez. Hori bai: minutu pare bateko atzerapenarekin etorritako justizia.

Ziurrenik, futbola ez dut sekula ulertuko. Baina zertarako ulertu futbola, futbolzaleek eragiten didaten harridurarekin hain ondo pasatzen badut?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.