Donostiako 67. Zinemaldia. KRITIKA. Perlak

Denak ez du balio

DONOSTIAKO ZINEMALDIA.
Uxue Arzelus Lasa.
2019ko irailaren 21a
00:00
Entzun

'Ema'

Zuzendaria: Pablo Larrain. Herrialdea: Txile.Iraupena: 102 minutu.

Ema emakume gaztea da. Dantzaria. Oldartsua. Hamabi urte zaharragoa den bere dantza konpainiako koreografoarekin ezkonduta dago Ema. Egoera mingarri bat jasan duela ezagutuko dugu.

Bisualki indarra duen proposamena dakarkigu Pablo Larrain txiletarrak. Protagonista dantzaria dela aitzakia hartuz, zenbaitetan bideoklip tankera duten eszenaz bete du filma. Mugimendu, kolore, argi eta itzalez beteriko eszenak. Erritmoa ere egoki mantentzen du zuzendariak; muntatzeak eta istorioaren garapenak ikuslegoaren atentzioa mantentzen laguntzen dute eta maiz errepikatzen dituen pertsonaien lehen planoek, ia kamerari begira daudela diruditen plano horiek, indarra ematen diote kontakizunari.

Istorioa bera eta, bereziki, ematen duen emakumeen irudia dira oker daudenak. Ahalduntze prozesu baten aurrean gaudela saldu nahi digu filmak, Emak bere bizitzaren agintea hartzeko bidaia bat hasiko duela eta feminitatetik eta sororitatetik haren burua topatuko duela. Emaitza? Nahi duena lortzeko bere gorputza eta batez ere sexua erabiltzen dituen bere senean ez dagoen emakume kapritxoso baten istorioa. Gorrotoa eta lastima eragiten dituen emakumea.

Orokorrean filmean azaltzen diren emakume denek dute desoreka emozionala, haien ezaugarri nagusia izango balitz bezala. Bost minutu irauten dituen eta garrantzi gehiegi ez duen eszena bateko pertsonaia batek, une hartan ezagutzen dugun eta berriro ikusiko ez dugun emakume batek, barre artean dio: «Bipolarrra naiz». Filmari umore puntu bat gehitu nahi dion eszena anekdotiko bat izan liteke, baina ordura arte ikusitako guztia ikusita, oso adierazgarria da.

Filmaren gidoiaren atzean hiru gizonezko daude. Zuzendaria gizonezkoa da. Baita argazki zuzendaria eta muntatzailea ere. Ez dakit intentzioa ona zen, benetan asmo onez sortutako istorio bat ote den, baina emaitzak, behintzat, hotzikarak eragin dizkit.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.