Donostiako ez-jaiak

Jaietako oholtzen ereduak

Donostiako Aste Nagusia bertan behera geratu denez, aurten ez dira egingo Donostiako Udalak Saguesen eta Donostiako Piratek kaian antolatzen dituzten kontzertuak. Musikariek ohartarazi dute Saguesen eskaintza erdalduna dela nagusi, eta euskal taldeak Flamenka gunean daudela «erosoen».

Donostiako portuan jartzen dute urtero Donostiako Piratek Flamenka gunea; irudian, Willis Drummond taldearen 2016ko kontzertua. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Donostia
2020ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Herri edo hiri baten jai giroaren adierazlerik bada, hori zalantzarik gabe musika da, eta, batez ere, zuzeneko musika, kontzertuak. Donostiako Aste Nagusian egunero egoten da han eta hemen musika entzuteko aukera, eta, urteen poderioz oholtza batzuk desagertu eta baten bat sortu bada ere, bi gune nagusi izan ohi dituzte musikazaleek Aste Nagusian: Sagues eta La Flamenka. Bietan antolatzen dira kontzertuak, biak dira Donostiako Aste Nagusiko ohiko soinu banda, eta ez batean eta ez bestean ez da oholtzarik izango aurten. Aste Nagusiko egitaraua bertan behera geratu denez, musika emanaldiak ere ez dira egingo aurten. Halere, Donostiako Udalak Abuztua Donostian izeneko egitaraua prestatu du, eta formatu txikian eta segurtasun neurriak tarteko, zenbait kontzertu xume egiten ari da hiriko hainbat txokotan. Donostiako Piratek, ostera, astelehenean egin zuten Setio Pirata Trinitate plazan. Egun bakarreko eskaintza izan zen, eta musika emanaldi bat ere egon zen. Dena den, aurten ez da izango oholtza erraldoirik, argirik, bozgorailurik eta jendez lepo egongo den plazarik Aste Nagusian. Soinu bandarik gabe igaroko da jai astea.

Oraina bizitzeko aukerarik ezean, atzera begira jartzeko aukera izan dute musikariek: zapaldutako oholtza bakoitzean bizi izandakoak oroitu, eta horien inguruan hausnartzeko aukera. Donostiako Aste Nagusiko musika eskaintzaren eredua birpentsatzeko garai egokia izan daitekeela uste du Ines Osinaga musikariak. «Erromantizismoan erori gabe, iruditzen zait oso momentu polita dela atzera begiratzeko eta zalantzan jartzeko hartu ditugun erabakiak eta plaza bakoitzean jotzeak zer esan nahi duen». Osinaga Gose taldeko abeslaria, trikitilaria eta arima izan da urte luzez, eta Donostiako Aste Nagusian hainbat plaza astindutakoa da. Saguesen izan zen 2012an, eta, urtebete geroago, Donostiako Piratek kaian duten La Flamenka gunean jo zuen Gosek. Bi gune nagusietan ez ezik, Goseko kideak gogoan ditu Aste Nagusiko egitarauan txertatutako beste «plaza txikiago batzuk ere». «Lau aldiz jo dugu Donostiako Aste Nagusian, eta laurak izan dira oso ezberdinak. Plaza handia: Sagues; plaza txikia: Kursaal atzeko agertoki batean; Kontxako pasealekuan eguerdian; eta etxeko plaza goxo eta zaindua: La Flamenka gunea». Urteak zehazten ez dakien arren, Osinagak iltzatuta dauzka kontzertu bakoitzak eragin zizkion sentipenak, baita ondoren sortu zaizkion kezka, buruhauste eta gogoetak ere. «Donostiako Piraten kontzertua oso dibertigarria izan zen, etxekoa; eta, aldiz, Sagueseko kontzertuan oso urduri nengoen, seduzitzeko beharra sentitzen nuen, azterketa bat izango balitz bezala».

Gosek bezalaxe, Niña Coyote eta Chico Tornado Donostiako bikoteak Aste Nagusiko bi gune nagusietan eman du kontzertua. Koldo Soret taldeko gitarra jotzaile eta abeslariak ere nabari du aldea Saguesen eta Flamenka gunearen artean. «Saguesekoa 2014an izan zen, hasiberriak ginen, eta hotzagoa izan zela iruditzen zait; kaikoa, berriz, 2017an izan zen, eta gogoan dut oso kontzertu beroa izan zela». Sentsazio ezberdinak bizitzeak agerian uzten du plaza bakoitzak erakartzen eta sustatzen dituela zenbait publiko, eredu eta musika talde zein estilo.

