Andoni Imaz.
Donostiako 67. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Erritualaren xarma zuhurra

2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Tentsioa nabari da Sail Ofizialeko pelikula bat ikustetik atera diren bi lagunen artean. Lurrera begira daude, nork esango lehenengo hitza, nork egingo iruzkinik originalena, nork sortuko isiltasunik gozoena. Izan ere, ez da lan makala hitzak aukeratzea: ondo esandako «interesgarria» batek edozein egoera salbatzeko balio du; ausartenarentzat baizik ez da «maisulana»; «ulertezina da hau Sail Ofizialean egotea», esan lezake pipertuenak; «zahartzen ariko naiz, baina...», galtzeko denborarik ez duenak. Gainera, komeni da beti berdinak ez erabiltzea, Ezpeletako piperrak baino gehiago ez errepikatzeko.

Errepikapenez beteta dago, ordea, Donostiako Zinemaldia. Goizeroko ilara, pelikula hasi aurreko txalo jotzea eta ondoren idatzitako txioko traola beti dira berdinak. Errituala errutina bilakatzen da xarma galtzen duenean. Berdin elkarrizketekin: Moriartikoek ehun elkarrizketa eman omen dituzte bost egunean. Egunean hogei aldiz birbobinatu dituzte. Elkarrizketa bakoitzak aurrekoak baino pisu handiagoa du zinemagilearentzat, eta ez da erosoagoa kazetariarentzat. Nola jokatu ehun aldiz galdetu eta erantzun denarekin? Egunero bueltaka dabil jaialdiko makina.

Kanpokoa sartzen da begira, ordea: argia, glamourra. Hitzaren gurpila baino abiadura handiagoan dabil irudiarena. Alfonbra gorrian agerikoa da hori, selfie-ek aspaldi hartu baitzioten aurrea autografoei.

Hori guztia jasotzen dute egunotan jaialdian proiektatzen diren pelikulek ere; egungo bizimoduaren lekuko dira. Bakarrik dago Sara, La hija de un ladrón (Belen Funes) filmeko protagonista: «Ez dit inork deitzen», esaten du. Ahots bidezko mezuen bidez hitz egiten du ingurukoekin. Elkar deitzetik seinalearen ondoren erantzungailuan mezu bat uztera, eta hortik zuzenean erantzungailua erabiltzera. Bakartzeko beste bide bat.

Dena dela, guztia ez da alfonbra gorriaren inguruan gertatzen. Lurpean daude Iban del Campo zinemagilearen Glittering Misfits dokumentaleko protagonistak, «izar undergroundak» dira. Eta lurpeaz ari da Victor Moreno La ciudad oculta filmean, literalki. Hirien ifrentzu ezezaguna erakusten du dokumental horrek, egunerokotasunaren atzean dagoen alde iluna.

Donostiaren azpian ere egongo da beste mundu bat, zinemaldiari eusten dioten zimenduen beste aldean. Zimendu sendoz eraikitako iritziei buruz hitz egitea errepikatzea litzateke, baina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.