Mito klasikoen arte zeharkaldia

Mitologia klasikoa artearen historian nola landu izan den aztertzen du 'Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak' erakusketak, Donostiako San Telmo museoan. 50 artelan bildu dituzte
Theodoor van Thuldenen <em>Apolo Dafneren atzetik</em> obra, XVII. mendekoa.
Theodoor van Thuldenen Apolo Dafneren atzetik obra, XVII. mendekoa. LA CAIXA

Itziar Ugarte Irizar -

2018ko uztailak 7
«Denok gara mitologia greko-latindar honen oinordekoak. Identitate europarra, Mendebaldeko kulturaren bilakaera eta partekatzen ditugun hainbat balio markatzen ditu». Arteak mende luzez irudikatu du mitologia klasikoaren unibertsoa. Mende luzez egin du hala gizakiak, bere jatorria ez ahazteko, Ignasi Miro La Caixa Fundazio Bankarioaren Kultura Zuzendariaren arabera: «Nondik gatozen eta nortzuk garen etengabe gogoan hartzeko beharragatik agertzen da mitoa etengabe». Jainko klasikoen kontakizunak biltzen ditu mitoak, eta artearen historian izen handiko artistek egindako irudikapen horiei leiho zabal bat ireki die Donostiako San Telmo museoak Artea eta mitoa. Pradoko jainkoak erakusketan. Madrilgo Prado museoak eta La Caixa Gizarte Ekintzak antolatu dute, eta, besteak beste, Francisco de Zurbaranen, Jose de Riberaren, Petri Paulo Rubensen, Michel-Ange Houassen, Francesco Albaniren, Corrado Giaquintoren eta Leone Leoniren lanak biltzen ditu. Gaur ireki dute erakusketa, eta urriaren 28ra arte ikusi ahalko da.

50 lan biltzen ditu guztira: 31 margolan, 17 eskultura eta dekorazioko bi domina. K.a I. mendearen erdialdetik XVIII. mendearen amaiera bitartekoak dira, denak Prado museoarenak, eta mitologia klasikotik «ibilbide tematiko zein kronologiko zabal bat» egiteko aukera ematen dute, Fernando Perez komisarioaren esanetan. «Mito hauek gure kulturaren, tradizioaren eta iraganaren parte dira ezinbestean», azpimarratu du. Zortzi ataletan antolatu dute erakusketa, ez modu kronologikoan, mito klasikoen aspektu ezberdinen arabera baizik.

Historia bat kontatzeko. Izen hori eman diote lehen atalari, eta Perezek nabarmendu du pertsonaia jainkotiarren pasadizoak jaso zituzten autore klasikoei eginiko omenaldi bat dela. Homeroren eskultura batek egiten dio harrera bisitariari: «Bera da, modu sinbolikoan, erakusketaren gidaria». Olinpoko jainkoek hartzen dute ondorengo atala, zeinak zuhaitz genealogiko batean jarri dituzten, Zeus guztien erdian. Venusen, Jupiterren, Apoloren, Marteren, Hermesen eta Atenearen eskultura bana jarri dute, marmolezkoak ia denak. «Gure gainetik dauden izakiak dira, zeruko Olinpoan bizi direnak, baina lurrera jaisten direnak gizakiekin harremanetan jartzera». Komisarioak jainko greko eta erromatarren itxura «antropomorfikoa» seinalatu du , haien ezaugarri bereizgarri gisa.«Giza itxura horrek beste kultura batzuetako jainkoak baino gertukoagoak egiten ditu».

Jainkoen ondotik, erakusketak «espiritu libreak» aurkezten ditu: ninfak, jainkosak, musak, satiroak... «Konnotazio berezia duten izakiak dira; ez jainkotiarrak, baina jainkoei oso lotuta daudenak».

Maitasunetik zigorrera

Mitoetako pertsonaiak aurkeztuta, erakusketa «istorioak kontatzen» hasten da. Maitasunean harilkatutako pasadizoak biltzen ditu Maitasuna, desira eta pasioa atalak. Kontakizun tragikoak, bortxaketak, bat-bateko maitemin istorioak, jainkoen eta gizakien arteko harremanak. Mito horiek irudikatzen dituztenen artean dago Jan Cossiersek XVII.mendean margotutako Nartziso lana. «Uretako bere islarekin maitemintzen da, eta hari begira geratzen da, hil arte. Izen bereko lore batean antzaldatzen da gero».