'Mainstream' nagusi

Saguesen egiten diren kontzertuetan milaka lagun sartzen dira, Zurriola hondartzaren parean. Donostiako Udalak antolatzen ditu kontzertuok, eta Aste Nagusiak iraun bitartean egunero egoten dira emanaldiak. Inaxio Esnaola kazetari eta musikazaleak ederkiezagutzen ditu Donostiako festak, eta Saguesen entzun daitekeen musika mota «40 Principales ildoa» dela uste du; hau da, irrati kate espainiarretan entzuten diren talde komertzialak izan ohi direla jaun eta jabe. «Egia da agintaldiaren arabera aldaketaren bat edo beste izan dela: PSEk gobernatu zuen Donostian urte luzez, eta, orduan, Espainiako artista esanguratsuenak zeuden gauero Saguesen; gero, EH Bildu egon zen agintaldi batean, eta nolabait beste muturrera egin zuen salto: euskal taldeen presentzia nabarmen handitu zen, eta agian talka egin zuen Piraten eskaintzarekin».

Orain, berriz, EAJk du Donostiako alkatetza, eta, Esnaolak azaldu duenez, kultura saila ere jeltzaleek kudeatzen dute. Ondorioz, bi ildoen arteko nahasketa bat finkatu da programazioan: «40 Principales ildoa eta Euskal Herriko musika talde ezagunei tartea eskaintzea». Oholtza, oro har, «Espainiara begirakoa» dela baieztatu du Esnaolak, eta euskal taldeen presentzia «kupo» bihurtu dela. «Momentuko euskal talde arrakastatsuena da Saguesen jotzen duena», zehaztu du. Bada, Osinaga ere halaxe sentitu zen Saguesen jo zuenean. «Sentsazioa nuen euskal taldeek demostratu behar dugula Sagues bezalako plaza erraldoi batean jotzeko eskubidea dugula». Musikariak aitortu du sortzaileen artean ere erreparatzen zaiola Saguesen jo duen euskal taldeari, arrakastaren adierazle balitz bezala. «Euskal sortzaileen artean badago estatus moduko bat; Saguesen jotzea dominatxo bat lortzea izango balitz bezala».

Izan ere, urteetan euskal talde ezagun ugarik zapaldu dute Sagueseko oholtza: Berri Txarrak, Esne Beltza, Zea Mays eta Fermin Muguruza, besteak beste. Gozategi ere bertan izan da, birritan. Iñigo Goikoetxea taldeko baxu jotzaileak azaldu duenez, taldearen oso une ezberdinetan izan dira kontzertuak: «Lehena, 1995ean izan zen, eta bigarrena, 25. urteurrenaren harira, 2017an. Azken hori oso berezia izan zen, eta gonbidatu ugari izan genituen: Pirritx eta Porrotx, Fermin Muguruza, Iker Galartza...». Kontzertu «handi» hura pozarren gogoratzen du Goikoetxeak. «Herri txiki bateko giroa sortu zen Saguesen; hori inportantea da gure kulturarentzat eta oholtzan aniztasuna ikus dadin». Goikoetxea ere bat dator Saguesen eredua erdalduna dela, baina, bere ustez, «ulergarria» ere bada hori.«Kultura sailean dabiltzanak nahi dituzte plaza erraldoi horiek jendez gainezka ikusi, eta izen handiko artistak programatu; helburua hori izanda, logikoa iruditzen zait eskaintza». Halere, argi du apustu horrek beste gauza batzuk «galtzea» dakarrela.

Kupoa ala oinarria?

Oholtza berriagoa da kaiko Flamenka gunea, Donostiako Piratek kudeatzen dutena. Aurretik beste saiakera batzuk egon ziren arren, 2003an jaio zen Donostiako Piraten mugimendua, eta, ordutik, portuan ezarri dute jai gunea. Bertan, besteak beste, kontzertu andana antolatzen dituzte, eta Esnaolak adierazi du oinarria beste bat dela. «Donostiako Piraten eskaintza hasieratik izan da alternatiboagoa: saiatu dira beste talde eta estilo batzuei tartea egiten». Esnaolaren hitzetan, eredu hori «interesgarriagoa, erakargarriagoa eta askotarikoa». Kazetariak esan duenez, Euskal Herriko taldeak dira oinarria, eta hasiberriak zein ibilbide luzeko taldeak entzun daitezke oholtzan. Soret bat dator Esnaolaren analisiarekin: «Flamenka gunean aniztasun handiagoa dago, eta hor euskal taldeak dira oinarria; nire ustez, hori da eredu egokia». Halere, uste du gainerako hiriburuetako festekin alderatuta Donostiako Aste Nagusiko giroa «urardotua» dela. «Donostiako Aste Nagusia, orokorrean, postal baten modukoa da, eta oholtzatik ere nabaritzen da hori».

Osinagak ere Piraten mugimenduak jorratutako ildoa goraipatu du: «Plaza seguruak ez dira kasualitatez sortzen, eta konturatu behar gara jai eredu bat bultzatzen ari garela, programatzen dugunaren arabera; jaietako programazioak indar politiko handia du». Eredua etengabe «kuestionatu» beharra dagoela uste du Osinagak, eta Donostiako Piratak badirela hausnarketa horiek egiteko espazio egokia. Ereduak eredu, aurten, ez da oholtzarik muntatu, eta Esnaolak eredu bat proposatu du: «Ibilbide luzekoak eta hasiberriak elkartzea, era horretan publikoak ere talde berriak ezagutu ditzan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.