Merezitako sagardo garai bat

Ostiralean hasiko da sagardotegi sasoia. Inoizko uztarik oparoena izan dute aurten: «Historikoa». Euskal Sagardoaren barruan, 3,5 milioi litro egin dituzte, bertako 250 sagastietako bost milioi kilo sagar erabilita.

Agerraldia. Sagardogileen ordezkaritza zabal bat, atzo, San Telmo museoan. JON URBE / FOKU.
Enekoitz Telleria Sarriegi - Alex Uriarte Atxikallende
Donostia
2022ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
«Merezi genuen hau ere», zioen Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa jatorri izeneko teknikariak, agerraldia hasi baino lehen eguraldiak argazkietarako emandako arnasaldiari buruz. Eta, ordurako, bere mezua ongi ezkontzen ari zen sektorearen leloarekin: «Sagardotegi denboraldia merezi dugulako!». Donostiako San Telmo museoan aurkeztu dute 2022ko sagardo garaia. Han izan dira, Euskal Sagardoa jatorri izeneko ordezkariak ez ezik, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sagardogileen elkarteen eta sagargile elkarteen ordezkariak ere; ezohiko egoera bati aurre egiteko «erronka eta konpromisoa» hartu dute: «Lanerako protokolo zehatzak garatu, eta sagardo berria eta sagardotegiko esperientzia bezeroei modu erakargarri batean dastatzera emateko». Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izeneko koordinatzaileak, Olatz Mitxelena teknikariak eta Oihana Gainzerain Zelaia sagardotegiko arduradunak eman dituzte argibideak.

Ostiralean hasiko da sagardotegi garaia, eta «pixkanaka» joango dira sagardogileak euren ateak irekiz. Aurtengoa ere sasoi «berezia» izango dela iragarri du Oihana Gainzerainek: «Berezia, sagardo berria dastatuko dugulako, eta, egoerak bultzatuta, protokolo bereziak daudelako». Pandemiak, izan ere, protokoloetan «aditu» bihurtu ditu sor-markako teknikariak. Horietako bat da Olatz Mitxelena: «Adituak egin gara protokoloak garatzen, baina baikor gatoz. Izan ditugu gure mugak, baina bezeroak beti ondo erantzun du».

Hilaren 28ra bitartean, Eusko Jaurlaritzaren dekretuak irauten duten bitartean, orain arteko protokoloei eutsiko diete: sagardogileek mahaira eramango dute sagardo berria, pitxer edo botila gardenetan, eta bakoitza bere txarteltxoarekin edo azalpenarekin. Otorduan, mahai bakoitzeko arduraduna pitxerra betetzera ere altxa daiteke, eta sagardogilearen laguntzarekin beteko du taldeak dastatu nahi duen edo sagardogileak gomendatzen duen upeleko sagardoa. «Sagardotegi bakoitzak moldatuko du protokolo hori bere sagardotegiaren ezaugarrietara. Eta, osasun egoeraren arabera, protokoloa bera ere egokituko dugu», iragarri du Mitxelenak.

Dastatze gidatuak

«Bertako bezeroek hala eskatuta» abiarazi dute aurtengo berritasuna: dastatze gidatuak. «Sagardotegian, otorduaz aparte, hainbat ekintza egiteko aukera dugu. Eta dastatze gidatuarena da horietako bat: aukera aparta, sagardogilearen eskutik produktuaren berezitasunen berri izateko», nabarmendu du Mitxelenak.

«Esperientzia» behar du izan sagardotegikoak, eta horretarako «erraztasunak» ematea da arduradunen helburua. Online denda eta otordua egiteko erreserba sistema ere martxan jarri ditu sektoreak. 90 sagardo baino gehiago daude eskura dendan, eta sagardotegian automatikoki mahaia erreserbatzeko aukera ere bai webgune berean: Sagardoa.eus. «Sagardotegia aukeratu, mahaikide kopurua jarri, aurrerapena ordaindu, eta klik batean mahaia erreserbatuta gelditzen da. Deirik egin edo mezurik bidali gabe. Sistema horrek arrakasta handia izan du gure bezeroen artean, eta, aurten, sagardotegi gehiagotan izango da automatikoki erreserbatzeko aukera», aurreratu dute Euskal Sagardoa jatorri izenekoek.

Unai Agirre koordinatzaileak aletu ditu uztari eta sagardoaren ezaugarriei buruzkoak. Esan du sagastiek ez dakitela pandemiez, aurrekoa ez-urtea izan zela, baina oraingoan uzta «historikoa» izan dutela, «inoizko handiena»: Euskal Sagardoa jatorri izenaren barruan, 3,5 milioi litro egin dituzte, bertako 250 sagastietako bost milioi kilo sagar erabilita. Nolakoa? «Gero eta zailagoa da galdera horri erantzutea. Sagardotegi bakoitzak egiten duelako bere sagardoa, dibertsifikaziora jotzen dutelako, eta sagardotegi bakoitzaren barruan ere badirelako sagardo ezberdinak», azpimarratu du Agirrek.

Baina «pintzekin hartuta» bada ere, zerrendatu ditu ezaugarri orokor batzuk: «Iaz baino sagardo arinagoak dira aurten, lurrintsuak eta alkohol graduazio txikixeagoakoak. Uzta handiak direnean, normala izan ohi da hori, eta oraingoa inoizko uztarik handiena izan da».

Sagar urte handia izan delako izan da uzta oparoa —iazkoa halako hiru—, baina sagasti berriak gero eta gehiago direlako ere bai. Agirrek «bereizgarri» hori ere nabarmendu nahi izan du: «Zenbait sagardotegik sagar mota jakineko euskal sagardoak dituzte aukeran aurten: sagar mota bakarrekoak, edo bi, hiru edo lau sagar motaz egindakoak. Sagasti berrien diseinuak, horiek produkzioan sartu izanak eta sektorearen arakatzeko nahiak eragin du hori, eta gero eta gehiago izango dira sagar jakinen izen-abizenak dituzten sagardoak merkatuan. Orain, sagardo berri hori dastatzeko aukera paregabea dago upeletik, mahaian».

Prezioa gora: %10-20

Unai Agirrek gogoratu du duela bost urte sortu zela Euskal Sagardoa jatorri izena, eta haren sorreran —eta aurretik ere bai—, «errentagarritasuna» lortzea izan dela sektorearen helburua. Eta horretan ari direla, «poliki-poliki», baina horretan ari direnean etorri zaiela gainera «inflazio hau guztia». Jakinarazi zuen horren eraginez sagardo botilaren prezioa igo egingo dela aurten: %10 eta %20 bitartean. «Igoera hori ez da kapritxo bat. Sektoreak beharrezkoa du. Sagarrak, beira, kartoia, argindarra... guztia garestitu da, eta sagardoaren prezioak ere gora egingo du ezinbestean, lehendik ere errentagarritasun txikiko produktua izaki, gaur egungo egoerara moldatuz joateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.