Gasteizko ez-jaiak

Koronabirusak itzali ditu jaiak

Hasieran egoerari egokitutako ekintzak iragarri baziren ere, aurten ez da Andre Mari Zuriaren jairik izango Gasteizen. Blusa eta Nesken Batzordeak ere bertan behera utzi du egitarau guztia. Ostalariak kezkatuta daude, eta gaur arratsaldean ez dituzte negozioak itxiko. Protokolo bat eskatu diote udalari.

Andre Maria Zuriaren plaza, atzo. Gaur arratsalderako, segurtasun neurri bereziak hartuko dituzte. BERRIA.
jone arruabarrena
Gasteiz
2020ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Zeledonen jaitsiera ikusteko lekua non hartu pentsatzen ibiliko lirateke ho- nezkero gasteiztarrak sasoi honetan. Baina aurten, Zeledonek, aterkia itxi, eta maskararekin ordezkatu du. Gasteiztarrek ere bat egin dute harekin azkenean, eta ez da ospakizunik izango. Koronabirusak itzal egin baitie festak ospatzeko nahi eta asmo guztiei. Lehen aldia da, gainera, festak ofizialki bertan behera geratzen direla.

Izan ere, gasteiztarrek esperantza izpiren bat izan zuten maiatzean, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak «formatu txikiko» ekitaldi batzuk egingo zirela iragarribaitzuen. Ekitaldi horietako bat txupinazoa zen, hain zuzen. Jende pilaketarik ez sortzearren ohi bezala egingo ez bazen ere, osasun langileak omentzeko suziria botako zuela iragarri zuen udalak. «Kutsu sinbolikoa» izango zuen txupinazoak, Estibaliz Canto Gasteizko Kultura zinegotziak azaldu zuenez, eta aurreratu zuen Zeledonen jaitsierarik gabe eta toki ezkutu batetik jaurtiko zutela. Azkenean, halere, ez Andre Maria Zuriaren plazan, ez beste inon: ekitaldi oro bertan behera utzi du udalak. Horren ordez, segurtasun neurri zorrotzak hartu dira: Andre Maria Zuriaren plaza eta Plaza Berria itxita egongo dira gaur16:30etik 19:00ak arte, eta polizia lerro bat ere ezarriko da sarbide guztiak ixteko.

Horrez gain, tabernei ixteko aholkatu die udalak ordu tarte horretan. Izan ere, festei eta tabernetak zein aisialdiko jarduerei egotzi zaizkie azkenaldian birusak izan dituen agerraldiak. Jaien atarian, hain zuzen, egoera nabarmen okertu da Gasteizen. Kutsatutakoen kopuruak gora egin du, eta Alde Zaharrean ere taberna bat itxi behar izan dute, langile batek positibo eman duelako. Aiztogile kaleko tabernariak, hala ere, ez datoz bat udalaren aginduarekin, eta negozioak zabalik mantentzearen alde agertu dira. Ohar bidez azaldu dute hasieratik «arduraz» jokatu dutela, eta aldarrikatu dute «COVID-19a gelditzeko lanetan parte aktiboa» izan direla, «bezeroak informatuz eta kontzientziatuz». Udalak ezarritako murrizketak beste inon baino «zorrotzagoak» direla salatu dute, eta, ondorioz lanpostu asko «kolokan» egon daitezkeela ere ohartarazi dute. «Zalantzarik gabe, geure bizitzako abagunerik okerrenean gaude, eta, orain arte, ez dugu inolako laguntzarik jaso». Hori horrela, jairik egongo ez den arren, herritarrei bertaratzeko gonbidapena egin diete.

Akordiorik lortu ezean, udalak adierazi du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak agindutako neurriak bete beharko direla: alegia, 01:30erako itxi beharko dituzte tabernak, eta ezingo dituzte 06:00ak aurretik zabaldu.

Kezka orokortua

Jaiei begira, ordea, ezjakintasuna da nagusi tabernarien artean. Udalaren aldetik protokolo zehatz baten falta salatu dute, baita informazio kanpaina baten beharra ere. Adierazi dute, hain zuzen, beraiek egin dutela lan hori azken asteetan: afixak jarri dituzte, eta bezeroei informazioa eman diete. Zer egingo du jendeak? Hori da galdera nagusia orain. Kezka horrekin da, esaterako, Hala Bedi tabernako Irune Tobajas: «Ez daukagu batere argi zer gertatuko den; beldura gara zenbat jende sartuko den, eta une oro zenbatzen ibili beharko dugu».

Tobajasen arabera, ezjakintasun horrek tabernarien lanaren antolaketan ere eragingo du, ez baitakite zenbat langile beharko dituzten egun bakoitzerako, eztazenbateko eskariak egin beharko dizkieten ere hornitzaileei: «Horrez gain, jendea etortzen bada ere, edukiera jakin bat izan behar dugu. Baina dena suposizio bat baino ez da». Ziurgabetasun egoera horrek eta jaiak bertan behera uzteak, gainera, urteko diru sarrerarik garrantzitsuenetako bat nabarmen jaistea ekarriko du, Tobajasen hitzetan.

Tabernariak iritzi dio, hala ere, nahiago duela eguneko giroaren alde egin, horrek, segurtasunari begira, onurak ekarriko dizkielakoan. Bat dator Parral tabernako In?igo Ortiz ere. Haren arabera, horrek langileen estresak gora egitea eragotz lezake. Ortizek, behintzat, ez du jende askorik espero, eta aterako direnak kontzientziatuago aterako direla uste du. «Ostalariak arduratuko gara gure esku dagoen guztia egiteaz».

Hala ere, jende pilaketarik sortuko balitz, hartu beharreko neurrien artean Ortizek nahiago du kaleen edukiera mugatzearenalde egin: «Kaleen edukiera murriztu, kaleak itxi edo tabernak itxi, ez dago beste aukerarik. Eta nik nahiago dut kaleen edukiera murriztea».

Blusa eta Neskarik ez

Blusa eta Nesken kuadrillarik ere ez da izango aurten. Duela aste batzuk ekitaldi gutxi batzuk mantenduko zirela iragarri zuten arren, azkenean ezin izan diote egitarauari eutsi. Hala ere, Sergio Gonzalez Blusa eta Nesken Batzordeko lehendakariak erantzukizunez jokatu behar dela ohartarazi du: «Tristea da, jende asko ari baita urte guztian jaiak prestatzen. Baina hartu beharreko erabaki bat zen, eta, nire ustez, erabaki zuzena izan da».

Gonzalezek, hala ere, udalaren jarrera gaitzetsi du. Blusa eta Nesken Batzordeko lehendakariak esan du udal gobernua «itzulinguruka» ibili dela. «Jaiak ezeztatzea hartu beharreko erabaki bat zen, baina gauzak egiteko modua ez da egokiena izan. Duela gutxi jakinarazi zizkiguten neurriak, baina askoz lehenago emateko aukera izan dute. Joan-etorrian ibili dira, eta hori jendeak ez du batere ondo hartu».

Ekitaldi nagusiak alde batera utziko ditu batzordeak, baina Gasteizko gainerako eragile eta ostalarientzat egoerak dakartzan ondorioez jabetuta, haien aldeko keinuak egingo dituzte: «Elkartasunezko keinu batzuk egiten saiatuko gara. Adibidez, pin batzuk jarriko ditugu salgai. ostalariei laguntzeko asmoz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.