Terrazen zabaltzea auzitan

Espazio publikoan egon ohi dira terrazak, pribatizatuta. Izurritearekin, gainera, baimenak eman eta areagotu egin dira. Halere, adituen ustez, eremu horren erabileraz hausnartu behar da.

Baionan terrazak handitzeko baimena eman arren, jada ez dago indarrean. Irudian, Baionako merkatuko plaza. BOB EDME.
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2022ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Espazio publikoa okupatzean, publikoa zen hori jada ez da; pribatizatu egiten da, batik bat negozioak tarteko direnean. Izurritearekin, taberna batzuei terrazak jartzeko edo handitzeko baimenak eman zitzaizkien, plazetan, espaloietan, aparkalekuetan...; egoera normalizatu ahala, gorabeherak izan dituzte, baina zenbait ostalarik lizentziak luzatzearen alde egin dute. Aldiz, espazio publikoaren erabileran adituak direnek uste dute leku horien erabilpenaren gaineko hausnarketa batzuk egin daitezkeela, eremuak leheneratzeko, gizartearen behar eta ahalen arabera.

«Horrelako eremuetan terrazak-eta jartzeak pribatizazioa dakar; espazio publiko nahikoa dagoen tokietan, onuragarria izan daiteke hein batean, baina zenbait gunetan kaltegarria da», adierazi du Koldo Telleria EHUko Arkitektura irakasle eta Dunak taldeko kideak. Hirigintza feministan eta parte hartzailean aritzen den kolektibo bat da, eta uste beretik eutsi dio Izaskun Soto Hiritik At kooperatibako arkitektoak ere: «Terrazek gero eta espazio publiko handiagoa okupatu dute, lehen baino are handiagoa; inbaditu egin dute». Haren arabera, ostalariak «egoera zaurgarri batean» egon direlako onartu dira baimenak, baina erantsi du orain pentsatu egin beharko dela zer neurri hartu behar diren espazioaren bueltan; hain justu, badituzte proposamenak, lurralde antolamenduan aritzen baita Hiritik At ere, tokiko parte hartzearekin.

Ostalaritza zerbitzuei bultzada bat emateko onartu zituzten Euskal Herriko udal gehienek ere baimenak; tartean, hiriburuetakoak. Bilbon, Iruñean, Baionan eta Donostian terrazak jartzeko eta handitzeko lizentziak eman ziren, COVID-19 terrazak izenpean gehientsuenak, eta oraindik ere indarrean daude, Baionan izan ezik. Gasteizen ez zen aparteko baimenik eman, «ez bada tarte batean salbuespen batzuk egin zirelako», bertako udalaren arabera; besteak beste, terraza batzuen metro karratuak handitu zituzten. Dena den, egoeraz jabetuta, ordenantza aldatzen dabiltza, eta Donostian nola egokitu daitekeen ari dira aztertzen.

Bada, ostalari batzuen eskaera baimen horiek luzatzea da, Kino Martinez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiaren arabera behintzat. Haren hitzetan, pandemiako erabakiek eragina dute oraindik ere beraiengan, eta herritarren kontsumo ohiturak ez ezik, erlazionatzeko erak ere ez dira berdinak. «Egoera sozial horretan, ostalaritzako terrazek protagonismo handiagoa behar dute, barruko espazioek ere erakargarritasuna galdu baitute». Uste du terrazak «beharrezko elementuak» direla sozializatzeko, baina ez hori bakarrik: «Enplegua sortzen dute, eta garrantzitsua da jarduera ekonomikorako ere; ukaezina da». Hori erdiesteko, aldarrikatu du egungo araudiak berraztertu beharko liratekeela, «terrazen zerbitzu hobeago bat» ahalbidetzeko.

Nola eta norentzat

Hala ere, espazio publikoan adituak direnek eremu horren erabileraren inguruko beste alderdi batzuk jarri dituzte mahai gainean, gogoetari ere bide emateko asmoz: nola eta norentzat dauden eginak.

