itziar ugarte irizar
Donostiako 67. Zinemaldia. VOYEUR ENEA

Hitzak, hezurrak zakurrentzat

2019ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Jerome Debney margolariak The Burt Orange Heresy izena jartzen dio koadro bati, izen bereko pelikulan. Ez daki zer esan nahi duen, baina badaki goxoki bat izango dela kritikarientzat, hezurra zakurrentzat.

Aspaldi ez nuela hainbeste jende inguruan ikusten egunkaria paperean irakurtzen. Eta usaina, Zinemaldiko lehen orduko emanaldietan tinta usaina dago, benetakoa, eztarria lehortzen duen hori. Milioika hitz idatziko ziren egunotan duela astebete hasi zen eta bihar argiak itzaliko dituen honetaz guztiaz. Pelikulen inguruan, egileen inguruan, egiteko moduen inguruan, gauza askoren inguruan. Hitzak, hitzak, hitzak. Milioika hitz. Eta Barbara Lennie aktorearen goiburua horien artean: «Zinema pentsamendurako leku bat da». Eta Jean-Gabriel Perotek dio: «Zinema hitza emateko modu bat da»

Esan diren eta idatzi diren hitz horien guztien artean, pentsamenduaren destilazio horretan guztian, moztu —edo pantaila kaptura bat egin— eta gordetzeko asko egongo da. Grabagailuaren bi aldeetako ahotsak saiatzen dira horrela izan dadin. Baina gero hor zaude, hitzen malabarean, Maria Cristina hoteleko terrazan, eta errealitatea erditik sartzen ari dela sentitzen duzu, alboko kaletik oihuak, txistuak, erresidentzietako langileak datozela entzutean.

Perotek ariketa interesgarri bat egin du Nos défaites lan berrian, Frantziako institutu bateko batxilergoko ikasleekin: 1970eko hamarkadako zinema militantearen hainbat eszena hartu, gazteak horiek berrinterpretatzen jarri, eta eszenetan ageri diren hainbat gairen inguruan galdetu die banaka-banaka: eurentzat politika zer den, iraultza zer den, zer zoriontasuna. Horra arte dena normal. Proiektuarekin hartutako konpromisoa betetzen ari ziren gazteak, baina listo, aparteko lilurarik gabe. Errealitatea tartean sartu zen arte: Poliziak protestan zebiltzan bigarren hezkuntzako ikasle batzuk atxiki zituen gertuko herri batean, eta irudi horiek ere filmean berreraikitzea erabaki zuen zuzendariak, gazteak jazarritako ikasleen rolean jarrita. Orduan egin zuten filma bere ikusleek. Eta ondorio bat atera zuen egileak: «Hamarkadak egon gaitezke hizketan, politikaz —zinemaz—; baina argi dago: ezerk ez du ekintza ordezkatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.