Gasteizko ez-jaiak

Ezohiko egun bat Zeledon gabe

Aurten, lehen aldiz, Zeledon ez da San Migel elizako kanpandorretik jaitsi. Sortu zenetik, 1957tik, inoiz ez da bertan behera geratu haren jaitsiera. Andre Maria Zuriaren plaza eta inguruak erabat itxi ditu poliziak txupinazoaren orduan, jendea pilatu ez zedin. Beste modu batera ospatu dute askok eguna.

Andre Maria Zuriaren plaza hesituta egon zen arratsalde osoan zehar, eta erabat itxi zuten ia hiru orduz, jendea pilatu ez zedin. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE.
aitor biain
Gasteiz
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Iruñean uztailaren 6arekin gertatu zen moduan, Gasteizen abuztuaren 4a ere ez da egun arrunt bat. Eta aurtengoa ere ez da hala izan, koronabirusak horretara behartu nahi bazuen ere. Arruntetik deus ez baitu Andre Maria Zuriaren plaza huts batek abuztuaren 4ko arratsaldean. Ezohikoa da 30.000 lagun baino gehiago egon ohi diren tokia erabat hutsik ikustea. Ezohiko egoerak ezohiko neurriak behar zituen, eta plaza hustea izan zen horietako bat. Ez baita jairik aurten hirian, eta atzoko argazkiak ezin hobeto deskribatzen du ohiz kanpoko abuztuaren 4a izan zela atzokoa, erabat aldrebesa izaten ari den urte honetan.

Poliziak sarrera guztiak itxi zituen 16:30ean, eta bertan zen herritar oro kanporatu ia hiru orduz den-dena husteko. Inguruko negozio ugarik itxi egin zuten, eta taberna eta jatetxeek, berriz, terrazak erretiratu behar izan zituzten, udalak hala aginduta. Barruan, halere, bezeroek egoteko aukera izan zuten. Izan ere, askok erreserba egina zuten neurriak iragarri zituztenerako. Virgen Blanca jatetxea, esaterako, leporaino zen arratsaldeko lehen orduan. Aurten jairik ez badago ere, gasteiztar askok baliatu zuten eguna familiarekin edo lagunekin bazkaltzeko.

Maribel Perez erabat hesituta zegoen plazari argazki bat egiten zitzaion sakelakoarekin. «Zerbait historikoa bizitzen ari garen sentsazioa daukat», adierazi zuen, maskara aurpegian egokitzen zuen bitartean. «Urte benetan bitxia da aurtengoa. Pena ere ematen dit egoerak, hala ere. Baina ez dago besterik». Zapi gorria zeraman eskuetan, eta 18:00etako kanpai hotsekin batera jantziko zuela azaldu zuen. «Aurten ez dago festarik, eta oso ongi iruditzen zait. Errespetatu behar ditugu osasun langileak. Zapiarekin haiei keinu bat egitea pentsatu dut. Ama Zuria ere omenduko dut hala».

Suziri festa

Eguna goibel hasi bazen ere, eguzkiak gogor jotzen zuen 17:00etarako, baina Andre Maria Zuriaren plazako giroa tristea zen benetan. Poliziak hartua zuen inguru guztia, eta une hura jaso nahi zuten kazetariak bakarrik ziren San Migel elizako balkoian. Abisua seietarako bost minutu falta zirela etorri zen, ordea. Suziri baten eztanda entzun baitzen bat-batean. Bizilagun ugari atera ziren beren balkoi eta leihoetara, zer gertatuko ere. Urduritasun zantzu batzuk atzeman zitezkeen. Kablerik ez zegoen kanpandorretik behera jarrita, eta musikarik ere ez. Udalak jarritako pankarta batek gogorarazten zuen bakarrik festen atariko eguna zela. «Aurten ez», dio.

18:00etan puntuan, eta kanpai hotsekin batera, suziri batzuen eztanda entzun zen hiri osoan. Ez bat, ez bi, ez hiru: dozena erditik gora entzun ziren arratsalde guztian zehar. Eta danbateko horiekin batera egin zuen eztanda gasteiztarrek barruan zeramaten festa goseak ere. Andre Maria Zuriaren plazako bizilagunek oihu eta txalo artean erantzun baitzieten. Kantuan ere hasi ziren hainbat: «Zeledon, etxe berria egin duk...». Virgen Blanca jatetxeko bezeroak zapiak astintzen hasi ziren, «Gora Gasteiz!» eta «Gora Zeledon!» oihu egiten zuten bitartean. Baina Zeledon ez zen ageri plazan.

Lasaitzera egin zuen giroak berehala, eta, segurtasun neurriak arintzearekin batera, mugimendua berreskuratu zuen plazak 19:00etarako. Alde Zaharrean ere izan zen mugimendurik, halere. Iragarri bezala, Aiztogile kaleko tabernek ez baitzuten itxi, udalak hala egiteko gomendatu arren, eta gazte ugari bertaratu ziren lagunekin garagardo batzuk hartzeko asmoz. Terrazetan eserita zeuden dozenaka kuadrilla maskaratu. Gehienek zapi gorria edo txuri-urdina zeramaten lepoan.

Iosu Perez zen gazte horietako bat. Sentimendu «kontrajarriak» zituela aitortu zuen. «Urte guztia ematen dugu egun honen zain, eta pena da ezin ospatu ahal izatea. Argi dago parrandarik ezin dugula egin, baina lagunekin zerbeza batzuk hartuko ditugu lasai-lasai terraza batean». Ardura ostalariena eta bezeroena dela gogorarazi zuen. «Denoi dagokigu arduraz jokatzea, eta errespetuz ari gara».

Poliziaren presentzia handia zen ordurako Alde Zaharrean. Dozenaka ertzain eta udaltzain ari ziren joan-etorrian, baina ez zen istilurik izan.

Aurreneko aldia

1957an sortu zuten Zeledon, bederatzi gizoneko talde batek. Haien asmoa zen jaiei bultzada berezi bat ematea, eta ordutik, Gasteizko jaien ikur nagusia da. Urtez urte, tradizioa handituz eta moldatuz joan da, aldaketa ugari izan baititu ospakizunak, baina ezerk ez du haren jaitsiera eragotzi azken 63 urteetan. Koronabirusa izan baita katea haustearen lehenengo arrazoia.

Arriskuan izan zen urte bakarra 1976a izan zen. Martxoaren 3ko gertakarien ondorioz, pertsonaia gorpuzten zuen Jose Luis Isasik eta blusen batzordeak uko egin baitzioten jaietan parte hartzeari. Udalak aurrera egitea erabaki zuen, halere, eta Enrique Orive toreatzailea jarri zen pertsonaiaren rolean azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.