Donostiako Parte Zaharreko adibide batekin ekin dio galdera hori erantzuteari Telleriak. «Badago jende kopuru bat, batik bat adineko emakumeez osatua, etxean bakarrik bizi dena, eta medikuarengana joateko bostehun metro ibili behar duena, baina ez du banku bakar bat ere esertzeko; aukera hori izateko, ordaindu egin beharra dago». Uste du horrek «zalantzak» sortu beharko lituzkeela gizartean, eta Hiritik At kolektiboko Maialen Arregik ere, bide beretik, erantsi du: «Interesgarria litzateke espazio publikoan dauden eserleku publikoen eta pribatuen arteko alderaketa bat egitea».

Eta nahi hori egia bihurtu da dagoeneko, EHUko irakasleak baitu erantzuna. Ikerketa bat egin zuen ikasleekin, Donostiako espazio hori lagintzat hartuta, eta ondorioztatu zuten toki horretan esertzeko zeuden aukeren %75 ordainpekoak zirela; alegia, soilik %25 lirateke publikoak. «Petrilak-eta jartzeko propio pentsatutako lekuak hartu genituen kontuan, eta dena zegoen periferian, ertzetan; ez dago horrelakorik erdigunean». Taberna gehienak pilatzen diren tokietan ez dago eserleku publikorik, eta ondorioztatu du horrek arrisku bat dakarrela: «Segregazio sozial itzela, eta jende mota bakar bat egotea hiriguneetako zentroetan».

Terrazak eta espazio publikoen falta, beraz, muga dira pertsona batzuentzat. Hiritik At-eko kideek gogoan izan dute kontsumitzeko baliabiderik ez dutenen egoera, eta, tartean, baita gazteena ere. «Eragin dezake agian gazteak lehenago hastea kontsumitzen, hiriak ez dielako eskaintzen bestelako espaziorik», nabarmendu du Arregik. Eta proiektu-kideak haurren egoera aipatu du, jolaserako aukerak mugatzen direla ohartarazita. «Terraza bat egonez gero, ezingo da, adibidez, baloiarekin jolastu».

Begirada aldatu

Horretaz jabetuta, eta espazio publikoa «denon artean ordaindutako eremu bat izaki», denentzat beharko lukeela nabarmendu du EHUko irakasleak, publikoa pribatuari gailendu beharko litzaiokeela, hala izan ezean «elite batzuentzako» espazioak sortzen direlako. Herritarren eguneroko bizitza erraztuko duen espazio publiko baten aldeko hautua egin du, eta Sotok gehitu du horretarako posible litzatekeela udal batzuek ordenantzak berrikustea eta, halakorik ezean, herritarren eta ostalarien arteko elkarrizketa sustatzea. Dena den, ohartarazpen bat egin du: «Begiratu beharko litzatekeena da ea derrigorrez bideratu behar den espazio horien erabilera kontsumora». Uste baitu ez dela hausnartu zer gelditzen den kontsumo espazio horretatik kanpo.

Telleriak ere terrazetatik harago beste ikuspegi batzuk gogoan izan beharraz hausnartu du, izurriteak irakaspen ugari utzi dituela gaineratuta. Besteak beste, azaldu du terrazak aparkalekuetan ezarri behar izan direnean ikusi dela autoak kendu egin behar direla hirietatik jendeak kalean egon nahi badu, eta, hortaz, espazio publiko gehiago behar dela. Beraz, terrazen debate berean sartuko luke autoena ere, begirada aldaketa baten beharraz hitz eginda: «Eztabaida terrazetan uzteak berriro ere eramaten gaitu produkzioan pentsatzera, baina zer jartzen da erdigunean? Pertsonen ongizatea edo diru iturria eta diru maila?».

EHUko irakaslearen arabera, gizartean planteatu beharko litzateke, esate baterako, zer beste eremutan eskaintzen den publikoki eta doan terrazetan diru truke ordaintzen den zerbitzu bera. «Hirigintzan eta espazio publikoan elkar zaintzeko lekuak ere behar ditugu, eta hartu-emanerako aukera irekiak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.