Jainko klasikoek ez zuten onartzen inork haien lepotik barre egiterik, eta «modu gogor eta erradikalean» zigortzen zuten, Perezen arabera. Hutsegiteak eta zigorrak atalak biltzen du ideia hori, eta komisarioak Jose de Riberaren Tizio koadroa azpimarratu du lanen artetik, non hanka eta eskuak loturik dagoen izaki bat ageri den lurrean, hegazti harrapari batek saihetsean eraso egiten diola. Jainko klasikoen zigorrik ohikoena, baina, erruduntzat jotakoa beste izaki batean «antzaldatzea» zen, eta horrek ematen dio bide hurrengo atalari. «Atal bakoitzeko azken lanak hurrengoari sarrera egitea izan da asmoa», argitu du Perezek.

Jainkoen eta gizakien itxuraldatzeak. «Atalik ederrenetakoa da hau», esan du komisarioak. Bertan dago erakusketaren kartelera eraman duten obra: Apolo Dafneren atzetik, XVII.mendekoa. Mitoaren arabera, Apolok urrezko gezi bat bota zion Dafne ninfari, eta kolpetik maitemindu zen harekin. Dafnek, aldiz, berunezko gezi bat jaso zuen, eta horrek Apoloren kontrako erabateko arbuioa sentiarazi zion. Hark, baina, atzetik jarraitu zion, atsedenik eman gabe, eta Dafne, harrapa dezan baino lehentxeago, ereinotz bihurtzen da. Ereinotz arbola bihurtzen da, hala, Apoloren sinboloa, haren adarrekin buruan koroa bat eginda.

Aldamenean, antzeko kontakizuna jasotzen du Pan eta Siringa marmolezko eskulturak, Pan jainkoa Siringa ninfa esesten ageri baita.

Zeruan hasi eta lurrean buka

Erakusketak, Olinpoan hasi, eta lurrerantz egiten du bidea, mito klasikoetan funtsezko rola izan zuten heroietarantz. Hilkorrak ziren, jainkoak ez bezala, eta Heroiak atalak haietako hiruren istorioa jasotzen du. Akiles da aurrenekoa, Iliadako protagonista. Troiako gerran hartu zuen parte, eta orpoan gezi batek jota hil zen. Kiron zentauroak hezi zuen, eta haren mitoa lantzen du Sebastian Concaren Akilesen heziketa koadroak. Perezentzat, Pertseo da Greziakoen arteko beste heroi handi bat. Medusa gorgonari burua moztea izan zen haren balentria nagusia. Medusak zuzen begiratzen ziona harri bihurtzeko ahala zuen, eta haren eskultura bat jaso dute erakusketan.

Hirugarrena, Herkules. Edo Herakles, izen grekoz, «heroi klasiko nagusia». Seme-alabak erail ostean, «Herkulesen hamabi lanak» egin behar ditu: besteak beste, infernutik atera beharko du Zerbero, hiru buruko zakurra. Francisco de Zurbaranen Herkules eta Zerbero koadroak jasotzen du kontakizun hori.

Troiako gerrak ixten du erakusketa. Olinpoko jainkoak lurrera jaitsi, eta batzuk grekoen alde eta besteak troiarren alde egin zuten guda; ordukoak jasotzen dituzte Francesco Albaniren Parisen epaiketa, Juan de la Corteren Helenaren bahiketa eta Corrado Giaquintoren Ifigeniaren sakrifizioa margolanek. Troiako sutea irudikatzen duen Francisco Collantesen margolana da denetan azkena. Troiako zaldi entzutetsua ageri da erdian, eta Troiako Eneas ertz batetik ihesi ageri da. Perez: «Laziora helduko da handik, eta beste hiri bat eratuko du, beste kultura bat: Erroma».

Erakusketaren antolatzaileek gogora ekarri dute orain ikusgai jarritako lanak«erreserbatutako eremuetan» egon izan direla historikoki, «klabe katolikoetan egindako interpretaziotik». Halere, mito klasikoen mundua beti egon da presente, Perezek azaldu duenez: «Inoiz ez da desagertu gure bizitzetatik».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna